En direct

Azterketak euskaraz aldarrikatuz, milaka euskaltzale elkartu dira asteburu honetan 43. Herri Urratsen, Senperen. Ozenki eskatu dira baliabideak eta euskarari trabarik ez jartzea.
‘Geroa eraikiz, laku bat orroka’ izan da aurtengo Herri Urratsen leloa eta, gozamenaz gain, aldarrikapena ere izan da nagusi Senperen.
Hain zuzen, amaitu berri den edizioaren balantzea egiteko, Koldo Rodriguez, Seaskako Federazioko ikastolen festaren koordinatzailea izan da astelehen goiz honetan NAIZ Irratiko Informazioaren Harian.
Positiboa izan da, oro har, egindako balorazioa. Izan ere, itzuleraren ostean «azken urteetako jendetsuena» izateaz gain, jendeak ondo ulertu du aurtengo Herri Urratsen helarazi nahi zuten mezua: «milaka eta milaka euskaltzale bildu behar zirela azken injustizia eta ukapenei erantzun bat emateko». Eta atzokoan, nabarmendu duenez, «hala izan zen».
Urtero izaten du aldarria Herri Urratsek, baina oraingoan foku berezia jarri dute azterketetan. Ikasle pare batek zein guraso batek hitza hartu zuten igandean eta, hautetsien erantzunari buruz galdetuta, Rodriguezek esan du gehienek «mutu» erantzun dutela, jakin badakitelako tartean direla «eskubide baten ukapena eta zapalkuntza».
Hori dela eta, «mutu gelditzen diren guzti horiek hitz egiteko eta geldirik daudenak mugiarazteko» unea dela uste dute Seaskatik. Hala zehaztu du ikastolen festaren koordinatzaileak: «guk borrokan jarraituko dugu, orroka jarraituko dugu horrela izan dadin, gure ikasleen hizkuntza eskubideak bermatuak egon daitezen eta euskaraz ikasteko eskubidea bera ere bermatua egon dadin».
Besteak beste, igandean aipatu izan zen Bordeleko ordezkaria Ziburun egotekoa zela iragan astean. Rodriguezen esanetan, litekeena da «protesten beldur» huts egin izana hitzordu horretara. Atzetik «erraza» dela dio eskubidea zapaltzea; ez, ordea, aurpegia eman behar denean.
Donapaleuko lizeo berria izan da aurtengo beste helburuetako bat. Oraindik goiz da jasotako ekarpen ekonomikoa zenbaterainokoa izan den jakiteko baina, elkarrizketatuaren arabera, izan ohi dituzten beharrak tarteko, «txikiena ere handia da». Beraz, handia izango da aurten ere euskal jendartetik jasoko duten sostengua eta ekarpena.
Ekainean gorriz markatutako datak
Ekainaren 6rako deitutako mobilizazioa ere «mugarri bat» izango dela azaldu du Rodriguezek, aipatutako guztiarekiko. Ikastola komunitateari ez ezik, euskaltzalego osoari egin nahi diote egun horretan Bordelen egoteko deia.
«Badakigu gero ekainaren 13an ere hitzordu garrantzitsua daukagula Iruñean», gaineratu du, «baina uste dugu gure ikasleek hartutako bideak nolabaiteko sostengua behar duela; hartu duten jarrera desobedienteak denon babesa behar duela»



