En direct

Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren baitan ateratako epaien jarioa gelditu eta euskarak administrazioan urratsak ematen jarrai dezan, emendakin bana aurkeztuta daukate EH Bilduk eta EAJk Eusko Legebiltzarrean. Bada, bi alderdiek euren negoziazioak diskrezioz egingo dituztela jakinarazi duten egun berean, orain arte gutxi aipatu den agertoki bati erreferentzia egin dio Iñigo Urrutia Zuzenbidean doktoreak «iruditzen zait egon litekeela biderik bi proposamenak uztartzeko».
Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeak bi egunez hartutako Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketaren hemezortzigarren edizioko hizlarietako bat izan da Justizia Soziolinguistikoaren EHUko katedrako zuzendari ere baden Urrutiak. NAIZ Irratiari azaldu dionez, badira ezberdintasun esanguratsuak EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako emendakinen artean. Jeltzaleen proposamenak «planteatzen duena da hizkuntza eskakizunen data atzeratzea», Urrutiaren arabera, «deialdi publiko guztietan egon daitezela hizkuntza eskakizunik gabeko lanpostuak». Urrutiak iradoki duenez gainera, sistema hori martxan jartzeko, «lege aldaketarik ez da behar».
Subiranisten proposamenak berriz, «sistema iraultzea» du oinarrian Urrutiak dionez, eta «aurrerantzean arau nagusia izan dadila bi hizkuntza ofizialak nahitaezko izatea funtzio publikoan sartzeko». Lekuan lekuko egoera soziolinguistikoari egokitako «salbuespen» sistema litzateke proposamen honen «gakoa».
Proposamen batek bestearekin hainbat alorretan bat egin dezakeela berretsiz, Urrutiak nabarmendu du, modu batean ala bestean, aldaketa bat behar dela. «Iruditzen zait benetan gai garrantzitsua dela, segurtasun juridikoa eman behar zaie udalerriei. Egoera honetatik aterabide bat topatu behar da», adierazi du Iñigo Urrutiak Justizia Soziolinguistikoaren EHUko katedrako zuzendariak.



