En direct

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Unax Landa
Baiko taldeko pilotaria

«Txikitatik pilotaren jarraitzailea izan naiz, odolean daramat»

Pilotari oiartzuarrak edozein pilotazaleren ametsa bete zuen urtarrilean: maila gorenean debut profesionala egitea. Urte hasieran olatuaren gainera igo zen, eta ordutik ez da hortik jaitsi.

«Txikitatik pilotaren jarraitzailea izan naiz, odolean daramat»

Loading player...
Unax Landa, pilotari gaztea, Oiartzunen.
Unax Landa, pilotari gaztea, Oiartzunen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Madalensoro pilotalekuan, etxean, egin zuen debuta Unax Landak (Oiartzun, 2005) urtarrilaren 25ean. Urte oparoa osatzen ari da; izan ere, aurten jokatu dituen sei partidatatik bostetan gailendu da. Ostiral honetan, Ruben Salaverriren lekua hartuko du, errioxarra min hartuta baitago. Hortaz, Jon Ander Peñarekin osatuko du bikotea, eta Salaberria-Gaskue izango dute aurkari Serie B-ko finalerdietan. Dena den, Oiartzungo pilotari gaztea dagoeneko ikusi dugu maila nagusian, Mariezkurrena ordezkatuz, eta ez zen batere gaizki aritu.

Baikok esperantza handia du Landarengan, eta bi urteko kontratua sinatu zuten urte hasieran. Aimar Olaizolak, Baiko Pilotako kirol-arloko arduradunak, aitortu zuen Landa azken urteetako «atzelari garrantzitsuenetariko bat» dela. NAIZ Irratian izan da oiartzuarra, eta azken hilabeteetako sentsazio paregabeez mintzatu da.

Asteburuan garaipena eskuratuta, pozik egongo zara. Garaipen erosoa gainera. (Zabala-Bikuña 7 / 22 Larrazabal-Landa) 

Bai, oso gustura. Markagailuaren aldetik ematen du ongi egin genuela, baina lan handia dago atzetik. Oso pozik nago zentzu horretan.

Duela gutxi egin zenuen debuta profesionaletan, onenen artean lehiatzen eta Mariezkurrena ordezkatzeko aukera ere izan duzu. Pozik egongo zara azken egunotan bizitzen ari zaren guztiarekin, ezta?

Egia esan azken hilabete hau oso polita izan da niretzako… Lehendabizi, debut profesionala; segidan, Serie B-n ordezkatu nuen Josu Eskiroz, eta, gero, Mariezkurrena lehenengo mailan. 

Oso azkar joan da dena, asimilatzeko astirik izan al duzu dagoeneko?

Nahiko lasai hartu dut, partidaz partida gozatzen. Baina, bai, azkarregi joan da dena eta, batzuetan, momentu handi hauei ez zaie behar bezalako garrantziarik ematen.

Mariezkurrena ordezkatzen aritu zinen maila gorenean. Partida hartan, kanpotik nahiko lasai ikusi zitzaizun. Nola sentitu zinen kantxan?

Nahiko lasai sentitu nintzen, egia esan. Horretarako, Larrazabalek asko lagundu zidan. Nik uste dut partida hartan gustora geratzeko moduko partida egin genuela, baina ikusi zen lehenengo mailako abiadura beste bat izaten dela eta beste maila bat exijitzen duela. Dena den, ikasteko partida aproposa izan zen.

Gainera, play-offeko partida zen hura, hil ala biziko dema. Presio eta erantzukizun handiagoa suposatu du noski.

Argi dago, gainera, Mariezkurrena ordezkatzea ez da edozein gauza, hitz potoloak dira. Kale edo baleko partida egokitu zitzaidan, galdu egin genuen, baina gustura geratu nintzen egindako lanarekin.

Unax Landa, Oiartzunen (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iztuetak onartu zuen partidaren ostean, zure onenean zaudenean gutxi egin daitekeela kontran. Berak hori badio, ez da gezurra izango.

Nik berdin esango nuke berari buruz. Gu gustura ibili ginen, baina, hala ere, 15 tantotan geratu ginen, eta gainetik pasa ziren haiek. Iztueta inspiratuta badago, arerioak gutxi egin dezake. Oso maila altuan dabil jokatzen.

Nola definituko zure burua pilotari gisa?

Atzelari jotzaile bezala definituko nuke. Eskubia izan arren, ezkerrarekin nahiko konfiantza daukat. Batzuetan ere, akaso, eskubiarekin baino hobeto moldatzen naiz. Momentuz, alde horretatik gustura sentitzen naiz nire buruarekin, baina pelotak galtzeko fama ere badut, beraz hobetzeko tartea badaukat oraindik.

«Eskubia izan arren, ezkerrarekin nahiko konfiantza daukat. Batzuetan ere, akaso, eskubiarekin baino hobeto moldatzen naiz»

Izaera aldetik, kanpotik nahiko lasai ikusten zaizu. Hala esango al zenuke, mutiko lasaia al zara?

Nahiko lasai ibiltzen naiz, bai. Astean zehar gustatzen zait lasai egotea, eta play off-etako partida, esaterako, prestatu nuen beste bat izango balitz bezala. Testuinguruaren edo egoeraren arabera, gehiago edo gutxiago nabaritu daiteke urduritasuna, baina hori barrutik kudeatzen da.

Finalak jokatutakoa zara afizionatu mailan, baita irabazitakoa ere. Hitzordu horietan lasaitasun hori mantentzen duzu edo urduritasun puntu hori datorkizu?

Zentzu horretan hobetzen joan naiz. Gaztetxoagoa nintzenean, urduriago jartzen nintzen. Baina, nolabait, denborak aurrera joan ahala, hori kudeatzen joan naiz, baina final bat beti hartzen duzu tentsio eta urduritasun puntu batekin. Hala ere, azken asteotan, lasai samar ibili naiz. Seinale ona da hori.

Urtarrilaren 25ean egin zenuen debuta, 2026a ederra doa kirol arloan zuretzat.

Hala da. Polita izango litzateke urte osoan maila hau mantentzea, baina batez ere, lesiorik ez izatea eskatuko nuke, eta hobetoxeago jokatzea.

Ezustean harrapatu zizun profesionala bilakatzeko aukera?

Ez, azkenean beti amesten duzu salto hori ematea, eta azken urteetan nahiko maila ona erakutsi dudala esango nuke, eta, gainera, emaitzek lagundu dute. Dena den, beste atzelari batzuk kriston maila erakusten ari dira. Horregatik, nigan konfiantza hori jartzea oso polita izan da; oso eskertuta nago.

21 urte dituzu, baina urteak daramatzazu pilotan. Nola erantzun dizute eskuek orain arte?

Zortea izaten ari naiz zentzu horretan, gutxi ari bainaiz sufritzen. Afizionatu mailan, batez ere, kadeteetatik jubeniletara pasatzeko momentuan, sufritu nuela esango nuke, pilotari askoren kasuan bezala. Hori ere kudeatzen ikasten da eta ikasteko tartea badudan arren, horri esker, adibidez, ikasi dut takoak beste era batera jartzen. Garai txarrak pasa dira, baina irakaspenekin geratzen naiz.

Arazo larririk izan duzu eskuetan?

Larririk ez nuke esango, ebakuntzarik ez dut izan. Denbora dezente ibili nintzen minarekin, baina hortik haratago gutxi gehiago.

Bi zentimetro bakarrik falta zaizkizu bi metrotara iristeko, 95 kilo inguru pisatzen dituzu eta 21 urterekin gorputz gehiago hartzeko tartea duzu. Prestatzailearekin hitz egin duzu horren inguruan?

Sasoi hasieran hitz egin nuen prestatzailearekin, bai. Nutrizionista batekin hasteko proposatu zidan, gorputz gehiago hartzeko. Azken finean, ni betidanik oso argala izan naiz. Hizketan egon ginen eta esan zidan prestakuntza fisikoarekin gorputza hartu dudala, eta momentu onean nengoela. Baina, gero, betikoa: zenbat eta pisu gehiago, orduan eta motelago mugitzen zara kantxan.

Maila profesionalera salto egin ostean, non nabaritu duzu aldaketa handiagoa: erritmoan, materialean…?

Bietan esango nuke. Batetik, erritmoan antzeman dut, beste abiadura batean jokatzen da maila gorenean. Bestetik, materialean ere aldaketa nabari dut. Pisutsuagoak eta exijenteagoak direla esango nuke.

«Aldaketa nabarmenena erritmoan antzeman dut, beste abiadura batean jokatzen da maila gorenean»

Ingurukoak pozik izango dituzu noski: familiak, lagunak, herritarrak…

Albistea jasotzean asko poztu ziren ingurukoak. Oso eskertuta nago haien babesagatik. Zornotzako partidara oiartzuar dezente joan zen pilotalekura, eta berotasun hori asko eskertzen da.

Batzuk ‘Landismoaz’ hitz egiten ere hasiak dira dagoeneko, akaso kolaborazioren bat egin beharko zenuke Mikel Landarekin armada dotore bat osatzeko.

Niretzako plazer bat izango zen (barrez). Sareetan ikusi nuen argazkiren bat sortu zela, baina ‘Landismoa’ bakarra da momentuz, eta Mikelena da, errespetu guztiarekin.

Pilotaz harago, 21 urte dituzu, zein beste afizioa dituzu? Ikasketak amaitu dituzu edo ikasten zabiltza oraindik?

Orain hirugarren urtea egiten ari naiz unibertsitatean, IVEF eta magisteritzako gradu bikoitzan, hain justu ere. Bost urteko gradua da. Horrez gain, mendira joatea dut gustoko denbora librean, lasai ibiltzeko, batez ere. Eta, lagunekin egotea, jakina.

Pilotaria zaren heinean, pilotazalea izango zara noski. Zenbateraino?

Ume-umetatik jarraitu dut pilota, dezente. Odolean daramadala esango nuke.

Jaurlaritza Logoa