En direct
Unai Jauregibeitiak zuzendaria eta Josu Iztuetak protagonistetako bat 'Tras la huella noruega' dokumentalaz hitz egitera etorri dira Bigarren Kafera. Filma Bilbao BBK Mendi Film Jaialdian estreinatu zen. Han erakutsitakoak ez zuela bertan geratu behar erabaki zuten, beraz, istorioa gertatzen den kokalekuan, Tolosan, emanaldia eskainiko dute urtarrilaren 21ean 19:00etan. Dagoeneko agortu dira sarrera guztiak, baina otsailean beste saio bat egiteko asmoa dute Tolosako Leidor antzokian, baita beste zenbait herritan ere, aurreratu du Jauregibeitiak.
1906. urtean Norvegiako Hafdan Mustad enpresak Espainiar estatuaren iparraldean ekoizpen-lantegiak eraiki nahi zituen ferren merkatua irekitzeko Iztuetak azaldu bezala. Tolosara iritsi ziren eta bertan geratu ziren, herriak industria-azpiegitura sendoa, komunikazio onak eta tren sarea baitzituen. Enpresarekin batera, hainbat norvegiar langile eta arduradun etorri ziren bertara. Hala ere, bestelako ondarea ere iritsi zen: eskia. Garai hartan Tolosan eta inguruan elurra ohikoa zen eta kirol hura pixkanaka sustraitzen joan zen inguruan (Berastegin ospatu zen, gainera, estatuko lehen eski proba) eta Euskal Herrian zabalduz.
Zuzendaria Berastegira joan zen behin telebistarako programa bat grabatzera. Bertan Susana Iturralde Kildalekin topo egin zuen, norvegiar horietako baten ondorengoa. Jauregibeitia harrituta geratu zen istorioa entzun zuenean. Beraz, dokumental hau egitea erabaki zuen. Bost urteko prozesua izan dela adierazi du Unaik: «Gure ardura belaunaldi bakoitza aztertzea izan da».
Josu Iztuetak aipatu du norvegiar haiek, denek eskiatzen zuten herrialde batetik zetozela: «Norvegiar askok oinez ikastearekin batera elurretan ibiltzen ikasten dute, eta inork eskiatzen ez zuen toki batera etorri ziren». Hasieran jendeak zertan zebiltzan ezin ulerturik geratu zela azaldu du Iztuetak. Azkenean, asko kirola probatzera ausartu ziren. Horrek eragin handia izan zuen bertakoengan eta askok eskiatzeko erabakia hartu zuten. Gaur egun, eskiak garrantzi handia du Tolosan eta Euskal Herrian. Besteak beste, Imanol Rojo tolosarrak hiru aldiz hartu du parte Joko olinpikoetan iraupen eskian. Aurtengoan klasifikatua izan ez den arren, Manex Salsamendi nafarra joango da Milano Cortina d’Ampezzora.


