En direct

Iraia Cambra | Iker Gurrutxaga

Hondoratu eta azalera irten: dolutik, musikara

Bi psikologo gaztek, Elisa Bayonak eta Ibai Gallardok, sortutako Hondora proiektuak lehen diskoa aurkeztu du: ‘Hondoratu eta azalera irten’. Dolua, aldaketa eta barne-prozesuak ardatz dituen lana da; folk, pop eta rock ukituekin eta intimitatetik banda formatura hazten den soinuarekin.

Hondoratu eta azalera irten: dolutik, musikara

Loading player...
Hondora taldeko Elisa Bayona eta Ibai Gallardo.
Hondora taldeko Elisa Bayona eta Ibai Gallardo. (Noelia Garcia Fernández)

Musikaren eta psikologiaren arteko gurutzagunean jaio da proiektua. Elisa Bayona eta Ibai Gallardo Guerrero psikologoek urteak zeramatzaten elkarrekin musika egiten, batez ere bertsioak jotzen. Baina une batean behar argi bat sentitu zuten: «hainbeste urte eta gero propioa sortu nahi genuen, guk jasotakoari nolabait buelta emateko».

Buelta hori ‘Hondoratu eta azalera irten’ diskoan gauzatu dute. Proiektuaren lehen lana da, eta bizipen pertsonalek markatutako inflexio-puntutik sortu zen. «Momentu batean dolu bat bizi izan nuen, eta hortik sortu zen dena», azaldu du Bayonak. Esperientzia horrek markatu zuen diskoaren norabidea: hondoratzea, baina handik berriro azalera bilatzea.

Fakultatean hasitako elkarketa
Biak Donostiako Psikologia Fakultatean ezagutu zuten elkar, nahiz eta hasieran apenas gurutzatu. Hirugarren lagun baten bidez jakin zuten batek abesten zuela eta besteak gitarra jotzen zuela. Hortik sortu zen lehenengo topaketa.

«Nik karaokean kantatzen nuen beti, eta gitarra jotzen zuen norbait ezagutzea zoragarria izan zen», gogoratu du Bayonak. Gallardorentzat ere sorpresa izan zen: «lagun batek bere Instagram bideo bat erakutsi zidan eta esan zidan klaseko neska batek kantatzen du».

Hasieran ez zen erraza izan, gustu musikal oso ezberdinak zituztelako. Hala ere, urteetan zehar bertsioak jotzen aritu ziren elkarrekin. Zortzi urte inguru igaro ondoren etorri zen aldaketa: «coverrak jotzen ibili ginen denbora luzez, baina momentu batean sortzeko beharra sentitu genuen».

Musikaren eta hitzen arteko oreka
Diskoko kantu gehienetan abiapuntua musikatik dator. Gallardoren arabera, melodia da sarritan lehen hazia: «doinu polit batek askotan lehenengo bultzada ematen du». Hala ere, biek azpimarratzen dute hitzek ere pisu handia dutela.

«Musika lehenengo planoan egoten da askotan, hizkuntza ulertu gabe ere kantak entzuten ditugulako», dio Gallardok. Bayonak, ordea, beste alde bat gehitzen du: «letra batekin konektatzen duzunean, kanta horrek bidaia oso luzea egin dezake zure bizitzan».

Diskoan ageri diren testu askok memoria pertsonaletik edo familiarretik edaten dute. Langile sektore gogorretan aritutako pertsonak, adibidez, inspirazio iturri izan dira. «Nire aitxitxe artzaina izan zen eta bestea marinela. Kontatu beharreko istorioak dira, askotan ahazten direnak», azaldu du Gallardok.

‘Udazkena’: agurraren unea
Diskoko kantuetako batek, ‘Udazkena’ abestiak, unibertsitate garaia atzean uzteko unea jasotzen du. Ikasketak amaitzeak dakarren ziurgabetasunarekin lotzen dute.

«Lau urte horiek amaitzen zirenean pentsatzen genuen etapa bat bukatzen zela», dio Bayonak. «Badago dolu puntu bat ere: urte oso politei egindako agurra».

Musikalki, kantua pixkanaka hazten da: hasieran formatu intimotik abiatzen da, eta gero banda osoa gehitzen da. Proiektuaren bilakaera bera irudikatzen du nolabait.

‘Eskutitza’: etorkizunari idatzitako mezua
Diskoko kantu berezienetako bat ‘Eskutitza’ da. Testua etorkizunari idatzitako gutun moduan pentsatu zuen Gallardok, literatura distopikotik hartutako iruditeriarekin.

«Pertsona bat imajinatu nuen bere logelan etorkizunari eskutitza idazten, dena amaitu ondoren irakurtzeko», azaldu du. Kantuak gizarteari buruzko irakurketa politiko bat ere badu, baina anbiguotasunari eutsi nahi izan diote: «gustatzen zaigu bakoitzak bere interpretazioa egitea».

‘Poema’: musikaren sendatzeko ahalmena
Diskoko beste piezetako batean, ‘Poema’-n, musikaren dimentsio terapeutikoa ageri da. Biek onartzen dute, ordea, musikak ez duela dena sendatzen.

«Askotan esaten da musika sendagaia dela, baina badaude gauza batzuk ezin dituena sendatu», dio Bayonak. Hala ere, kantak umore puntu batekin jokatzen du ideia horren barruan.

Gallardoren hitzetan, lo egitearen irudia ere bada abiapuntua: «pertsona batek nola egiten duen lo askotan barruan duenaren adierazle da».

Dolua, lanbide eta sorkuntza
Diskoaren hari nagusietako bat dolua da. Ez da kasualitatea: Elisa Bayona dolu-prozesuetan espezializatutako psikologoa da. «Lehen pertsonan badakit zein zaila den dolu bat lantzea», azaldu du.
Horregatik ageri dira diskoko hainbat lerrotan prozesu horren aztarnak. «Badira esaldi batzuk oso ondo deskribatzen dituztenak dolu prozesu bat».

Hala ere, ez dute hondoratzea erromantizatu nahi. «Batzuetan hondoa jo behar da zerbait berria eraikitzeko, baina ez dugu idealizatu nahi», diote.

‘Manuela’: memoria pertsonaletik
Diskoaren amaiera aldera datorren ‘Manuela’ gaztelaniaz abestutako kanta da. Gallardoren amonari eskainia dago, euskaraz ez dakielako. «Horregatik da erdaraz», dio.

Kantuak formatu akustikoagoa du, eta egitura pixkanaka handitzen doa. Hasieran gitarra akustikoan sortu zen, nahiz eta egileak berak hasieran elektrikoan grabatu nahi izan. «Azken finean, kantaren bihotza akustiko horretan zegoela konturatu ginen», dio.

Hondoratu eta berriz irten
Diskoaren izenak berak proiektuaren filosofia laburbiltzen du. Bizitzan askotan errepikatzen den mugimendua dela diote: hondoratu, baina handik berriz azalera bilatu.

«Bizitzan prozesu asko daude non hondoratzen garen eta berriro ateratzen garen», dio Elisa Bayonak. «Horregatik da ‘Hondoratu eta azalera irten’: ez erromantizatzeko, baina bai ulertzeko batzuetan beharrezkoa dela».

Lehen disko honekin, biek argi dute bidea hasi besterik ez dela egin. Musikak eta psikologiak elkar elikatzen jarraitzen dute, eta bien arteko elkarrizketatik sortu da lan hau: intimoa, hauskorra eta, aldi berean, sendotzeko saiakera bat.

 

 

Jaurlaritza Logoa