En direct

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Entrevue
Maitane Etxeberria
Bera Berako kapitaina

«Liga ahaztu gabe, Kopa etxean jokatzea eta irabaztea da nire ametsa»

Bera Berarekin dena irabazi du Maitane Etxeberriak (Lezo, 1997) –2024-2025 denboraldian hirukoa esaterako–, baina orain beste erronka batzuk ditu. Iaz, pena handiz, eskuin-hegal lezoarrak agur esan behar izan zien Ester Arrojeria eta Alba Menendezi, baina indarberrituta dago kapitain lanetan.

«Liga ahaztu gabe, Kopa etxean jokatzea eta irabaztea da nire ametsa»

Loading player...
Maitane Etxeberria Malagaren aurka Gaskan jokatutako partidan
Maitane Etxeberria Malagaren aurka Gaskan jokatutako partidan (Andoni Canellada | Foku)

Super Amara Bera Berak Ligako lehen postuan amaitu zuen 2025 urtea, 13 partida jokaturik eta 12 irabazita. Munduko Txapelketatik iritsi berri, Maitane Etxeberriak NAIZ Irratian urteko analisia egin zuen duela aste batzuk. Ordutik hona, Malagaren aurka irabazi eta Elxen kontra lehen porrota jaso zuen taldeak, baina lider izaten jarraitzen du. EHF European Leaguetik kanpo geratu izana «kolpe handia» izan bazen ere, «arantzatxo hori kentzeko gogotsu» dago lezoarra.

Liga geldialdia amaituta, Malagaren aurka bueltatu zineten, 31-28ko garaipena lortuz. Nolako partida izan zen?

Partida zailenetariko bat izan zen, hilabete oso bat baikeneraman entrenatu gabe danok batera. Taldetik dezente joan ginen bere selekziotara eta geldialdian ez genuen aukera eduki entrenatzeko. Egia da hiru eguntxo entrenatu genituela igandetik asteazkenera, baina partida zaila izan zen.

Oro har, zer balorazio egiten duzu jada atzean utzi dugun 2025 urtearen inguruan?

Esango nuke aurreko denboraldia borobila izan zela. Azkenean tripletea lortu genuen; gure helburua Europan pauso bat aurrera ematea zen, eta hori ere lortu genuen. Pertsonalki nik ez nuen inoiz bizi partida bat horrenbeste jenderekin eta Gaska hain beteta ikustea, niretzat oso polita izan zen.

Ligan liderrak, erregulartasunaren eredu. Beraz, Liga berriro irabazteko faborito.

Liga oso luzea da eta partidaz partida joan behar dugu, lan handia dago atzetik eta gure helburua hori da.

Zu, pertsonalki, nola ari zara?

Nik uste dut aurten rol desberdin bat daukadala eta hasieran pixka bat kostatu zitzaidan, baina taldekideek asko erraztu dute hori. Gainera, hasieratik niretzat utzi zidaten tarte bat niregan zentratzeko. Alde horretatik, ni lasai nago eta niretzat hori da helburu nagusia, lasai jokatzea.

Hirugarren aldiz Iberiar Penintsulako Superkopa irabazi zenuten. Beraz, pozik.

Bai. Nire ustez, hori zen denboraldiko lehenengo helburua. Denboraldiaurrean hori egon ginen entrenatzen eta lortu genuen. Superkopa eta gero, egia da beste helburu batzuen bila hasi ginela joaten.

Akaso helburu horiek Liga eta Kopa irabaztea izango dira.

Oraintxe bertan, bai.

Eta bide onetik zoazte.

Bai. Gainera, Kopa aurten hemen Donostian da. Nik uste dut oso polita izango dela hori bizitzea.

Eta ziur Gaska ere beteta egongo dela. Bestalde, Europako txapelketatik kanpo gelditu zineten Mundialera joan aurretik. Nola oroitzen duzu partida hori?

Nik uste partida oso gogorra izan zela. Bagenekien hemendik joanda gogorra izango zela partida eta kanporaketa gogorra izango zela. Baina nik uste saiatu ginela dena ematen eta horrekin geratu behar gara. Azkenean, bai izan zela pena handia; penaltitaraino iritsi ginen. Baina egia da azkar aldatu behar izan genuela txipa. Hurrengo egunean bagindoazen selekzioarekin; beraz, ez dugu denbora asko eduki dena asimilatzeko.

Zozketak aurkari zaila ekarri zuen, Frantziako Dijon, baina oso gertu egon zineten.

Bai. Nik uste dut horrekin geratu behar dugula. Azkenean, egia da zozketan Europan ez zaizula ekipo errazik tokatuko, denak izango dira zailak. Baina nik uste dut geratu behar dugula beraien kontra jolastea eta penaltietara iristea ez dela gauza erraza, eta hori egitea, ezta ere.

Gainera, Gaskako partidan hiru goleko abantaila lortu zenuten eta gero penaltietan galdu. Bigarren urtez jarraian penaltietan kanpo gelditu zarete, ezta?

Bai. Horrek eman zigun amorru handiena. Penaltietara iristea ere oso zaila da, eta bi urte jarraian horrela penaltietara iristea... Nik uste dut aurten ere talde oso gaztea dugula eta penaltietan hori ere nabaritzen dela.

Europan kanporatuta geratu ostean, urteko helburu nagusia bertan behera gelditu zela esan dezakegu?

Bai, bai. Nire ustez, helburu nagusia bai zela Europan pauso bat aurrera ematea, beti bezala. Aurreko urtean Gaska horrela ikusita, guk ere gehiago nahi genuen. Baina orain beste helburu batzuk jarri ditugu, horien bila joan behar dugu eta Gaskak beteta jarraitzen duela batez ere. Guretzat hori ere garrantzitsua da.

Mundiala hizpide, lehenik eta behin, zer moduz joan da esperientzia? Zer balorazio egiten duzu?

Urte bat neraman joan gabe eta talde berri batekin aurkitu naiz, oso gaztea. Espektatiba handirik gabe joan ginen. Ez genituen helburuak jarri Mundialari begira. Hitz egin genuena izan zen joatea partidaz partida eta ikustea zer puntutan geunden gu beste selekzioekin konparatuta, eta hori egin genuen azkenean.

Txapelketa ona egin duzue, baina Faroe Uharteen aurkako partida galga izan zen.

Azkenean, Mundialean edozein partida galduta, puntuak galtzen zenituen eta beste selekzioek ere ez dute barkatzen. Orduan, zaila izan zen.

Espainiako taldeko minutu gehien jokatu duen jokalaria izan zara, Kaba Gassama kenduta. Beraz, Bera Beran ez ezik, ezinbestekoa zara ere selekzioan.

Annerekin [Erauskin] joan nintzen eta Anne azkeneko partidetan lesionatua izan zen. Orduan, nik uste horregatik ere jokatu nituela minutu gehiago, baina Annerekin gustura egon naiz eta nik uste dut pareko jokatzen ari ginela.

Eta alde pertsonalean emandako mailarekin gustura ere?

Bai. Azkenean, nire intentzioa zen lasai egotea eta batez ere disfrutatzea. Eta nik uste lortu nuela.

Taldetik 11 jokalari egon zineten Mundialean. Beraz, taldearen osasun onaren seinale, ezta?

Nik uste dut gauzak ondo egiten ari direla eta jendea, batez ere, gustura dagoela ere. Azkenean, gustura zaudenean gauzak hobeto ateratzen zaizkizu.

Urte berriari ekin diogula, zeintzuk dira 2026rako kirol erronkak? Taldearekin eta pertsonalki ere, noski.

Taldearekin, batez ere lehen esan dudana, Kopa eta Liga irabaztea. Eta pertsonalki, niretzat Kopa etxean jokatzea oso emozionantea da. Beraz, Koparako ondo egotea eta lasai egotea.

Jaurlaritza Logoa