En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Mikel Markez
Musikaria

«Disko honetan aurkitu nahi izan dudana da hitz egiten dugun moduan abestearena»

Estetika bitxi bat dakar estetikari dagokionean Mikel Markezek bere “Gezurrari zor” disko berrian, baina, estetikak estetika, kantuak dira protagonista nagusi. Kantuak edo bertso sortak, hala baitira guztiak ere. Donostian eta Eskoriatzan izango da asteburu honetan.

«Disko honetan aurkitu nahi izan dudana da hitz egiten dugun moduan abestearena»

Loading player...
Bederatzi bertso sorta musikatu ditu bere lan berrian Mikel Markezek.
Bederatzi bertso sorta musikatu ditu bere lan berrian Mikel Markezek. (Iker GURRUTXAGA)

Kaixo Mikel, zer moduz?

Ongi, ongi.

«Munduko hiritar» kantuarekin hasten da diskoa, Jon Maiaren bertso sorta batekin.

Bai, bederatzi bertso sorta dira azkenean, horixe zen apustua, eta hau horietatik lehendabizikoa.

Bertsolariak hautatzerako garaian buruhausterik izan duzu?

Bai, bai. Zer gertatzen da? Bada, hemen dauden guztiak alde batetik lagunak direla, eta besetik, badirela lagun bertsolari gehiago. Hautua egiterakoan, gaiek berek eraman naute bertsolari bakoitzari galdea egitera beste ezerk baino. Hortaz, lehendabiziko tesiak, gezurrak, horregatik baita “Gezurrari zor”, askotan errepikatu zaigun kontu batetik abiatzen da: «Zuk hain ondo egiten duzula espainieraz, zergatik ez duzu espainieraz abesten?». Munduko hiritar izatea hobea dela lekukoa mantentzea baino, finean, hori saldu nahi digute. Bada, gezur horri buelta emateko saiakera da hau. Orotara, bederatzi gezur dira gaitzat hartu ditudanak, bederatzi bertsolariri luzatuak eta bederatzi doinu berri egin ditugu horretarako, bederatzi neurri desberdinetan.

Baduzu herritartasunaz ahazten ari garenaren sentsazioa?

Bai eta belaunaldi berrietan garbi ikusten dut nik, ezta? Hemen, adibidez, erdaraz abesteko hautua egiten dute batzuk. «Hori naturaltasunez egiten dugu…» eta halakoak entzuten dira, eta naturaltasunez zulora goaz. Azukrea uretan jarri eta desintegratzen den bezala, utziko dugu guk ere gure herria hiltzen naturaltasunez, ezta? Hala ere sorta hau gehiago doa nazioartekotasun zera horretara, munduko hiritarrak izatearen kontura. Oso polita da Jon Maiak dionean badakigula Empire non dagoen, Londresen rave bat non egin eta, aldiz, Barkoxe Euskal Herria ote den ez dakigula.

Instrumentu ugari sartu dituzu, giro desberdinak dituelako diskoak. Lehendabiziko honetan kolaboratzaile moduan Iñigo Manzisidor «Mantxi» harmonika joz entzuten dugu, bertsolaria bera.

Bada bertsolari festa bat zenez, keinu polita iruditzen zitzaidan hau. Nik harmonika zatar jotzen dut eta oroitzen nuen Mantxik Pariak Bai taldearekin jotzen zuela eta, bertsolaria zenez, bada, gonbita luzatu nion eta kantu batean sartu ordez, bitan sartu dugu instrumentua. Gaiak erdi folk, americana… kutsu horretara bideratu zuen doinua, hemen Anje Duhaldek landu duena batez ere, eta jokoa eman zidan hau egiteko.

Ahots festa ere nabarmena da. Zenbat daude guztira?

Kantu honetan lau ahots-edo egongo dira. Tentsio batzuk eta sortu nahi izan ditut ahotsekin eta nire ibilbidean izan den ñabarduretako bat badenez, nahi nuen kantuetako batean hori sartu, sobera bortxatu gabe, hitzei eman nahi nielako berezko garrantzia eta horretarako “gutxiago gehiago da” filosofia aplikatu behar izaten da. Saiakera izan da kantuak edertzearena, baina pasa gabe.

Arkaitz Miner beste protagonista nagusia diskoan, beti zure ondoan.

Ni Santa Klara kalean sortu nintzen Oreretan eta Arkaitz Goiko Kalean, beraz, bere sortetxetik nirera ez dira ehun metro ere egongo. Ikastola berean ikasi genuen, lagun gara, lankide ere bai neurri batean… Arkaitzekin beti gauza ederrak ateratzen dira.

Nahikoa etxe giroan ibili zara diskoa egiterakoan dena dela.

Bai, asmoa hori zen. Nik uste dut beti horrela egin dudala, hau da, kolaborazio bat egin dudanean ez dudala gaur egun egiten den moduan sekulan ere egin. Hau da, ez dut Herrialde Katalanetan ongi kokatuta dagoen artista bat bilatzen eta halakorik, ez dut industriak agintzen duen moduan egiten, nahiz eta zilegi iruditzen zaidan. Gaur egungo legeak horiek dira, guk ez dugu akaso hor asmatzen, baina ia-ia gogorik ere ez. Nahiago izan dut benetan gertuko eta lagun ditudanak gonbidatu. Xabier Sukia, Maddalen Arzallus, Eneritz Aulestia… Azken honek nire azken lauzpabost diskotan parte hartu du. Guraso izatearen inguruan hitz egiten du gainera berak abesten duen kantuak eta parean egokitzen zen berarentzat “Aita espektakularra” kantua.

Testuak jaso eta behar bezala musikatzeak kezka ugari sortuko dizu, ezta?

Bai, izan ere testu asko dagoelako disko honetan, ideia asko, bertso asko. Oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan prosodia hori zaintzea. Prosodiak izan ditzake irakurketa asko, baina disko honetan aurkitu nahi izan dudana da hitz egiten dugun moduan abestearena. Hori Xabier Letek egiten zuen oso ongi eta bistan da zenbat bertso doinu egin dituen, oso prosodikoak. Prosodiak badu beste alde garrantzitsu bat eta honakoa da: bertsolariei doinu hauek balio badiete zuzenean inprobisatzen aritzeko, prosodikoak izan behar dute. Bertsolariak ezin du oso doinu konplikatu batean kantatu, burmuina horretara bideratzen duelako eta ez testua sortzera. Garuna libre behar du eta modu automatikoan, hizketan bezala kantatzen diren, doinuak behar izaten dituzte eta horri ere erreparatu diot.

«Nahiago gezurrekin irri baino, egiekin egin negar». Esaldi azpimarragarria bertso guzti hauen artean.

Nik uste disko osoa laburtzen duen esaldia dela eta, hain zuzen ere, kontzertuak esaldi honekin bukatzen ditugu. Bertso hori hautatu dugu emanaldia amaitzeko, tesia ere hori delako. Batzuetan mingarriak diren gauzak esan behar dira edota hain atseginak ez direnak eta batzuetan kezka sortzen digu horrek. Askoz errezagoa izaten da tontoarena egin eta gauzak ez esatea. Baina maite dugunei bezala, gure herriari eta gure inguruari egin diezaiokegun faborerik handiena egiak esatea da, agian. Nahiz eta negarra ekarri edota tristura ekarri. Itsasontzi batean bazoaz eta zuloa egiten bada azpian, zer egingo zara isildu eta pasako dela ezer ere esan gabe pentsatu? Horrek badakizu zer dakarren, denak hondora! Hortaz, zuloa dagoela ohartarazten badugu, denon artean konponbidea bilatzen saiatuko gara.

Estetika berezia hautatu duzu azalerako. Ez dakit bufoia edo arlekina den.

Bada, galdera ona da. Arlekina dela esango nuke nik bufoia baino gehiago. Suso Mata madrildarrak egina da azala, Oriora udazken hasieran oporretan etortzen den gizon bat da eta hari eskatu nion. Dozena erdi bat argazki egin zizkidan eta horietako batean betaurrekoan gainetik begiratuz nintzen bat atera zidan. Hori ikustean, neronek esan nion: «Eta Pinotxo bat egiten baldin badugu horrekin?». Gerora, berak arlekinaren zera hori gehitu dio txapela gehituaz eta abar. «Gezurrari zor» deitzen zenez, nik esan nion sudurrarena egiteko. Baina parean egokitu da bere ideia, izan ere, askotan esaten zen erregeari egiak esaten zizkiona bufoia edo arlekina izaten zela, beste inor ez zelako ausartzen. Erdi brometan, erdi serio… baina botatzen zituen eta disko honek badu horretatik ere.

Kolore ubela bada protagonistetako bat, beti izan delako zure koloreetako bat.

Bai, morea eta berdea beti erabiltzen ditut toki guztietan, baita janzkeran ere. Hortik ere ezagutzen naute eta Concetta Probanzak ez dakit dagoeneko zenbat disko egingo zituen niretzat, sei edo zazpi. Berak maketatu eta diseinatu ditu eta Susoren akuarela horretatik abiatuta, berak irudia hartu eta osatu du gainerakoa.

Txorietan ere oinarrizkoena aukeratu duzue.

Bai, eta arlekinari begira dago esanaz, «ea zer heman behar diguan, bota bertsoa!»

«Euspa» kantuan erabili izan dugun «euskañol» terminoari buelta eman dio Jon Sarasuak eta «euspañolari» egiten dio erreferentzia.

Nire eskaera izan zen euskararen inguruko gezurrez aritzea eta berak buelta polita eman dio. Etsaiak zapaldu gaituela eta hori guztia esanda dagoenez, eta egia izanda ere, agian ez dugu ekarpen berririk egiten. Bera gehiago saiatu zen gure gezurren bueltan aritzen, euskara defendatzen dugulako eta abar, baina konturatzerako erdia euskaraz eta erdia espainieraz aritzen garelako. Doinu dantzagarriago eta jostariago bat eskatzen zidan esaten zen horrek, hitz horiei halako kolore eder bat emango ziena.

Kontzertuak martxan dira.

Orion aurkeztu genuen diskoa plazaratu aurretik eta Berrizen izan zen diskoa kaleratu osteko lehena. Jon Sarasua eta Xabier Amuriza izan genituen bidaide eta datorrenetan ere halakoak egin nahi ditugu. Donostian izango gara apirilaren 24an eta 26an Eskoriatzan, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Aranarekin. Etorriko dira gehiago ere. Maiatzean, Oreretan eta Getxon izango gara, hasteko eta behin. Bitartean, diskoa ere eskuratu daiteke, binilo formatuan ere bai.

Jaurlaritza Logoa