En direct

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Ezin da gehiago luzatu salbuespen egoera euskal presoen auzian»

Sareko bozeramaile den Beñat Uribe-Etxeberria NAIZ Irratian izan da larunbat honetarako deitutako mobilizazioaren harira. Euskal presoen egungo egoera, indarrean jarraitzen duten salbuespen politikak eta konponbide integralaren beharra izan ditu hizpide.

«Ezin da gehiago luzatu salbuespen egoera euskal presoen auzian»

Loading player...
'Ezin da gehiago luzatu, etxera kantuz' topaketa, Sarek antolatuta.
'Ezin da gehiago luzatu, etxera kantuz' topaketa, Sarek antolatuta. (Endika Portillo | FOKU)

Sarek larunbat honetarako deitu duen mobilizazioak euskal presoen auzian oraindik ere indarrean diren salbuespen politikekin amaitzeko beharra jarri du mahai gainean. ‘Ezin da gehiago luzatu’  lelopean, Bilbon mobilizatuko dira, gaur egun espetxeetan jarraitzen duten 105 euskal presoen eskubideak errespetatu daitezen aldarrikatzeko.

NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, Beñat Uribe-Etxeberriak azaldu du euskal presoen kasuan «legezkotasuna ez dela betetzen», eta salbuespena oraindik ere modu sistematikoan aplikatzen dela. Adierazi du «salbuespena nabarmentzen delako ez dugu oraindik konponbide integral bat eskuratu», gogoraraziz preso guztiek betetzen dituztela zigorrak etxean amaitzeko baldintzak, «baina praktikan aukera hori ukatzen zaie».

Sarek azken urteetan egindako lana ere azpimarratu du, eragile politiko, sindikal eta sozial ezberdinen arteko adostasunak ehuntzeko egindako ahalegina nabarmenduz. «Ezberdinen arteko gerturatzeak ematen eta zubiak eraikitzen saiatu gara», azaldu du, herriz herri egindako dinamiken eta Bilboko Euskaldunan ospatutako konferentziaren adibidea jarriz. Horren esanetan, ekimen horiek erakusten dute «gizartea prestuago dagoela etorkizunaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko zenbait arduradun politiko baino».

Bozeramaileak alderdi politikoei zuzenduriko mezua ere argia izan da. «Salbuespenarekin amaitzeko ardura instituzioena da», eta ezinbestekotzat jo du neurri horiek behingoz indargabetzea. Ildo horretan, 7/2003 legea aipatu du bereziki, «presoei kalera ateratzeko aukerak praktikoki erabat eragozten dizkien legea» dela salatuz.

Azkenik, urruntze politikaren amaierak ekarri dituen ondorio positiboak nabarmendu ditu. Espetxe eskumenaren transferentziarekin batera, «etxeratze prozesua azkartu» dela azaldu du, eta gaur egun presoen erdiak baino gehiago, astean zehar zigorrak etxean betetzen dituztela gogorarazi du. Hala ere, konponbide osoa lortzeko oraindik urratsak falta direla ohartarazi du, eta horregatik, larunbatean Bilbon mobilizatzera deitu du: «Salbuespenarekin amaitu eta konponbide integrala lortzeko garaia da».

Jaurlaritza Logoa