En direct
«Lau pistako grabagailu batean genituen ideiak berreskuratu ditugu»
Urte luzez isilik egon eta gero herdoila gainetik kendu eta udan agertu ziren taula gainean berriz ere Latzen taldekoak. Joxe Azpitarte, Gorka Lazkano eta Aitor Uriarte hasieratik daude taldean eta, orain, Yerko Ortiz batu zaie. Elkartu, kantuak sortu eta oholtzara irten, dena batera egin dute.
«Lau pistako grabagailu batean genituen ideiak berreskuratu ditugu»

30 urte dira Latzen taldeak ‘Kontzientzia ala infernua’ debuteko lana kaleratu zuenetik. Metalaren munduan erreferentzia berria eta interesgarria izan zen, baina bide laburra izan zuen haien zaleentzat. ‘Ardi Larruz’ bigarren lana atera eta gutxira agur esan zuten, nahiz eta urte batzuk beranduago “Hellmuga” diskoa osatzeko elkartu ziren. Bi hamarkada beranduago ia, bueltan dira, eta indartsu datoz ezbairik gabe. ‘Denboraren orbainak’ deituriko diskoa da haien hirugarrena eta hura aurkezten izan da NAIZ Irratiko MusikHaria saioan Aitor Uriarte taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea. Zoriontsu nabaritu dugu diskoa aurkezten.
Forman zatozte, udako kontzertuetan eta diskoan argi geratu zaigu hori. Adinak ez du eraginik izan, itxuraz.
Intentzioa hori zen. Diskoaren izena ‘Denboraren orbainak’ da eta orbainak hor ditugu, baina ditugun bizipenak baloratzekoak dira eta zerbait positibo bezala ikusten ditugu. Gaztetasuna buruan hor daukagunez, fisikoki ere saiatzen gara ahalik eta gazteen egoten. Nik uste dut gogotsu gatozela eta sentsazio onarekin.
Diskoan abiadura desberdinetara zoazte, baina zuzenean ikusteko aukera izan dugunoi asko harritu gaitu duela hogeita hamar urteko abestiak bere horretan jotzen dituzuela oraindik ere.
Bai, saiatu gara Latzen izan zenarekin eta denarekin fidelak izaten. Baina, hori bilatu barik irten den gauza bat da. Garaian tonu altuetara joaten ginen eta gure artean ere esaten genuen arazo batean sartzen ari ote ginen. Baina horrela sentitzen genuen eta aurrera egiten genuen. Hortaz, orain horrekin guztiarekin segi dugu. Nik nire burua abeslari bezala gehiago ikusi dut gitarra-jotzaile baino gehiago, eta, etapa honetan, disfrutatzeko asmoz, gitarrari bere denbora eskaini diot abesten hasi aurretik forma hartzeko. Beraz, bi lekuetatik gozatzeko aukera izango dut orain.
Yerko Ortiz batu zaizue taldera gitarra jotzera eta, gogoratzen dut, Hatortxu Rocken, aurreko gitarra-jotzaile Iker Martinez de Zuazo ere irribarrez egon zela hari begira.
Guretzat balio handia du horrek, gainera. ‘Marti’ prozesu guztian hor egonda gurekin nahiz eta ez den animatu oholtzara itzultzera Latzenekin. Hala ere hor dago, atzeko lanetan. Disko zaharrak bermasterizatu ditugu eta prozesu horretan ere egon da bera. Latzeneko beste partaide bat da. Beste adin bat du Yerkok eta lehen aipatu dugun gaztetasuna ekarri du taldera. Beste ikuspuntu bat ere eman die kantuei eta teknikoki oso gitarra-jotzaile ona da. Ez du ezer fortzatu behar izan taldean sartzeko eta bat gehiago da.
Zein unetan erabaki zenuten ‘Denboraren orbainak’ sortzen hasi eta grabatzea?
Gorka Lazkano bateria-jotzailea lokalera sartu zen abestiei errepaso bat eman eta fisikoki tonuan jartzen eta musikaz gozatzen, baina inongo pretentsiorik gabe hasi zen. Behin baina gehiagotan komentatu izan genuen berriz elkartzearena eta, tira, berriz ere lokalera hurbildu eta musikaz gozatzen hasi ginen besterik barik. Musikatik at egon gara urte luzez, Joxek Potemkinen eman zituen azken baxu-kolpeak, Gorkak Latzenekin eta nik UNE taldeko ibilbidea ere denbora da geratu nuela. Hala, musikara itzultzeko ideia etorri zenean argi neukan bueltatuz gero zerbait berria egiteko izango zela, kantu berriak sortzeko. Mundu hori asko gustatzen zait eta azkenaldian nahikoa heavy ginela aprobetxatu nahi nuen.
Esan bezala, musikatik aldenduta ibili naiz, kontzertuetatik eta urrun, eta berriz ere musikaz disfrutatzen ari ginen honetan, Joxe eta biok Gorkarena batu ginen. Baina iaz hasi ginen honekin, eta urtebeteren buruan, uztailean, estudioan sartzeko konpromisoa hartu genuen, nahiz eta azkenean irailean izan den. Denbora estutan ibili gara, baina erronka horrek eta gauzak egiteko nahiak dena aurrera eramatea ahalbidetu du. Prozesua luzatzen utziz gero, beste dinamika batzuetan sartzen zara. Beraz, lan handia egin dugu, baina emaitza hor dago.
«Musikara itzultzeko ideia etorri zenean argi neukan zerbait berria egiteko izango zela
Silvestar estudioan, Gasteizen, grabatu duzue Iker Bengoarekin.
Bai, esperientzia polita izan da. Ikerren ikuspuntua hor egon da, ekoizle lanak egin ditu eta nik uste dut diskoari bere puntua eman diola soinuari dagokionez.
Hori diskoa zabaltzen den unetik nabari da, soinu gaurkotua duela Latzenek. Hala ere, taldearen garai bateko elementuak entzun daitezke. Uztarketa hori gauzatzea nola bizi izan duzue?
Hor egon dira eztabaidak, jakina. Latzenen sena mantendu nahi genuen soinuz, nahiz eta lehendabiziko diskoa eta bigarrena oso desberdinak diren. Hirugarren hau oso desberdina izatea ez zen arazo bat izango, printzipioz, baina bai eduki genituela eztabaidak. Hala ere, gustora geratu gara soinuarekin. Abesti batzuk, gainera, duela 30 urtekoak dira. Lau pistako grabagailu batean gordeta genituen ideia batzuk berreskuratu ditugu eta haietatik abiatuta daude eginda. Gero, grabatzeko modua asko aldatu da, noski. Lehendabiziko diskoa analogikoan grabatu genuen, bigarrena erdi-digitalean eta hau erabat modu digitalean dago grabatuta. Hala ere dena grabatuta dago eta dena ahalik eta naturalen izan dadin saiatu gara. Soinu potentea eta gaur egunekoa izan dezala, baina naturltasunik galdu gabe.
Gitarren soinua, baxuarena… Garaiko material eta konfigurazio denak gordetzen zenituzten?
Momentuz anplifikagailu bera erabiltzen segitzen dut, esaterako. Nik Peavey 5150 klasikoa erabiltzen dut eta besteek ere berdin. Diskoan, adibidez, Mesa Boogie bat erabili dugu, garai hartan guk ere bagenuena, nahiz eta gaur egun ez den esistitzen. Baina horrekin grabatu ahal izatea, garai hartako oroitzapenak berritzea izan da soinuz eta dinamikaz.
Bada bitxia ‘Eutsi’ kantuko sarreran hardcore melodikoaren elementuak topatzen ditugula.
Kasualitatea izango da, baina hau lehen esan dudan duela 30 urte dituzten ideiai horien artean zegoen. Pentsa, aldaketa sumatzen baduzu, orduko aldaketa dela. Eta bai, kantua ez da beste kantuen estilo horretakoa, apur bat desberdina da, baina zuzenekoetan jokoa emango duela uste dut. Eskumako eskuari eman behar zaio.
Gero aldaketa dator eta Led Zeppelinen ‘Stairway to heaven’ abestiaren zerbait entzuten da hor.
Orain diozula, bai. Errepikan entzuten diren akordeak berak edo antzekoak dira, baina beste norabait doa hemen guztia. Baina, bai, izan daiteke, bitxia.
Langile borrokari egindako kantua da hau eta ‘teknofaxismoa’ aipatzen duzue. Gaur egungo sareetako faxismoaren inguruan ari zarete, ezta?
Bai, argi eta garbi. Gainezkatuta gaude era bat kontu honekin eta aldarrikatu egin nahi genuen honen kontra gaudela eta, beste alde batetik, lehenagoko langileriak lortutako eskubideak goraipatu nahi genituen.
Langile borroka ere aurreko etapatik hona aldatzen ikusiko zenuten.
Bai, jakina. Gauza batzuk aldatu dira eta lehengoek egindako lana hor badago ere, oraindik ere lan asko eta borroka asko dago egiteke geure eskubideen alde.
Teknologia aipatuta, sareetara sartu zaretenean, nolakoa ari da izaten zuen esperientzia?
Hori izan da guretzat aldaketarik handienetakoa. Ideiarik ere ez geneukan sareen inguruan eta denek ere haien garrantziaz hitz egin digute. Bada, hor ere garapen bat izan dugu, gauzak nola diren ulertu eta, zerbait ulertzera iritsi garen arren, oraindik asko dugu ikasteko.
«Hori izan da guretzat aldaketarik handienetakoa. Ideiarik ere ez geneukan sareen inguruan eta denek ere haien garrantziaz hitz egin digute»
Itzulera honek, eman dizun aukeren artean, Ura Bere Bidean emanaldian parte hartzea izan da. Alabarekin bizi izandako uneaz galdetu beharra dago. A zer ahotsa duena hark ere.
Alabarentzat musika oso gustokoa duen zerbait da. Ordu asko sartzen ditu bai kantuan eta baita gitarrarekin ere eta bere bidea egiteko gogoz dago. Hortaz, hainbeste gogo zuela ikusten nuenez, Ura Bere Bideanen abestea proposatu nion. Niretzat sekulako momentua izan zen, harrotasun momentua. Lehendabiziko aldia zuen oholtzara igotzen eta horregatik egin genuen performance hori, azken unean ezina etorriko bazitzaion zegoen tokian eserita geratzeko aukera zuen. Ezjakintasun une horretan, aurrera pausua eman eta hor etorri zen oholtzara.
Aurten arte zu oholtzan ikusita al zen?
Hori da itzulera honek ekarri duen beste kontu bat. Beti musikaz eta bizipenez hitz egiten, eta bera beti kontzertu baten eskean nuen. Hatortxu Rocken han izan ziren lehen lerroan.
Edizio fisikoa ere kaleratu duzue. Oker ez banaiz, lehenengo biniloa duzue hau.
Lehenengo aldia da bai eta guretzako zerbait berria izan den aldetik, ikasi ere egin dugu. Alde bakoitzak 23 minutu baino gutxiago eduki behar dituenik ez genekien, garai batean kasetean egiten zen bezala. Hortaz, handicap txiki bat izan da sortzerako garaian. Baina oso pozik gaude, azala eta letrak handian edukitzea zerbait dotorea delako.
Bira hasierako sarrerak ere ia agortuta.
Euskal Herrian zerbait geratzen da martxoaren 7an, Biarritzen, Atabalen, emango dugunerako. Beraz, bizi ibili!






