En direct
«Herritarrak ez gara tontoak eta tontotzat hartu nahi izan gaituzte»
Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako ordezkaria NAIZ Irratian izan da asteazken honetan, Bilboko Guggenheim museoaren patronatuak Urdaibaiko museoaren proiektu polemikoa baztertu eta ordu gutxira. «Balantze positiboa eta alde ilunak» aipatu ditu.
«Herritarrak ez gara tontoak eta tontotzat hartu nahi izan gaituzte»

Bilboko Guggenheim museoaren patronatuak Urdaibaiko museoaren proiektu polemikoa baztertu du, bi urtez luzatu den hausnarketa prozesua amaituta. Arduradun politikoek onartu dute proiektua ez dela bideragarria epe labur edo ertainean. Fokua proiektuaren bideragarritasuna kolokan jarri duten oztopo juridiko eta administrazioak aipatu badituzte ere, argi du Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako ordezkariak, herritarren mobilizazioa gako izan dela azken erabakian. Etorkizunera begira, argitzeke dauden gauzak gelditzen direla aurreratu du NAIZ Irratian, Murueta ontziolaren etorkizuna adibidez.
Bertan behera gelditu da Guggenheim Urdaibai proiektua. Zer balantze egiten duzue erabakiaz?
Balantzea positiboa da, baina badauka bere alde ilun edo tristerik ere. Hau gertatu behar zen, ez zegoen beste beste biderik. Hasieratik esan dugu proiektu hau legez kanpoko proiektu bat zela eta hemen egin behar ziren lege moldaketak. itzelak ziren. Harritzen gaituena da lege hauek administrazioetatik bideratzen direla, administrazioek horietan agintariak daude eta agintariak hasiera-hasieratik jakin dute lege hauen moldaketa ez zela batere erraza izango. Orain horretan babestea proiektu hau bertan behera uzteko, arduragabekeria hutsa da. Ez dugu ahaztu behar bidean zenbat diru publiko xahutu den bideragarritasun horren bila ibili diren bitartean. Gogoratzen dut ETBko platoan jazarrita Itxaso Atutxa guri gezurti deitzen eta beste aldetik (Murueta) ontziolari txatarra deitzen. Esan ziguten proiektu honi esker ontziola hortik aterako zutela, hori zela beraien helburua, lurrak eraberritu eta akuiferoetatik kutsadura kentzea. Orain ikusiko dugu benetan zein den borondatea. Proiektu hau bertan behera gelditu da, baina ontziolak hor jarraitzen du. Nor izango da ontziola ateratzeko lan egin beharko duena? Lan horiek dagozkien administrazioak edo herritarrok atera beharko dugu?
Erabakia iragartzeko unean aipaturiko arrazoien arabera, jakina zen hasieratik proiektuaren konplexutasuna. Zer sentitzen duzu orain halakoak entzutean?
Ez dut ulertzen. Hasieratik badakizunean proiektu bat konplexua dela, ezin zara irten Unai Rementeria irten zen moduan esaten bai ala bai proiektu hau egingo zela. Gero Elixabete Etxanobek hitza hartu zion eta berriro esan zigun bai ala bai proiektu hau egin egingo zela. Hitz horiek soberan daude. Herritarrak ez gara tontoak eta tontotzat hartu nahi izan gaituzte. Palafitoa, ez dezagun ahaztu 2024ko abuztuaren 8an lizitatuta zegoen eta palafito hori bertan behera gelditu da, guk eta Muruetako biztanleek, lur horien jabeak diren biztanleek jarritako errekurtsoagatik. Hemen ez da instituzioetatik inongo borondaterik egon hausnarketa serio bat egiteko. Eta hori da guk egiten dugun irakurketa. Herriak gelditu du proiektu hau eta instituzioek egindako benetako hausnarketa batek. Hainbat traba aurkitu dituzte hasieratik hor zeudenak eta horretara eusten dira orain esateko proiektu hau ezin dela egin. Proiektu honek Busturialdean boto galera itzela ekarriko lieke eta hori da kontuan eduki duten gauza bakarra.
Egon beharko luke ardura politikorik?
Gure ustez egon beharko litzateke zalantza barik, baina gu ez gara hori eskatu behar dutenak. Badago oposizio bat eta uste dugu iruzurrak gertatzen direnean eskatzen dituzte ardurak, eta kasu honetan ere gauza bera egin beharko litzateke. Ontziola zergatik dago hor 2018an iraungi zen emakida bat duenean. Lur horiek okupatzen ditu eta batzuk bere izenean jarrita ditu. Lur publikoak pribatu izatera pasatu dira, zergatik? guk badaukagu peritu txosten bat eta laster aurkeztuko dugu. Berriro diot, herritarrek egin beharko dugu berriro ere agintariek egin beharko luketena. Ingurune guzti honen babesa Urdaibaiko patronatuari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari dagokie eta beraiek dira aktiboki hau kudeatzen egon beharko liratekeenak. Eta ardura hori norbaitek eskatu beharko luke. Orain arte xahutu den diru publiko guztiaren ardura ere eskatu beharko litzateke.
Bada oraindik ere salaketa bat argitzeko, Muruetako babes eremua 100 metrotik 20 metrotara murriztearen inguruan Greenpeacek aurkeztutakoa. Zer espero duzu?
Hiru salaketa daude Auzitegi Nazionalean. Guk salaketa berdina daukagu jarrita. Greenpeace aipatzen dute komunikabideek. Errazagoa litzateke Greenpeacen aurrean makurtzea herriaren aurrea makurtzea baino? Onartzen dugu, baina lehen salaketa guk jarri genuen. Salaketa horrek emango dituen fruituak ez dakigu zeintzuk diren. Baina kontua da beste hainbat daudela daudela bidean eta hori da beraien (erakunde publikoen) ardura. Beraiek badakite ontziola zein egoeran dagoen. Ontziola ez litzateke hor egon beharko. Berriro diot, nork egingo du ontziola hortik ateratzeko saiakera? Beraiek esan ziguten aterako zutela Guggenheim Urdaibai proiektua erabilita.




