En direct
«Ahalik eta maila gorena ematen saiatu naiz, uneoro, eta lasai eta harro nago 12 urte ondoren»
12 urte profesionaletan aritu da Xabier Tolosa, 482 partida jokatu dituela. Besteak beste, Serie Bko bi binakako txapel lortu ditu, eta maila bikaina erakutsi du lehen mailan ere. Tolosa pozik doa: «Lasai eta harro nago egindako ibilibidearekin, kantxan %100 eman dut beti».
«Ahalik eta maila gorena ematen saiatu naiz, uneoro, eta lasai eta harro nago 12 urte ondoren»

2025eko urte amaierarekin bukatu zitzaion Xabier Tolosari ASPE enpresarekin zuen kontratua. Enpresak ez zuen kontratua luzatu, lesio bat argudio. Xabier Tolosa NAIZ irratian egon da bere ibilbidea hizpide eta Bainetek Aspe erosi izanak ekar ditzakeen ondorioak aztertu ditu.
Zer moduz dago Xabier Tolosa behin hilabete bat igaro dela ASPE enpresarekin zenuen harremana eten zenetik?
Egia esan nahiko barneratuta nuen. Aurretik ikusita eskumuturraren egoera zein zen, ideia eginda neukan. ASPE enpresak kontratua ez berritzea erabaki zuen eta orain etapa berri baten hasieran, gogotsu.
Nolakoa izan da azken hilabete hau? Mezu asko jasoko zenituen...
Erabakia zein zen ikusita eta publikoki zabaldu ondotik, jendeak babes handia eman dit, mezu asko jaso ditut. Egiari zor, ikaragarri eskertzen dut babesa hain handia jaso izana.
Pilotari profesionala izateari utzi diozu lesio bat tarteko, zuk aipatu duzu eskumuturrean izan duzun lesio bat tarteko. Dena den, jarraitzeko asmoa al zenuen?
Nik banekien zein zen nire eskumuturraren egoera. eta partidak jokatzeko %100ean egon behar zara. Azken urteotan asko sufritu dut eskumuturreko lesioekin, eta azkeneko erorikoarekin are gehiago okertu zen. Saiatu arren, ezinezkoa izan zait egoera iraultzea, eta ASPEk hori ikusita hartu zuen erabakia.
12 urte. 482 partida. Serie Bko binakako bi txapelketa. Pozik egindakoarekin?
Momentu orotan saiatu naiz nire %100 ematen, beti saiatu naiz nire lana txukun egiten, errespetuz. Horiek horrela, iritsi naiz iritsi naizen tokira; denek ezin dugu Jokin Altunak edo Jose Javier Zabaletak duten maila eman. Lan hori eginda, lasai eta harro nago nire ibilbidearekin.
Baikok ASPEren kontrola hartzeak esku pilotaren egitura hankaz gora jarri du. Zer deritzozu?
Pertsonalki, ez dut informazio nahikorik balorazio orokor bat egiteko. Ez dakit enpresek zer politika izango duten, zer erabaki hartuko duten edo pilotaren nondik norakoak zenbateraino aldatuko diren. Ikusi beharko da.
Zurrumurruak izan dira nagusi. Gainera, pilotariek ez dute horren salerosketaren berri izan azken unera arte. Zu abenduaren 31ra arte pilotari profesional izan zara. Beraz, zer iritzi duzu enpresen eta pilotarien arteko harremanaz?
Niri momentu orotan lagundu didate, batez ere eskumuturreko arazoekin. Oso ongi tratatu naute, nire osasuna asko errespetatu dute eta nirekin egia esan oso ondo portatu dira. Nire uste apalean, ni beraiekin ere oso ongi portatu naiz eta elkarren arteko harremana oso-oso ona izan da.
Bestalde, logika izan dezake isilpean mantentzeak, baina pilotariek prentsan agertu aurretik aipamenen bat merezi zuten.



