En direct
«Korrikaren ondoren 'euskara izango gara' oihukatzen jarraitu nahi dugu»
Atharratzetik Korrika abiatzeko egun gutxiren faltan, sortzen duen ilusio zaparrada euskarak behar duen bultzadarako balio izatea nahi luke Ane Elordi koordinatzaileak. Behin amaituta, apirilaren 22an eskolak doan eskeiniko ditu AEKk eta maiatzaren 21ean mintzodromoa antolatuko du.
«Korrikaren ondoren 'euskara izango gara' oihukatzen jarraitu nahi dugu»

Zuberoatik mendebaldera, Atharratzetik Bilbora izango da aurtengo Korrika. Azken kontuak zehazten ari da Korrikako antolakuntza eta tarte horretan NAIZ Irratian izan da Ane Elordi koordinatzailea.
Normalean Korrikaren irteera ez da errepikatu, baina aurtengoan bai. Atharratzetik 1985ean abiatu zen Korrika eta harrezkero ez da bertako kaleetatik igaro. Hala, Basabürüako bizilagunek proposamena egin eta Korrikak baiezkoa eman zien. «Ez da egoera ona euskararena eskualde horretan. Trasmisioa eteten ari da, kalean ez da sobera entzuten eta eskolan ez du behar besteko presentzia. Korrikaren hasiera bertara eramateak badu pizgarri izateko asmoa», adierazi du.
Korrikarik parte hartzaileena izatea nahi dute. Horretarako, 500 lekuko berri jarri dituzte eta oraindik badago hutsunerik. Gehienbat ordu txikietako lekukoak dira eta Elordik herritarrak gonbidatu ditu haiek hartzera.
12. egunetik aurrera 'euskara izango gara'
Korrikak sortzen duen ilusioa eta sentimendu kolektiboa kanalizatzeko helburua du Korrikak. Bidenabar, erakunde, eragile eta herritarrek konpromisoak hartzea. Horretarako, euskara erdigunean jarri eta apirilaren 22an AEKk doako eskolak eskeiniko ditu, Korrikara hurbildu den jende hori euskararen alde izatetik, euskarara etortzeko: «gonbita egin nahi diegu euskararen aterpera etorri ez direnei euskarara eta euskaltegiak zabalduko ditugu. Euskara ezezaguna den horrentzat, aukera eman.
Ez da ekintza isolatu bakarra, maiatzaren 21ean mintzodromoak antolatuko baitituzte hizkuntza ikasten ari direnei praktikatzeko aukera emateko.


