En direct

BLB Komunikazioa Kooperatiba Elkartea osatzen duten Uriola agerkari digitalak eta Prest! Aldizkariak agur esango dute 25 urteko ibilbidearen ostean. Joan den azaroaren 26an egin zuten iragarpena, diru sarrera nahikorik ez zutela eta euskarazko hedabideak sendotzeko apustu falta nabarmenduz.
Naiz Irratian izan da Hector Ortega, Prest! aldizkariak izan zuen lehen zuzendaria. 25 urteko ibilbidean bizi izan dituzten gorabeherak tarteko, «borondatezko» lanean eta horrek dakartzanean jarri du azpimarra: «Euskalgintzan askotan gertatzen den bezala, egiten diren gauza guztiak, hein handi batean, borondatezko lanari esker egiten dira. Horrek esan nahi du indar handia dagoela atzetik, baina bestetik, ekonomikoki oso ahulak eta hauskorrak garela».
Hala ere, proiektuak modu batean edo bestean jakin du aurrera egiten, azken urteetan itolarrian egon arte. Harpidedunen sistema eta laguntzaileak funtsezko egitura izan dira proiektuarentzat, baina oraingoan «zuloa potoloegia» izan dela azaldu du Ortegak, orain arte erabili izan dituzten bitartekoak baliatuta arazoa konpontzeko.
Bilbo euskaldunduz
Asko kezkatzen du Bilboko hedabide euskaldunek bizi duten egoera. Datu ofizialen arabera 100.000 euskaldun bizi dira Bizkaiko hiriburuan, «Euskal Herriko udalerri batean kontzentratzen diren euskaldun kopuru handiena duena», Hector Ortegaren arabera.
Horregatik iruditzen zaio kontraesankorra testuingurua. «Giltzarri» omen da Bilbo. Euskal Herrian euskarari bultzada handi bat emateko «Bilboren euskalduntze eta euskararen normalizazioa lortzea ezinbestekoa» dela esan ohi dela dio zuzendari ohiak. Praktikan hori ez dela ikusten salatu du: «Euskaraz bizi ahal izateko tresna garrantzitsu hauek desagertu egin dira eta geratzen direnak oso txikiak izango dira erdarazko konpetentziari aurre egiteko».


