En direct
«Negoziazio erreal baterako agertokia zabaltzea nahi dugu»
Pasa den astean, Tubos Reunidosen greba mugagabea bertan behera uztearen arrazoiak azaldu ditu LAB sindikatuko Oier Bidaurrazagak: «Lanerako eta enpresa salbatzeko prest gaude, baina borrokari lotuta jarraituko dugu». Herritarrek, harrera «hunkigarria» eskaini diete lanera bueltatu diren egunean.
«Negoziazio erreal baterako agertokia zabaltzea nahi dugu»

Astelehen honetatik (maiatzak 18) aurrera plantilla osoa bueltatu da lanera Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian, ESK, LAB eta ELA sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak greba mugagabea bertan behera uztea erabaki ostean. «Negoziazio erreal baterako agertokia zabaltzea nahi dugu», azaldu du enpresa batzordeko eta LAB sindikatuko ordezkari Oier Bidaurrazagak. «Enpresarekin azken bilera martxoaren 13an eduki genuen. Hortik aurrera, hainbatetan helarazi diegu bilera bat egin nahi genuela. Ez dugu bilera horren berririk izan, soilik esateko hartzekodunen konkurtsoan sartu zutela esateko», gaineratu du.
Kexu agertu da langileen izenean Bidaurrazaga, enpresako zuzendaritzaren aldetik eman den informazio eskasagatik, kasu batzuetan esku artean zeukaten informazioarekiko zalantzak edukitzeraino. Hartzekodunen leihaketan sartu baino bi egun lehenago zehaztu zieten, esaterako, ez zutela horrenen inguruko berririk. «Zuzendaritza honen gardentasuna izan da hutsaren hurrengoa», salatu du Bidaurrazagak.
Enpresako zuzendaritzak emandako azalpen eztabaidagarrien artean, hainbat iturrik zalantzan jarri dute hilabete honetan bertan langileen nominak ordaintzeko Tubos Reunidosek izango duen ahalmena. «Beldurra sartzeko agertoki batean izan dira (adierazpenok). Ez dakigu zehatz mehatz nola dagoen enpresako kutxa. Badakigu EEE hau ezin duela enpresak eraman aurrera, dirurik ez duelako eta horrela frogatu da».
Dena den, hartzekodunen lehiaketarekin «fase berri bat» bat zabaldu dela sinetsita, jarrera eraikitzailearekin agertu nahi dute langileek. Euren ekarpena egiteko borondatea agertu du enpresa batzordeko ordezkariak, bere eskubideen defentsari eutsiz. «Mezu bat helarazi nahi diogu lehiaketa administratzaileari. Lanerako eta enpresa salbatzeko prest gaude, baina borrokari lotuta jarraituko dugu». Zentzu honetan, greba mugagabea gelditu den arren, lanuzteek jarraitzen dutela ekarri du gogora Bidaurrazagak; «hilabete honetako 26 eta 28an 24 orduko grebak deituta ditugu». Borroka egun horietan, «amorrua helarazi nahi dugu».
Kudeaketa arduratsua
Lanera itzuli diren egunean Aiaraldeako Greba Batzordeak harrera «beroa» eta «hunkigarria» eskaini die lanera bueltatu diren beharginei. Izan ere, arabar eskualdeko industriak hainbat kolpe jaso ditu azken urteetan, eskualde osoaren etorkizuna kolokan jarriz. Guardian, Glavista edota Maderas de Llodio dira horren lekuko, eta aurretik, planteatutako EEEa geldiaraztea lortu zuten Tubacexeko langileak.
Hartzekodunen lehiaketak aukera eman dezake SEPI funtsak Tubos Reunidosek duen zor handia berregituratu dezan. Baina zorraren kitatze bat baliagarria izan daitekeela ukatu gabe, funts publikoak jaso dituzten enpresa pribatuen kontrola ezinbestekoa dela ondorioztatu du Oier Bidaurrazagak: «Barne inbertsoreak behar dira. Hemen badaude akziodun batzuk urteetan diru mordoa eraman dutenak eta orain, falta denean, nik uste dut jarri egin behar dutela».


