En direct

Pelikula ugaritan agertzen da mutikoren bat, bizikleta gainean, egunkariak banatzen etxez etxe. Edo beste bat kale bazterrean, «azken ordukoa!» oihukatuz, orri idatzi berriak eskuetan dituela. Urrun geratzen zaizkigu irudi horiek, eta zera iruditzen zaizkigu, pelikuletako kontuak soilik.
Asko aldatu da komunikatzeko era azken urte hauetan eta horixe da TaPuntu kooperatibatik antolatzen dituen Nortasuna Sarean jardunaldien abiapuntua. Ekimenaren 11. edizioa egingo dute asteazkenean Donostian, San Telmo Museoan. Nola aldatu da komunikazioa? Zein bilakaera izan dute hedabide tradizionalek? Nola eragiten die horrek komunikazio estrategiei?
Lau hizlari izango dituzte aurtengoan eta ondoren guztiekin mahai-inguru bat egingo dute. «Lehenbiziko aldia da mahai-inguruaren filosofia aldatu duguna, orain arte adituak eta esperientziak banatzen genituen, eta aurten denekin egin nahi dugu mahai-ingurua» esan digu Arkaitz Sukuntza antolatzaileak. Edizioz edizio, aldaketa txikiak egon diren arren, «nortasuna mantendu behar dugu, eta lantzen duguna beti izango da komunikazioaren esparrua euskaraz».
Hizlarietako bat Itziar Lamarka Arrizabalaga izango da, Mitoaroa eta Zeidfest proiektuen komunikazio arduraduna. «Presentzia digital handia duen proiektua da Mitoaroa, eta uste dut geroz eta gehiago ikusten dela kultur proiektuetan dena mugitzen dela sarean» esan digu Lamarkak. «Gurea arrakasta kasu bat da, baina askotan gu ere harrapatu gaitu erabat ezustean» aitortu du.
Beste hizlariak: Xabi Igoa Eriz, Mondragon Unibertsitatean komunikazio irakaslea; Maialen Odriozola Martija, Sorland agentzian komunikazio aholkularia eta Ainhoa Etxebeste Arruabarrena, Kazetaria eta podkasten koordinatzailea izango dira.


