En direct

Bigarren Kafea

«Amatxi eta aitatxiren oroitzapenak bizirik mantentzeko, garrantzitsua da euskara»

'Sensibilité' abestiaren bideoklipa aurkeztu zuen atzo Julie abeslariak. Inklusioaren aldeko aldarria egin du musikariak. 

Durangoko Azokan ezagutu genuen Julie, Baionan jaio eta Uztaritzen hazitako abeslaria. ‘Eklore’ diskoa aurkezten ari zen, bere lehen lana, eta hitz eman zigun azoka amaitutakoan gure estudiora etorriko zela gitarra hartuta. Izan ere, bere abestiak zuzenean entzuteko gogoz geratu ginen. ‘Sensibilité’ abestiaren bideoklipa aurkeztu eta biharamunean etorri da Bigarren Kafera. «Urrian atera nuen kantua, baina atzo bideoklipa aurkeztu genuen; oso harro sentitzen naiz, elbarritasunen bat duten pertsonak elkartu ditugu, inklusiorako mezu bat da» kontatu digu.

Izan ere, musikaria izateaz gain, ergoterapeuta da ofizioz. «Haurrekin egiten dut lan, eta niretzat oso garrantzitsua da inklusioa; desberdintasunak indar bihurtzeari buruzko kanta da». ‘Eklore’ diskoan frantsesez dagoen abestietako bat da, bi hizkuntzatan egin baitu diskoa Juliek, batzuk frantsesez eta besteak euskaraz. «Aitatxi eta amatxiren hizkuntza da euskara, beraien etxean euskara entzun izan dut beti, eta jada hemen ez daudenez, beraiek biziarazteko oso garrantzitsua da hizkuntza». AEK-n ari da euskara ikasten abeslaria, «irakasleak begiratzen dizkit abestien letrak, eta batzuetan akats txiki bat egiten dudanean, testu osoa aldatu behar dut» kontatu digu barrez.

12 abestiz osatutako diskoa egin du Juliek, «nire lehen diskoa da, eta anitz gauza erran nahi nituen». Amonari eskainitakoak, Masha Aminiren heriotzari buruzkoa, askatasunaren aldarriak… denetarik topatuko du entzuleak Julieren diskoan.

Jaurlaritza Logoa