En direct
«Mitoek ez dute iraun folklore mailan mantendu direlako»
Eskolan irakurtzen ikasteko erabiltzen ziren letra liburuxkak ziren katonak. Ezkion, hilotzak lurperatzeko lihozko oihalak. Magia, mito eta esaeraz blaitutako unibertsoa eraiki du Mendizabalek 'Katona'-n (consonni, 2025). Izena galdu duen protagonistaren eskutik arrazoi ezaren egian murgiltzen gara.
«Mitoek ez dute iraun folklore mailan mantendu direlako»

Zein izan zen zure katona? Zerk hurbildu zintuen literaturara?
Ziur aski bakardadeak. Nik ere izan dut nire katona ikastolan, Xabiertxoren garaikoa gara. Baina oroitzen dut nire jaunartzean izebak eguneroko bat oparitu zidala, giltzatxo eta guzti, eta horrekin hasi nintzela idazten eguneroko kontuak. Ume oso bakartia nintzen, lotsatia ere bai, eta joera handiagoa nuen barrurako kanpora baino. Ordurako egia da liburuak liluratzen nindutela. Gure etxean ez zegoen liburu askorik, baina zeuden apur haiek orriak pasa eta pasa begiratzen egoten nintzen. Iruditzen zitzaidan liburuetan zegoen guztia jakinez gero pertsona jakintsu eta baleko bat bihurtu nintekeela. Umetako fantasia bat da pentsatzea liburuetan dagoela bizitza honetarako behar duzun guztia. Liburuetan jakintza handia dago. Jakintza intelektuala, normalean. Bestelako jakintza, ‘Katona’-n esaten den bezala, beste nonbaitetik ateratzen da. Hala ere, txarrenean, liburuak oso konpainia ona dira.
Ohikoagoa zen literatura moldetik aldendu zara. Nora heltzeko?
Nik neuk nora iritsi nahi nuen ez dakit. ‘Odolekoak’ bukatu eta handik gutxira hasi nintzen berriro idazten. Orain iruditzen zait beste erregistro horrek kazetaritzatik asko duela. Odolekoak-en esate baterako kazetaritza asko dago. Berriz idazten hasi nintzenean, aspertu egiten nintzen nolabait, ez nekien zer edo nola esan. Halako batean erabaki nuen haririk gabe hasiko nintzela idazten, ariketa solteak egiten. Hain justu, liburuko azken pasarteetako batzuk idatzitako lehenak dira. Forma aurkitu nuen, eta ostera etorri zen haria edo argumentua. Liburua surrealista samarra izan daiteke, magia edo, magia baino, poesia du. Sinboloak eta metaforak erabiltzen dira. Eta hor topatu nuen ahots berri bat. Ez nekien ahots hori nuenik, oso gustura ibili nintzen, denbora mordoa pasa nuen zertaz ari nintzen jakin gabe idazten. Argumentua amaieran etorri da eta nahikoa koskatu zait. Nik jolasean jarraitzeko gogoa nuen. Ahots honek harrapatu egin ninduen eta hori izan da beharbada aurkikuntzarik politena proiektu honetan.
«Ipuinek unibertso propio bat eraikitzen dute, deboraren eta lekuaren koordenatuak puskatu egiten dira bertan, beraz edozer gauza da posible»
Eleberri gotikoa, errealismo magikoa edota garaikidea bezala deskribatu dute. Etiketarik jarri diozu zuk?
Zer den editore on bat izatea! Testua entregatu eta hark jartzen baitu etiketa (barreak). Lehen aldiz María Mur-i entzun nionean nobela gotiko berrituarena aitortuko dizut kontsultatu behar izan nuela ia zer ote zen. Pentsatzen dut errealitateaz edo naturalismoaz harago doan mundu hori deskribatzeko eta bertan egoteko ezaugarri horiek dituelako dela. Nire ustez eleberri forma hartu duen ipuin luze bat da. Ipuinen doinu hori lortu nahi nuen eta horregatik ahalegin handia egin dut batez ere sintaxian. Ipuinek unibertso propio bat eraikitzen dute, deboraren eta lekuaren koordenatuak puskatu egiten dira bertan, beraz edozer gauza da posible. Niretzat hori liluragarria da. Fantasia hitza ere aipatu da. Hitz asko ikasi ditut liburu honekin. Horietako bi dira Adur eta Indar. Ederra iruditu zitzaidan euskarak zein baliabide zituen gauzak adierazteko. Adurra gizaki bizidun guztiak lotzen dituen gaia da eta indarra bereizten dituena. Liburuko protagonistak umeetan bazuen, baina galdu egiten du eta adurraren bila joan behar du. Ikusten diren eta ikusten ez diren gauzen artean eraikia dago unibertsoa. Hori gotikoa den ala fantasia? Ongi etorria bata zein bestea.
Euskal literatur sistema abegikorra da horrelako lanekin?
Esker txarrekoa ez naiz izango, motiborik ez dut. Irakurlearen jakin-mina piztu du, eta hori asko da. Baina egia da zenbait irakurlek esan didatela ezin izan dutela testuan sartu, eta suposatzen nuen hori gerta zitekeela. Testuaren logika ezak eta arrazoiarekin irakurri ezin horrek batzuk blokeatu antzera utzi ditu. Askok hizkuntza mailari egotzi diote, baina nik uste dut oker daudela. Errekan murgildu behar zara, arrazoia utzi eta beste era batean irakurri beharreko testua da. Nik uste oraindik ere euskal literaturan argitaratzen den gehiena beste era bateko testuak direla, eta ez dakit prest dauden ala ez, baina originaltasun horren alde egin dut nik. Ikusi beharko da halakorik idazten duen beste inork ala ez, baina egia da irakurleak ere prest egon behar direla. Eta euskaraz ez dakit horrenbeste dauden. Baten batek itzulpenarekin ulertuko ote duen esan dit. Nire artean pentsatu dut ezetz, are gutxiago kasu honetan. Beste batek ere esan zidan akaso orain dela ehun urteko euskaldun batek hobeto ulertuko lukeela. Eta akaso bai. Horrekin uste dut esan nahi zidala badela euskal unibertso bat, gure iruditeriari oso lotua, agian lehen batzuk hobeto ulertzen zutena.
Pertsonaia nagusia izenik gabeko neskatila da. Nondik dator ideia?
Anekdota hori neurea da. Ez naiz oso urrutira joan. Ni ikastolara joan nintzenean izen erdaldun batekin joan nintzen, eta esanahi bereko euskal izen batekin itzuli nintzen, hala moduz idatzia. Garaian ohikoa zen. Denborarekin, hunkitu ninduen gauza da. Nola da posible eskolara izen batekin joan eta bueltan beste batekin etorri, eta orduz geroztik inork izen horrekin ez deitzea berriro? Anekdota zenari esanahia handiago eman nion eta liburu honen abiapuntu bihurtu da. Protagonistak izen bat jasotzen du jaiotzez, Txerrenek berarekin eramaten du aukeratzen duelako ume hori berarekin maitasuna istorio bat bizitzeko, baina oso negartia da eta etxera bueltan eramaten du. Zigortu egiten du. Eta lehen zigorra izena kentzea da. Hortik aurrera liburuaren bukaera arte emakumea bere izenaren bila arituko da. Testu hau ume baten ahotsetik dago idatzia. Nire umetako ahotsa da. Nik uste dut umetan adurrera oso konektatua bizi nintzela, eta hor aurkitu dut akuilu edo euskarri bat. Nik erlijioa txikitan jaso nuen, baina badago mitologia, Europako mitoak, esaerak, kantuak... Ondare horretan euskal iruditegi bat badagoela topatu dut, nigan beti egon dena presente eta txikitan askoz gehiago. Ezagutzen nauenak ni ikusiko nau. Nire buruari eskaini nahi izan diodan ipuina da.
«Ederra litzateke mito horien ikuskeraren atzean dagoena, edo komeni zaiguna, berreskuratzea. Baita herri bezala ere, bestela nekez ezberdinduko gara besteengandik, ezberdindu nahi baldin badugu behintzat»
Mitologia eta tradizioa modan dago, baina zuk beste era batera tratatu duzu. Nahita?
Beste diziplina batzuetan hurbilketa bat ematen ari da gure mitologia eta mitoetara. Eta horiek gutxietsi gabe, iruditzen zait askotan folklorean gelditzen direla. Mito horiek gure aurrekoen sinesmenak ziren eta gero etorri ziren erlijio kristaua eta bestelako batzuk. Orduan nik sinesmen horietan sakondu nahi nuen. Azken finean, mitoek ez dute iraun folklore mailan gelditu direlako, baizik eta jakintza handiagoak eskaintzen zituztelako. Gizarteak bizirauteko balio izan dute, superbibentzia ariketak dira. Galdera zail askoren erantzunak bertan topatu zituzten. Ederra litzateke mito horien ikuskeraren atzean dagoena, edo komeni zaiguna, berreskuratzea. Baita herri bezala ere, bestela nekez ezberdinduko gara besteengandik, ezberdindu nahi baldin badugu behintzat. Hizkuntzak bakoitzak bere mundua du, euskarak badu berea. Nik maila horretan egin dut lan, folkloreaz harago. Jakinduria bat dago mitoen atzean, geure burua ulertzeko jakinduria bat. Nora iristeko? Ez dakit, baina honaino iritsi gara. Euskaldunok geure baliabideak ditugu eta herri bezala jarraitu nahi badugu, jakinduria horretan erantzunen bat egongo da.



