En direct

Tubos Reunidoseko langileek gaur amaituko dute enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta aldiaren azken bilera. LAB Sindikatuko Oier Bidaurrazagak NAIZ Irratian azaldu du egun hauetan ez dutela jakin zer gertatuko den: «Orain arte enpresak ez du kaleratzeen inguruko jaitsierarik proposatu; 300 langile kaleratu nahi ditu, azpikontrata guztiak eta tailer txikiak barne».
Bidaurrazagaren arabera, AEBko muga-zergek eta Iranen aurkako gatazkak ere kezka sortzen dute, batez ere petrolioaren sektorean duten eraginagatik. «Gerra honek ia bikoiztu egin du petrolioaren prezioa, eta ez dakigu zer ekarriko duen», adierazi du. Halere, enpresaren dibertsifikazio-plana ez dela garatu salatu du: «%50 Estatu Batuetan saltzen da eta hortik ez dira ateratzen».
Langileen eta zuzendaritzaren arteko harremanak «oso aldenduta» daudela nabarmendu du Bidaurrazagak. «Guk esaten dugu altzairutegiak mantendu behar direla eta bideragarritasun planak gauzatu behar direla; ez dugu ikusten 300 kaleratzeak gauzatzen badira eta altzairutegia ixten badira, enpresa bideragarria izango denik», azaldu du.
Era berean, erakunde publikoen inplikazioa eskatzen du, diru publikoa erabiltzen denean kontrol handiagoa izan dadin: «Diru hori fiskalizatu behar da, eta ez dakit nola kudeatuko duten». Bidaurrazagak azpimarratu du altzairutegia «giltzarri» dela langileen etorkizunerako eta mobilizazioekin jarraituko dutela.



