En direct

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

«Kolonbian izugarri jaitsi dena, ia dena desagertzeraino, Estatuaren indarkeria da»

«Indarkeriak» bezala, «esperantzak» markatutako errealitate bat topatu zuen duela aste batzuk Kolonbiara egindako bidaian Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzak. «Giza eskubideek eta enpresek duten harremana gainbegiratuko duen behatoki baten sorrera» aldarrikatu du EH Bilduko Oihana Etxebarrietak.

«Kolonbian izugarri jaitsi dena, ia dena desagertzeraino, Estatuaren indarkeria da»

Loading player...
Kolonbian ikusitakoak Bilboko NAIZ Irratiaren estudiora ekarri ditu Oihana Etxebarrietak.
Kolonbian ikusitakoak Bilboko NAIZ Irratiaren estudiora ekarri ditu Oihana Etxebarrietak. (NAIZ Irratia)

NARE Giza eskubideen defendatzaileen euskal programaren baitan, Kolonbian izan zen Eusko Legebiltzarreko parlamentariez osatutako ordezkaritza bat urtarrilaren 22tik 31ra. Bidaiak bi helburu zituen betetzeko; alde batetik NARE programan parte hartu duten pertsonei eta kolektiboei jarraipen bisita bat egin eta beraiekiko harremanak estutzeko. Bestetik, Kolonbiako herritarren, bereziki bazterkeria sozial eta ekonomikoa pairatzen dutenen egoera ezagutu eta errealitate horien kontakizuna Euskal Herrira ekartzeko. 

50 urte baino gehiagoko barne gatazka bortitz eta konplexua jasandakoa da Kolonbia. Bada ordea, gatazka horren eragile garrantzitsuetako batean emandako «ageriko aldaketa», EH Bilduko parlamentari Oihana Etxebarrietaren arabera, «izugarri jaitsi dena, ia dena desagertzeraino, estatuaren indarkeria da». Zentzu honetan, Gustavo Petro presidenteak gatazkaren erroei aurre egiteko hautatu duen bideetako bat txalotu du EH Bilduko ordezkariak, «zailtasunak zailtasun, apustu argiak egin dituen gobernua izan dela gutxien daukaten horiek bizi baldintza hobeagoak eduki ditzaten». 

Gustavo Petroren paradigma aldaketarekin herritar ugari pozik daudela agerian gelditzen da azken hauteskudneei erreparatuta. 'Pacto Historico' Petroren alderdiak lortu baitzuen garaipena pasa den asteburuan Senaturako hauteskundeetan, 4,4 milioi botorekin, hau da, babesen % 23 ingururekin. Baina eskuin muturraren tesiek indartsu jarraitzen dute, Alvaro Uriberen 'Centro Democrático' izan baitzen, bigarren alderdi bozkatuena, «positibo faltsuak» eta «indar parapolizialak» bultzatu zituen Uribe bera, Etxebarrietak gogora ekarri duenez. 

Indarkerian harrapatutako komunitateak

Hego Amerikako herrialde hau, sarritan interes ekonomikoen ondorioz, «jatorri anitzeko indarkerian» kateatuta bizi izan da XX. mendeko bigarren erditik. Estatua, paramilitarrak, gerrillak eta talde kriminal antolatuen arteko su gurutzatu honetan, herritarrak izan dira kaltetuenak, bereziki, nekazariak, komunitate indigenak eta afro ondorengoak izan dira, kolektibootan emakumeak izaki bazterkeria handiena jasaten dutenak.

Herrialdera egindako bidaia, errealitate hauetako batzuk lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute: desplazatuen elkarteak, Awa herriaren parte diren emakumeak, Landa Garapeneko Elkarteetako nekazariak edota CRIC eta ACADER erakundeak. Azken honi esker Euskal Herrian ere presentzia duen Smurfit Kappa multinazionalak tokiko komuniateengan eta bizikidetzan duen eraginaren berri izan zuten. Katalunian bezala, «giza eskubideak eta enpresek duten harremana gainbegiratuko duen behatoki baten sorrera», eskatu du Etxebarrietak, «uste dugu badagoela zigorgabetasun eremu handi bat eta guk geuk ere ardura hartze bat eskatu egin behar diegula enpresei», gaineratu dugu

Esperantzatik bakera

«Erabateko bakea» izan zen Gustavo Petroren promesa nagusia presidente bilakatzeko. Urrats handiak eta borondatea ukatu ezin zaizkion bezala, ezin da ukatu ere, helburutik urrun gelditu dela, horren eredu, ELNrekin porrot egin zuten bake-negoziazioak. Gerrillarekin prozesu hori bideratzea gako izango da gainontzeko talde armatuekin ere akordio batera heldu ahal izateko. Dena den, Kolonbia «esperantzara kondenatuta dagoen herrialde bat» dela nabarmenduz, oro har, ezagutu dituzten herritarrek gobernuaren politika bakezalearekin bat egiten dutela uste du Oihana Etxebarrieta EH Bilduko parlamentariak, «elkarrizketa da bidea eta aktore armatuei ere elkarrizketarako prestutasuna berriro ere erakustea eskatzen zieten»

Jaurlaritza Logoa