En direct

Homeopatiaz hitz egin dugu
Homeopatiaz hitz egin dugu (Pixabay / Pexels)
Bigarren Kafea

«Homeopatiak funtzionatzen du? Bai, plazebo bezala»

Beste behin, Izortze Santin EHUko doktorea guri zailak egiten zaizkigun gauzak denok ulertzeko moduan azaltzera etorri da Bigarren Kafera. Pankreako minbiziaren inguruan Babarcidek argitaraturiko artikuluarekin hasi gara eta homeopatiaz hitz eginez amaitu dugu. 

«Homeopatiak funtzionatzen du? Bai, plazebo bezala»

Loading player...

Duela hilabete batzuk, Mariano Barbacid madrildar zientzialariak pankreako minbiziaren aurkako tratamendu esperimental eraginkorra iragartzen zuen ikerketa aurkeztu zuen eta berehala egin zen ospetsu. Orain ordea, AEBko Zientzia Akademiak atzera bota du Barbaciden artikulua, interes-gatazkengatik. «Ez dauka zerikusirik datu zientifikoekin, interes gatazka ez deklaratu izana da arrazoi nagusia» azaldu digu Santinek. Kontua da ez Barbacidek, ez Carmen Guerra eta Vasiliki Liaki lankideek ez zutela jakinarazi Vega Oncotargets enpresako beste bazkide batzuekin jabekide direla. Enpresa hori pankreako minbiziaren aurkako terapia berriak garatzeko sortu zen. «Egia da sinesgarritasuna pixka bat kolokan jartzen duela» aitortu digu zientzialariak.

Pankreako minbiziarekin jarraituz, mRNAn oinarritutako txertoen eraginkortasuna aztertzeko entsegu kliniko baten emaitza onak ekarri dizkigu Santinek: 'RNA neoantigen vaccines prime long-lived CD8+ T cells in pancreatic cancer'. Asko laburtuta, honakoa egin dute: «gaixo bakoitzak bere txerto propioa du; minbizian ekoizten diren proteina zehatz batzuk aztertzen dituzte, txertatzen dituzte eta horrela sistema immunea entrenatzen dute». Arrakastatsua izan da ikerketa. «Entsegu klinikoaren lehen fasea egin dute 16 pertsonarekin eta ikusi dute zortzietan garatu direla tumorea erasotzeko gai diren zelulak, eta tratamendutik sei urtetara zortzitik zazpik bizirik jarraitzen duela».

Eta azkeneko albistea Sendagaien Espainiako agentziak Homeopatiak ez duela ebidentzia zientifikorik berretsi duela izan da. «Gai polemikoa da, baina ez dago ebidentzia zientifikorik homeopatiaren eraginkortasuna frogatzen dutenak» aitortzen digu Izortzek. Eta honela ondorioztatu du: «Homeopatiak funtzionatzen du? Bai, plazebo bezala».

Jaurlaritza Logoa