En direct

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Entrevue
Laia Puigdefabregas
Massi-Baix Ter taldeko txirrindularia

«Kontziente naiz non nagoen eta zer aukera dudan, baina helburu nagusia disfrutatzea da»

Laia Puigdefabregas nafar ziklistak urte berriarekin batera Massi-Baix Ter taldearekin sinatu du kontratua. Aurtengo helburuak izan ditu hizpide, eta zenbait hausnarketa sakon utzi ditu NAIZ irratian.

«Kontziente naiz non nagoen eta zer aukera dudan, baina helburu nagusia disfrutatzea da»

Loading player...
Laia Puigdefabregas Massi Baix Ter taldeko elastikoarekin
Laia Puigdefabregas Massi Baix Ter taldeko elastikoarekin (MASSI BAIX Ter)

Laia Puigdefabregas gaztea da oraindik, baina badu zer esan, errepidean eta hortik urrun ere. Emaitza aski onak lortu izan ditu azken urteotan; Espainiako txapeldunorde izan da erlojupekoan; edo, Sopelan eta Seguran irabazi du, besteak beste. Dena den, osasun arazo bat eta motibazio eza galga izan ziren 2024. urtean, eta, ondorioz, ez zuen lehiatu. Aukera berria izango du aurten, Massi-Baix Ter Kataluniako taldearekin kontratua sinatu baitu, eta bere ibilbidea ikusita argi du zein den helburua: «Bizikleta gainean disfrutatu nahi dut, zoriontsu izan». 

Talde berri batera iritsi zara, Kataluniako Massi-Baix Ter taldera. Nola gauzatu da fitxaketa?

Aurreko denboraldiaren hasieran taldeko zuzendariak esan zidan nire lehiatzeko modua gustatzen zitzaiola. Hori izan zen lehenengo kontaktua, eta hurrengo urtera begira zer asmo nituen galdetu zidan. Une horretan nire lanean zentraturik nengoen, hortaz, ez zen harago joan. Irailean, ordea, bigarren elkarrizketa bat izan genuen, eta taldearekin sinatzea erabaki nuen proiektuak erakarri ninduelako. 

Nola artatu zaitu taldeak?

Oso ongi. Kontzentraturik egon berri gara, eta oso gustura egon naiz, taldekideekin eta staffeko lantalderekin. Hori gutxi ez, Maier Olano eta Nahia Imaz euskaldunak taldekideak ditut, horrek egokitzapen prozesua erraztu du, ziur. 

Zeintzuk dira taldearen helburuak? 

Helburu nagusia talde gisa aurrera egitea da. Hori lortzen badugu, emaitza onak lortuko ditugu, beraz, horiek aipatuko nituzke. Zuzendariek, bestalde, UCI kategoriara itzultzeko asmoa dute, baina nik zaila dela deritzot. Izan ere, diru asko behar da, eta gu ez gaude egoera horretan. 

Talde oso-oso gaztea zarete. Nola eragingo du horrek? 

Ez dut uste eragin handirik izango duenik. Gazteak gara, bai; baina esperientzia dugu, urte nahikotxo daramazkigu honetan. 

Taldeko helburuak behin azterturik, zeintzuk dira zure erronkak? 

Topiko bat izan daitekeen arren, nire helburua disfrutatzea da. Kirolariok asko aipatzen dugu hau, baina askotan disfrutatzea kostatzen zaigu. Badakit non nagoen, oso kontziente naiz dudan aukeraz, baina hori da lehentasuna. Noski, serio hartuko dut eta txapelketetan ahalik eta emaitza onak lortu nahi ditut. Horiek helburuak, ametsak ere baditut. Jakitun naiz zein zaila izango den Mundialetan lehiatzea, baina hori da ametsa. 

Maillot berriarekin estreinakoz Beasainen, VI. Igartza Sari Nagusian. Zer asmo duzue? 

Talde lan polita egiteko asmoa dugu. Elkar ezagutzen gabiltza, eta igandeko izango da lehen proba. Beraz, talde bezala zer moduz moldatzen ikusi nahi dugu: komunikazioa, estrategia...

Kirol egutegia definiturik baduzu, non gehiago ikusiko zaitugu?

Denboraldiko lehen partea itxita daukat, baina hortik aurrera badut zer hitz egin zuzendariekin, ez baitugu oraindik egutegia zehaztu. Hala eta guztiz ere, Euskaldun txapelketan ibiliko naiz, eta Frantzian zein Italian baditugu zenbait lasterketa. Horiek gainditurik, ikusiko dugu zer datorren. 

Espainiako txapelketak, mundiala...

Espainiako txapelketari dagokionean, iazko bigarren postua errepikatzea zaila izango da, ibilbidea eta lehiakideak izango ditut oztopo. Dena den, ikusi beharko dugu nola iristen naizen, hori izango da aukerak ote ditudan neurtzeko tresna. Munduko txapelketa, esan bezala, aurtengo ametsa da. 

2025eko kirol urtea ongi ibili zinen. Pozik?

Urte oso positiboa izan zen, eta ez lortu nituen garaipenengatik. Motibazio gabeko denboraldi batetik nentorren, eta Ruben Alonso entrenatzaileari esker berreskuratu nuen lehiatzeko gogo hori. Horrela berriz ere sentitzea izan zen urteko garaikurrik handiena. 

Emakumezkoen etorkizuneko tourrean korritzeko aukera ere izan zenuen. Dena den, eroriko batek esperientzia gazitu zuen, ezta?

Niretzat katastrofikoa izan zen, ez nuen egun onik izan eta asko sufritu nuen. Bitan edo hirutan erori nintzen, eta horrek erretiretzera eraman ninduen. Horiek esanda, lasterketa lehiatzeko aukera ikaragarria izan zen. 

2024ean, ordea, ez zinen apenas ibili. 

2021ean edo 2022an, nire ahizparekin entrenatzen ari nintzela, bihotzak behar baino azkarrago taupa egiten zuen. Ez ohiko egoera hori egunero sufritzen hasi nintzen. Hortik hiru urtera takikardia paraxostika diagnostikatu zidaten. Mediku batek esan zidan sei hilabetez kirola egin gabe egon behar nintzela, taupadak 100 azpitik mantenduz. Ondoren, beste mediku batekin bildu nintzen, eta geroztik egunero pilula bat hartu behar dut. Egiari zor, ez da egoera ideal bat, baina lehiatzeko aukera ematen dit. 

Epe laburrean, zer asmo dituzu? Zein izan daiteke hurrengo urratsa zure ibilbidean?

Zintzoki, profesionaletan aukera izatea da helburua, edo, hori gustatuko litzaidake behintzat. Izan etxeko talderen batean edo beste edozeinetan, hamaika talde on baitaude. Badakit, halaber, hori lortzeko faktore asko nire alde izan behar ditudala, tartean, zortea. Beraz, egiten dudanarekin zoriontsu izaten jarraitu nahi dut, lasai egon egin nire buruarekin. 

Emakumezkoen euskal txirrindularitza sasoi onean dago, eta horietako asko aski gazteak zarete. Etorkizun oparoa izango al dugu?

Txirrindulari euskaldun asko gara, eta maila onekoak gainera. Hala ere, belaunaldi berrietan ez dago neska nahikorik, eta hortxe jarri beharko genuke fokua. 

Jaurlaritza Logoa