En direct

Peli Lekuona - Oinatz Aizpuru
Entrevue
Imanol Beloki
Balenciaga Ontziolako enpresa batzordeko kidea

«Geldirik egon den ontziola bat martxan jartzeko liskarretan hastea ez dugu ulertzen»

Balenciaga Ontziolako langileak ez daude prest jabe berrien kaleratzeak onartzeko. Azken momentuan langileen kaleratze eta baldintza okertzeekin etorri direla salatu du Imanol Beloki enpresa batzordeko kideak: «Milioietako operazio batean soldatak okertzea ez da ulergarria».

Audio_placeholder

«Geldirik egon den ontziola bat martxan jartzeko liskarretan hastea ez dugu ulertzen»

Loading player...
Zumaian Balenciaga ontziolako langileen agerraldian, Imanol Beloki.
Zumaian Balenciaga ontziolako langileen agerraldian, Imanol Beloki. (Jon URBE | FOKU)

Udatik Zumaiako Balenciaga Ontziola erosi eta martxan jartzeko asmoa dago. Uztailaren 22an egin zuen erosketa eskaera Abu Dhabi Ports enpresak. Imanol Beloki ontziolako enpresa batzordeko ordezkariak argitu du eragiketa aurreratuta dagoela, baina azken momentuan langileen onespenean jarri nahi dutela fokua. 

«Horrekin ez dugu bat egiten», azaldu du. Langileek erosketari baiezkoa eman zioten, lan baldintzak mantentzeko eskariarekin. Orain, bat-batean, operazioak aurrera egiteko momentuan zazpi langile kaleratu eta soldatak %25 eta %50 jaisteko eskatu du multinazionalak. Belokik argi du erosketa ez dutela sinatuko egoera horretan eta zain daude langileekin noiz jarriko diren harremanetan.

Ziurtatu duenez, Mikel Jauregi Lakuako Industria sailburuak esan zuenaren kontrara, lan baldintza duinak ez daude bermatuta eta lantaldea elkarturik dago. Halaber, konfiantza du lantaldeak enpresak iritzia aldatuko duela. Hain zuzen, langileen onespena ezinbestekoa da operazioak aurrera egin dezan. 

Faktore ezberdinak eraginda etorri zen gainbehera

Sektorea bera gorabeheratsua da, diru asko jartzen delako ontzia egiterakoan, abalak barne eta epeak bete ezean isun asko izaten dira. Imanol Belokik kontatu digunez, pandemia arte petrolio ontziak ziren nagusi, baina haiek amaitu ziren. Ondoren, teknologia askoko itsasontzi batzuk egin ziren, prototipo antzekoak. Enkargu gehiago zeuden eta hazteko asmoa zuten produkzioa areagotuz. 

Pandemia, jende asko behar izatea, azpikotratazioa... ez zen ongi atera ekoizpena handitzea eta penalizazioak iritsi ziren. Dirurik gabe geratu zen enpresa, maileguak ezin ordaindu. Azaroan nominak ezin zituztela ordaindu esan zien enpresak eta hiru itsasontzi zituzten egiteke. Lantaldeak jarraitzea erabaki zuen eta soldatak atzerapenez kobratzea onartu. 2024ko apirilan entregatu zuten azkena eta bost bat hilabete kobratu gabe egon ziren eta ondoren konkurtsoa etorri zen.

Langileen konpromisoa enpresarekin

Urte latzak bizi dituzte langileek, oso mugituak. Lehen soldatak atzeratu eta kobratu gabe egon ostean, orain operazioa ixtear denean liskar hauetan sartzea ez da ulergarria Belokirentzat. Enpresari hasieratik eskaini diote keinu moduan hiru urtez soldatak izoztuta mantentzea, eta trukean kaleratzerik ez egotea. Soldataren partea itsasontziaren operazioan oso txikia dela uste du. Sinatuta dago erosketa protokoloa eta berehala lanean hasi nahi dute langileek.

Datozen bi asteetan funts arabiarrarekin hitz egiteko itxaropena dute, oso zaila baitzaie eurekin harremanetan jartzea.

Jaurlaritza Logoa