En direct

KRAX, gazteek Astigarragako musika eskaintza pizteko sortutako egitasmoa

Xabat Ruiz, KRAX egitasmoko kidea NAIZ Irratian izan da, Astigarragan sortu duten ekimen musikal berria aurkezteko. Gazte talde batek bultzatuta eta udalaren babesarekin, Erribera kulturguneko eskaintza indartu eta urte osoko kontzertu egitaraua antolatzea dute helburu.

KRAX, gazteek Astigarragako musika eskaintza pizteko sortutako egitasmoa

Loading player...
KRAX Astigarraga egitasmoko logoa.
KRAX Astigarraga egitasmoko logoa. (KRAX)

Astigarragako gazte talde batek KRAX izeneko egitasmoa jarri dute martxan, musika eskaintzan sumatutako hutsuneari erantzuteko asmoz. Xabat Ruizek NAIZ Irratian azaldu duenez, proiektua «herri-mugimendutik eta gogotik» sortu da, eta helburu nagusia da Erribera Kulturguneko aretoari merezi duen erabilera ematea.

Ruizen hitzetan, «badakigu udalak lan asko duela eta ez dela erraza guztira iristea; horregatik elkartu ginen musika munduan gabiltzan hainbat gazte, zerbait martxan jartzeko nahiarekin». Taldeak ikusi zuen Erribera Kulturgunean dagoen aretoak aukera handiak dituela: «oso txukuna da, akustikoki ona eta kontzertuak egiteko aproposa, baina iruditzen zitzaigun ez zela behar bezala aprobetxatzen».

Gazteek hartu dute antolakuntzaren ardura, nahiz eta bakoitzak bere egunerokoa izan. «Gogoa badagoenean eta jendea lanerako prest dagoenean, ez dago arazorik. Gu gara kontzertuez disfrutatu nahi duten lehenengoak», adierazi du Ruizek. Hala ere, azpimarratu du egitasmoa ez dela soilik eurentzat: «Guretzat hasi dugu, baina herriarentzat eta inguruko jendearentzat ere erakargarria izango delakoan gaude».

Epe luzerako helburuei dagokienez, oraindik bidea eraikitzen ari direla aitortu du. Hala ere, badituzte irizpide batzuk argi: «Euskarazko taldeak bultzatu nahi ditugu, eta emakumeen presentzia ere kontuan hartuko dugu; garrantzitsua iruditzen zaigu oholtzetan oreka handiagoa egotea». Horrez gain, tokiko artista txikiei aukera eman nahi diete: «Artista ezagunagoekin batera jotzeko aukera izan dezaten eta jendeari erakusteko».

Lehen kontzertua apirilaren 25ean izango da, eta askotariko estiloak ekartzea dute asmo. «Ez dugu estilo zehatz batean geratu nahi; musika mota ezberdinak ekarri nahi ditugu publiko anitz batentzat. Badakigu ez dela erraza denon gustukoa izatea, baina saiatuko gara egitaraua ahalik eta zabalena izaten», azaldu du.

Publikoari dagokionez, KRAX ez da gazteentzat soilik. «Gu gazteak gara eta gure ikuspegitik antolatzen dugu, baina irekia da; etorri nahi duen orok izango du lekua», nabarmendu du.

Egitasmoa aurrera ateratzeko, Astigarragako Udalaren babesa funtsezkoa izan dela azpimarratu du Ruizek: «Hasieratik lagundu digute; gure ideia izan da, baina haien babesik gabe ezinezkoa litzateke. Denon artean zerbait polita lortu dugula uste dut».

Kontzertuetarako sarrerak eta informazio guztia KRAXen Instagram kontuaren bidez eskuratu ahal izango dira; bertan dago eskuragarri erosteko esteka eta hurrengo emanaldien berri.

Jaurlaritza Logoa