En direct

Auditz-Akularreko natur eremua babesteko sinadura bilketa hasi dute. Donostiako Udalak 3.000 etxebizitzaren eraikuntza aurreikusi du Altza auzoko ekialdean dagoen eta Pasai Antxorekin mugakide den eremu honetan. 42 eragile ezberdinek bat egin dute Auditz-Akularren Defentsarako Taldearekin. «Etxebizitza gehiago eraikitzeak ez du ekartzen merkeago izatea», azaldu du Isa Pacek, talde honetako kide eta Altza XXI Herri Ekimeneko ordezkariak, «pentsatzen dugu horrelako proiektuek ez dutela etxebizitzaren beharra konpontzen, adreiluaren lobbya asetzeko eginak dira», gaineratu du.
Azaldu duenez, proiektuak lehen sektorerako balio estrategikoa duten lursailetan eta ongi zaindutako ekosistema garrantzitsuetan eragina izango luke. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak berak Altzako gune honetan ez eraikitzea gomendatu zuen. Hori guztia dela-eta, Auditz-Akular «gorde behar den altxorra» dela uste dute sinadurak biltzen hasi diren taldeko eragileek.
Herritarrak sinatzera deitzearekin batera, euren etxeetan bandera berdeak jartzea eskatu dute, espazio berde bat izaten jarrai dezan. Pacek dionez, ez daude etxebizitzak eraikitzearen aurka, bai ordea, auzotarren interesak aintzat ez hartzearen kontra. Kritikatu duenez, «ez da kasualitatea Altzan bigarren mailako hiritarrak bezala sentitzea», eta Donostiako Udalari auzoa berroneratzeko proiektu ezberdinetan herritarren eta auzo eragileen parte hartzea bermatzea eskatu dio.



