En direct
«Inspirazio batzuk hartu ditugu eta ez kopiatzen, gure estilotik pasarazten»
Maskak taldearen lan berria ‘Ziklikoa’ deitzen da, bizitzan gauza asko ziklikoak direla argi uzten duen lana. Disko elektronikoagoa da aurrekoa baino, badirudi bide horri heldu diola talde baxenabartarrak. Martxoaren 6 honetan aurkeztuko dute zuzenean, Ezpeletako merkatu estalian.
«Inspirazio batzuk hartu ditugu eta ez kopiatzen, gure estilotik pasarazten»

Diskoari sarrera emateko soinu berezidun kantua aukeratu duzue.
Battitt Etchart: Lehen arnasa balitz bezala irudikatu nahi izan dugu kantu horrekin. Dena hasieratik hasten dela, jaiotza moduan ikusi behar da diskoari begira nola azaltzen den ulertzeko.
Betti Albor: Soinuekin nahi genuen diskoaren mood delako hori erakutsi. Zer giro izango zuen album honek. Horregatik soinu elektronikoak soilik entzuten dira, gitarrarik ez eta bateria gutxi. Albuma hasteko bikain atzematen genuen.
Sintetizadore asko entzuten dira diozuen moduan eta, ondorioz, ez dakit Betti gitarraz gainera sintetizadoreak jotzen ikusiko zaitugun.
B. A.: Bai, erran duzun bezala, sinteek sekulako tokia hartu dute album honetan, horretarako gogoz ginen hastapenetik. Gitarrak gibeltasun pixka bat hartu du eta zuzenekoetan bai joko ditudala sintetizadore batzuk. Helburua zen zinez elektronikoa zen hori aitzin ematea, horregatik gitarrak behartuak ginen frekuentzien beharrez gibeltzera. Gure hautua izan da eta nik ez dut batere gaizki hartu.
Aurreko diskoan hainbat gauza probatzen ibili zineten eta elektronikak eraginik bazuela ikusi genuen. Disko hau osatzerako garaian egon da erreferentziazko talderik edo?
B. A.: Bada, egia errateko, elektroa jo eta gitarrak zituzten taldeak xekatzen genituen, baina ez ditugu hainbeste atzeman. Hartara, behartuak izan gara gitarraren lekua topatzeko eta hori konposizioetan landu dugu. Hortaz, ukan ditugu rock inspirazio batzuk eta elektroniko inspirazio batzuk ere.
Rock izpiritu horri ez diozue ukorik egiten, nabari zaie abestiei.
B. E.: Gure lehentasuna bazen gure unibertsoa mantentzea beste norabide batetara joanaz. Gure lehen albumetik nahi genuen elektro musika landu baina ez genekien nola egin, beraz, rock eta pop gehiago entzun zitekeen. Orain, behar bada, heldutasun gehixeago dugu eta horrekin lortu dugu guztia hobeto nahastea.
B. A.: Nire ustez rock puru hori ez badago ere, sintetizadoreen soinuetan eta bestelakoetan bada distortsio puntu hori eta horrek rock izpiritua ematen die kantuei eta ‘Gelditzen dena’ bezalako kantuetan sentitzen ahal da. Rocka ez da bakarrik bateria, gitarra eta baxua, edo nik horrela uste dut behintzat, sinteekin ere egiten ahal dela uste dut.
Soinuak bilatzerako garaian zenbat denbora pasa duzue?
B. E.: Ene ustez lanketa hori bada urtebete hasi dugula eta bagenekien zein soinu mota nahi genuen sartu baina ez genekien sobera nola. Eta are gutxiago hori nola bihurtu gure soinu bezala. Hala, gure inspirazio batzuk hartu ditugu eta ez kopiatzen, baizik eta gure estilotik pasarazten, hortaz, soinuak aldatu egin dira eta gureak sortu ditugu.
B. A.: Sinteekin eta ordenagailuekin fite galtzen da esentzia. Badituzu milaka posibilitate eta ordu batez hasten zara soinu batetik bestera pasatzen eta ez duzu lortzen nahi duzun hori. Hortaz, sinte mota batzuk garatu eta album osorako berak izan daitezen saiatu gara, izaera hori mantendu ahal izateko. Lehen albumean ez genuen koherentzia hori lortu dugula esan daiteke.
Bateriak zer dira, organikoak, elektronikoak edo bietatik dago?
B. E.: Bietatik entzun daiteke. Nahi izan dugu gure identitatea atxiki eta hori gitarran, baterian eta baita ahotsean ere bazen. Hortaz, bateria elektronikoa ezartzea album guztirako gaizki ikusten genuen, ez delako gure identitatea eta guk nahi dugulako organikoaren eta elektronikoaren arteko nahasketa hori lortu.
B. A.: Zuzenekoetarako ere bisualki ederra da bateria-jotzaile bat egiazko bateria bat jotzen ikustea. Horretan arituko da Thomas Saragueta.
Erritmo dantzagarriak dira, eta akaso ezohikoena da trance estioko soinuak eta gitarrak elkarrekin entzutea.
B. A.: Ez, egia da. Gu estilo horietaz amorostu gara, elektroa eta technoa batez ere. Festibaletan eta izan gara eta halako soinu askorekin topatu gara haietan.
Bi esku nahikoak dira hau jotzeko Battitt?
B. E.: Ez, behar dira gehiago (barre egiten du). Horretarako zuzenekoetan bai Bettik, bai Patxik (Cazenavek, abeslaria) joko dituzte teklatuak.
Vocoderra bezalako ahots prozesagailuren bat ere entzun dezakegu disko honetan.
B. E.: Sinteetan, gitarran eta baterian soilik ez, gauza bereziak topatu nahi genituen ahotsarentzat erre eta orduan hasi ginen bilatzen zer hurbiltzen ahal zen gehien elektroniko mundu horretatik. Hala, vocoderra izan da gertuen ikusi dugun hori eta saiatu gara sartzen. Batzuetan sobera eman ginuen, besteetan ez aski… eta azkenean ustet dut oreka bat topatu dugula. Ez da sobera nabaritzen, baina kentzen bada bai hutsunea uzten duela.
B. A.: Erran behar da guk harmonikoetan, bigarren ahotsak-eta atzemateko, oso txarrak girela eta vocoderrak horretan laguntzen digu asko. Baina, zinez, musikan beste giro bat sortzen du eta kasik kantu guztietan presente dago.
Lehen aipatu duzue ‘Gelditzen dena’ kantua, iluna den kantua. Lurra lapurtzeaz, etxebizitzaren arazoaz… ari zarete. Nola bizi duzue zuok Behe Nafarroan?
B. A.: Egia da COVID garaia eta gero Euskal Herrian sekulako gentrifikazioa bizi izan dela eta gu gazteok lurrarik ez dugula gehio. Barnekaldean denek etxe bat ukan dugu umetan, sekulako lekuarekin, eta orain ohartzen gara ezingo garela bizi halako etxe batean. Apartamendu bat ukaiten badugu ongi, eta horrek haserrea sortzen digu. Ikusten ditugu pentze batzuk sekulako lantegiak bilakatzen ari direla eta zinez zaila da ikusten duzularik gaztetan pentze animalekoak ziren tokietan orain ez dela kasik gehiago. Horrek haserre mota bat sortzen digu eta kantu honetan erakutsi nahi genuen.
B. E.: Egia da gu ez garela ainitzetan joaten manifestazioetara, baina hau da gure manera kausa hau aldarrikatzeko. Musikaren bidez nahi dugu hori erakutsi.
Hurrengo abestian, ‘24/7’, horrela diozue: «bizitza ez dut bizi, bizitzak hiltzen nau». Lanaren inguruko gogoeta egiten duzue, prekarietatea salatzen duzue. Zuek oraintxe bertan musikatik bizi zarete?
B. A.: Saiatuko gara aurten intermitentzia ukaiten, Patxi kantariak salbu, bera bere lanean huntsa delako eta ez duelako joan nahi. Baina guretzat ametsa da horretaz bizitzea eta, urtebetez bederen lortzen badugu, sekulakoa litzateke. Baina taldeko guztiek bizi izan dugu goizeko zazpietan jaiki eta uros ez giren toki batean lan egin beharra. Frantzian bada esan bat, «metroa, lana eta ohera» eta zure bizia zer? Ez da deus lanaz aparte. Nik bizi bat horrela izango banu, enerbatuko nintzateke.
Estetika orokorrean nahikoa aldatu duzue eta ilunago ageri zarete. Nor egon da horren atzean?
B. E.: Haitian Olhagaray lagunarekin aritu gara hasieratik lanean eta honetarako ere ondoan izan dugu. Gure irudi guztia berak du zaintzen eta sekulako ideiak ekartzen dizkigu.
B. A.: Lizeotik ezagutzen nuen eta banekien noizbehinka grafismo kontuetan aritzen zela. Azkenean, gurekin geratu da eta sekulako garapena egin dugu berarekin, bera gabe ez gara deus.
B. A.: Grafismorako deitu genuen eta gero argazkiak egiteko eskatu genion, hori ere maite zuenez. Eta, azkenean, deitua izan da Gatiburen azken kontzertura, ZETAKen Mitoarora… argazkien hartzeko eta poza ematen digu.
Diskoa osorik entzunda… zer da ziklikoa zuentzat?
B. A.: Gure bizian badira ziklo ainitz eta horietako asko aipatzen dira diskoan. Ziklo batek badu hastapen bat, baina bukaerarik ez. Hortaz, guzti horren ondorioa da ‘Ziklikoa’ kantua bera ere.



