En direct
Martxoan egingo diren hauteskundeak direla eta bildu da asteburuan EH Bai, besteak beste zerrendak prestatzeko. Egindako Topaketa Munizipalistan, egungo testuingurak bizi dituen hainbat arazo antzeman dituzte, ultraeskuinaren gorakada tartean. Txomin Casteigts, alderdiko koordinatzaileak hainbat gako eman ditu NAIZ Irratian.
«Egiten dugun irakuketan, ikusi dugu krisi anizkoitz batean gaudela: krisi sozial-ekonomikoa, eta psikolgikoa ere bai. Gainera frantziar estatuan, eta frantziar estatutik haratago, munduan eta Europan, krisi politiko eta krisi demokratiko bat ere somatzen dugu. Testuinguru horretan eskuin muturra eta kontserbadurismoaren gorakada antzeman ditugu, neoliberalismoaren eraso berri batekin eta zerbitzu publikoen ahultzearekin batera».
Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskararen egungo egoerak larrituta dituela baieztatu du, eta hizkuntzaren aurkako eraso bat dagoela salatu du. «Hilabete honetan jakin dugu Euskararen Kultur Erakundeak diru galera handia izango zuela. Gainera, Euskararen Erakunde Publikoak aurrekontu apala izango du, euskararen biziraupena bermatuko ez duen aurrekontua». Casteigts-ek arazoari erantzuna tokiko erakundeen bitartez egin beharra dagoela azpimarratu du, eta besteak beste, horregatik aurkeztuko direla martxoaren 26ko hauteskundeetara.
Ezkerraren batasuna
EH Bai-ko koordinatzaileak, aliantzen inguruan galdetu diotenean, ezkerreko alderdien arteko elkarlana defendatu du, eta horren erakusle dela pasa den hauteskunde legegileetan ezkerreko batasunak Ipar Euskal Herrian lortu zuen emaitza, ezkerreko alderdiak elkarrekin aurkeztu zirenean.
Besteak beste, Alderdi Sozialistari elkarrekin aurkezteko deia luzatu dio Casteigts-ek, eta pasa den hauteskunde legegileetan lortutako emaitzak errepikatzeko, ezkerraldeko alderdien arteko batasuna eskemarik onena dela baieztatu du.


