En direct
«Pradalesek dioen bezala ‘garai ilunak’ badatoz, Agirrerena egin behar da: akordio sendoak»
Gasteizko Legegintzaldiaren erdian garela, egoera nahasiaren azterketa egin du Pello Otxandianok Naiz Irratian, mundu mailan baita Euskal Herrian ere. EAJren kontraesanei erreparatu die, kezkaz, igandean Aitor Estebanek PP eta PSOEren arteko elkar ulertze baten alde agertu ondoren: «PP mehatxua da».
«Pradalesek dioen bezala ‘garai ilunak’ badatoz, Agirrerena egin behar da: akordio sendoak»

Pello Otxandiano EH Bilduko Gasteizko Legebiltzarreko eleduna NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean egon da astearte honetan, legegintzaldiaren erdia bete den egunean hain zuzen ere. Etxebizitzaz, oinarriko soldataz, estatus berriaren aukeraz, eta EAJ eta PSEren arteko ikamikez mintzo da, besteak beste. PPk eta Voxek batera dakarten mehatxuak ezaugarritzen duen testinguruan bi aipamen interesgarri utzi ditu.
Astearte honetan hain zuzen ere Jose Antonio Agirreren gobernua goraipatu du Lakuako egungo gobernuak, asteroroko bilera Bilboko Carlton hotelean eginez. Agirre figura «garrantzitsutzat» hartzen du Otxandianok ere, baina honako hau ekarri du gogora, Imanol Pradalesen hitzak erabiliz: «Zer egin zuen Agirrek ‘garai ilunak’ zetozenean? Kontzentrazio gobernu bat. Egoera ez da berdina baina guk bat egiten dugu lehendakariak Osoko Bilkuran esandakoarekin; garai ilunak badatoz, Agirreren espiritu hura praktikara eraman behar da, akordio sendoak egin behar dira etorkizunerako, eta estatus politiko berri baten alde kapital politikoa arriskuan jarri».
Pradalesek esandakoa ez dela EAJko presidentea esaten ari dena nabarmendu du ataka honetan: «Igandean entzun genuen Aitor Esteban esanez PP eta PSOEren arteko elkar ulertzea nahi duela. Baina PP hau Ayusoren PP da, muturreko posizioetan dago, eta Espainian gobernatzen badu Voxen eskutik izango da», oroitarazi dio.
«Oso kontraesankorra» ikusten du, beraz, EAJk darabilen diskurtsoa. «EH Bilduren eskua luzatuta dute, PP eta Vox herri honentzako mehatxua direla uste dugu guk ere. Baina hurrengo urteko hauteskundeen ostean gobernuak berriro PPren eskutik egingo dituzte?», galdetu du.
Estatus berri baterako akordioa emankorra izango zen PP-Vox espainiar Estatuan gailenduta ere, Otxandianoren aburuz: Herri honen burujabetza, izaera eta eskubideak defendatzeko erreferentzia izango litzateke»
Honi lotuta, estatus berriari buruzko elkarrizketak aipagai izan ditu. Beti ere diskrezioa alboratu gabe, hiru indar politikoen arteko akordiorako aukera mahai gainean dela ziurtatu du, Pedro Sanchez espainiar gobernuburuak hartutako posizioa aipatuz: «PSE kokatu da hor, aldez edo moldez, gogo gutxi edo gehiagorekin», azaldu du. Eta berandu ez ote dabiltzan eta Madrilen balizko gobernua aldaketa gertatuko balitz zertarako balioko zuen galdetuta, honako hau erantzun du Otxandianok: «Mehatxu horren aldean kokatzeko baliogarria izango litzateke. PP eta Vox baldin badatoz, herri honen burujabetza, izaera eta eskubideak defendatzeko erreferentzia izango da akordio hori».
Etxebizitzaren «fraktura soziala»
Gaur bertan ere etxebizitza arloko zenbait neurri baliatu behar ditu Lakuako Gobernuak. Hortaz galdetuta, hasteko «arlo honetan ezkutu sozialaren kontzeptu okerra dela» uste du Otxandianok, «arazoa ez duela kanpoko eragile batek, hirugarren batek. sortu. Etxebizitza politika egin behar da, hori falta da, alokairuen prezioan interbenitu behar da, pisu turistikoekin interbenitu behar da, etxebizitza parke zabal bat izateko inbertsio publikoa behar da...»
Aurretik hartutako erabaki okerrez ohartarazi du EH Bilduko ordezkariak: «Donostiako alkate den Jon Insaustiri entzun diot tasa turistikoa udaren aurretik jarri behar dela. Baina, zer ez da esan EH Bilduren kontra tasa hori planteatzeagatik?». Ardurak hartu behar direla uste du, izan ere «Insausti deriba honen erantzuleetako bat da, zinegotzia izan da. Aurreikusten zen arazo batean aurrean ez da aurrea hartzen jakin, eta gaur gaurkoz ere ez da larritasuna ondo definitzen. Ez dago adostasunik gobernuaren baitan. Egoera hain da larria zein fraktura soziala ari den sortzen –nabarmendu du–. Sektore publikoaren esku hartze potentea behar da, eta norabide bakarrean ekin».
Azken asteotako gai potoloenetakoa oinarrizko soldatarena izan da. Hortaz galdetuta, «gutxienez Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu behar den Legebiltzarrean baina ateak itxi zitzaizkion eta akats larria izan zen hori, ez da onargarria. Egoera ezin da sine die blokeatuta utzi. Gero demokrazian sakontzea planteatzen da, baina praktikan kontrakoa egiten da».
Gauza hauek eztabaidatzeko osoko bilkura berezia eskatua du EH Bilduk. Aro berri batean gaudela defendatu du Otxandianok, mundu mailan eraldatze handia abiatu dutelako, «mota askotako disrupzioak» barnebiltzen dituena. Testinguru horretan, «jendea nola babestuko dugun pentsatu behar dugu: bizitza garestitzen ari da eta garestituko da, zerbitzu publikoak blindatu behar ditugu kalitatea bermatzeko eta arrakala soziala areagotuko duten krisiak gertatzen ari dira –etxebizitza eta zaintza arloetan–», argudiatu du. Eztabaida honi heldu behar zaio hurrengo aurrekontuak diseinatzen hasi aurretik, Otxandianok ohartarazi duenez.
EAJ eta PSEren arteko ikamikak aipatu ostean, «herri honek ondo oinarrituko proiektu bat behar duela, epe ertain eta luzera begira» defendatu du Pello Otxandianok. «Egonkortasuna, zentzu onean» beharrezkoa dela esan du, eta bi alderdiok «beti sestran ibiltzea» kritikatu du.



