En direct

NAIZ Irratia

«Solariak behin eta berriz erabiltzen du estrategia berbera»

Proiektu ugari aurreikusi dira azken aldian Arabako mendi komunalen eta nekazaritzarako balio handiko lurren gainean. Solaria enpresak, zehazki, 19 proiektu proposatu ditu. Honen inguruan gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Rober Ruiz de Arkaute, Arabako Mendiak Aske taldeko kidea.

«Solariak behin eta berriz erabiltzen du estrategia berbera»

Loading player...
Araba Biziriken elkarretaratzea Solariaren egitasmoen aurka.
Araba Biziriken elkarretaratzea Solariaren egitasmoen aurka. (Raul Bogajo | Foku)

Otsail hasieran elkartu ziren Gaubean Arabako zenbait eremutako herritarrak «berriztagarrien» industria gauzatzen ari den «lurraldearen kolonizazioa» salatzeko. Rober Ruiz de Arkautek, Arabako Mendiak Aske taldeko kideak, NAIZ Irratian azaldu duenez 19 proiektu berri aurkeztu ditu Solariak.

Proiektuak aurkezteko erabilitako prozeduran jarri du azpimarra, Solariak «behin eta berriz estrategia berbera» erabiltzen duela azalduz. «Hainbat proiektu aurkezten ditu asko ez direla aurrera aterako jakinda». Plataformak salatu izan du ere proiektu ezberdinak bereizita aurkezten dituela enpresak, proiektu bakarra osatzen dutenak. 

Ruiz de Arkautek azpimarratu du, gainera, megaproiektu horiek guztiak ez direla trantsizio energetikoaren ondorio, «erakundeek saltzen duten bezala», negozioa baino. «Aurkezten dituzten plangintzetan agertzen den informazio bakarra etekin gehien nondik atera daitekeen da». 

Lotsak galduta

Guzti honi gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren onespenarekin garatutako proiektuak direla, Arabako Mendiak Aske taldearen ustez. Aspalditik salatu izan dute «EAJren eta Solariaren arteko harremana». Berriki jakin da Solariako hainbat behargin ohi Euskal Energiaren Erakundean eta Arabako Aldundian goi karguak betetzen dituztela orain. «Agerian geratu dira ate birakariak».

Jaurlaritza Logoa