En direct

Ekialde Hurbileko tentsio geopolitikoek eta bereziki Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka abiatu dituzten erasoek ondorio zuzenak izan dituzte nazioarteko merkatu energetikoan, eta horien isla berehala sumatu da Euskal Herrian bertan ere. Prezio igoerak nabarmenak izan dira, batez ere erregai fosilen kasuan, eta horrek zuzenean eragin du herritarren eguneroko bizitza.
2026. urtearen hasieratik erregaien prezioek goranzko joera argia izan dute, dieselaren kasuan bereziki. Otsailaren amaieratik aurrera, gatazka piztearekin batera, petrolioaren prezioa azkar igo zen, egun gutxitan %20tik gorako gorakadak erregistratuz. Ondorioz, gasolindegietan ere prezioak nabarmen garestitu ziren, zenbait tokitan litroa bi eurotik gorako prezioan kokatzeraino. Martxoan, dieselaren prezioa 20 zentimo baino gehiago igo zen egun gutxitan, eta gasolina baino garestiago bihurtu zen, azken urteetan ohikoa ez zen egoera.
Testuinguru horretan, Antxon Barroso ekonomialaria, Politika Publikoan eta Historia ekonomikoan aditua eta ikertzailea izan da NAIZ Irratian, egoera sakon aztertzeko. Barrosok azaldu duenez, egungo egoera ezin da ulertu faktore bakar baten bidez. «Mundu kapitalista globalizatu batean bizi gara eta erabateko interdependentzia dago ekonomien artean; munduko beste leku batean gertatzen denak hemen ere eragina du», adierazi du. Gainera, Europak lehengai energetikoekiko duen mendekotasuna nabarmendu du, bereziki erregai fosilen kasuan.
Geopolitikaren eta merkatuaren dinamiken eragina
Antxon Barrosoren arabera, geopolitika eta merkatuaren dinamikak erabat lotuta daude. «Ezin dira bereizi faktore batzuk besteengandik; petrolioa merkantzia internazionala da eta mundu mailako gertakarien eraginpean dago», azpimarratu du. Adituak gogora ekarri du NAIZ Irratiko uhinetan 1970eko hamarkadako petrolio krisia ere gatazka geopolitiko baten ondorio zuzena izan zela, eta, egungo egoerak, ordukoarekin antzekotasun handiak dituela nabarmendu du.
Adituak bereziki Ormuzeko itsasartearen garrantzia azpimarratu du, munduko petrolioaren %20 inguru bertatik igarotzen baita. «Ziurgabetasunak eragin handia du, bai oraingo erosketetan bai etorkizunekoetan; jendeak nahiago du gaur petrolioa izan bihar baino», azaldu du. Eta horrek merkatuaren tentsioa areagotzen duela gaineratu du.
Egunerokoan eragiten dituen ondorioak
Bestalde, Barrosok kritikatu egin ditu sektoreko zenbait ahotsen mezu lasaigarriak. Adituaren ustez, merkatuaren funtzionamendua eta itxaropenak dira prezioen benetako gidariak: «Ziurgabetasunak berak baldintzatzen du prezioen bilakaera, eta horrek eragin zuzena du kontsumitzaileengan».
Egoera horrek ondorio argiak izan ditu herritarren egunerokoan. Kalean jasotako testigantzek erakusten dute «erregaien garestitzea asko nabaritzen» dela, batez ere autoa egunero erabili behar dutenen artean. Askok aitortu dute gastuak handitu zaizkiela, eta, ondorioz, ohiturak aldatu behar izan dituztela: autoa gutxiago erabili, abiadura murriztu edo garraio publikoa lehenetsi, esate baterako.
Horren aurrean, Barroso ekonomialariak irtenbide gisa erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea proposatu du. «Herritarrek saiatu behar dute erregai fosilekiko esposizioa gutxitzen; ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzea eta arriskua kolektibizatzea da gakoa», azaldu du. Instituzioei ere eskatu die politika publikoak norabide horretan indartzeko.
Neurri fiskalak eta merkatu globala
Neurri fiskalei dagokienez, BEZaren jaitsiera bezalako politikak kritikatu ditu Barrosok. «Epe motzean eragina izan dezakete, baina ez diete erantzuten arazo estrukturalei. Gainera, neurri erregresiboak dira», ohartarazi du. Bere ustez, halako neurriek ez dute bermatzen prezioen jaitsiera kontsumitzaileengana iritsiko denik.
Dieselaren prezioaren igoera bereziari buruz ere azalpenak eman ditu Barrosok. «Gasolina ekoiztea errazagoa da Europan; dieselaren kasuan, ekoizpena konplexuagoa da eta neurri handi batean inportazioen menpe gaude, batez ere Txinaren menpe», azaldu du. Horrek merkatu globalarekiko mendekotasuna areagotzen duela gaineratu du.
Etorkizun ez oso baikorra
Etorkizunari begira, ekonomialariak ez du baikortasunerako tarte handirik ikusten. «Hau luzerako doa; prezioek altu jarraituko dute eta egonkortasuna ez dago bermatuta», ohartarazi du. Are gehiago, nabarmendu du nazioarteko erakundeek jada ohartarazi dutela krisi honek ondorio ekonomiko zabalagoak izan ditzakeela.
Herritarrei prest egoteko deia egin die Barrosok: «Alternatibak pentsatu behar ditugu eta egokitu; bizi dugun egoera ez da aldi baterakoa, eta egitura sakonago baten parte da».



