En direct

Gaur goizean burutu da Martuteneko Agustindarren Lanbide Heziketa zentroaren etxegabetzea. Hasiera batean otsailerako programatua zegoen kaleratzea, baina ustekabean aurreratu dute. 111 pertsona bizi ziren bertan, baina kaleratze abisuak pertsona gehienek eraikina aurretik uztea eragin du. Atzo arratsalde eta gauean zehar eta gaur goizean atera dira gehienak.
Poliziak operatibo zabala jarri du abian, Ertzaintzaren 15 furgoneta, beste hainbeste kotxe, Donostiako Udaltzaingoa eta Espainiako Polizia Nazionala bertaratu dira. Guztira, Ertzaintzak 9 lagun kaleratu eta identifikatu ditu, eta horietatik 3 espainiar poliziak eraman ditu. Ekintzaileek gogora ekarri dute azken horiek ez direla atxilotuak izan, irregulartasun egoeran egoteagatik eraman dituztela baizik.
Harrera Sareak, Kaleko Afari Solidarioak taldeak, Etxebizitza Sindikatuak eta beste hainbat eragilek erakundeak kritikatu dituzte sektore atzerakoien presioei men egin eta ez dutelako pertsona hauei laguntzeko ezer egin. Harrera Sareko kidea den Garazi Montuschik Donostiako Udalak pertsona hauei laguntzeko ez duela ezer egin salatu du, eta Udalak gizarte-zerbitzuak pertsona hauei laguntzen ari direla esan arren, hori egia ez dela berretsi du. «Momentuz boluntarioak eta kolektiboak izan gara jarraipena egiteko lana egin dugunak. Ez da egia jarraipen indibidualizatua egin zaiela zerbitzu sozialen bitartez, guk egin dugu hori. Gu izan gara etxegabetze batek dakarrena zer den azaldu diena».
Aukera eskasia
Ekintzaile desberdinek kaleratutako pertsonek aukera gutxi dituztela salatu dute. Erakundeek baliabide gutxi edo baliabiderik ez dutela kritikatu dute, eta etxegabetu dituzten pertsona gehienek kale gorrian lo egin beharko dutela. Ion Insausti Donostiako alkateak kaleratutako 50 bat lagunek gaua La Sirena aterpetxean igaroko dutela iragarri du, baina ekintzaileek neurri hau berandu datorrela eta nahikoa ez dela salatu dute, aldi baterako neurria dela diote.
«Gure proposamena da La Sirenan sartu ez diren pertsonak sartzeko aukera izatea. Bestetik, ez ditugu ahaztu behar pertsona hauez gain beste laurehun pertsona kale egoeran daudela gaur egun Donostian, eta beraientzako ere baliabideak eskatzen ditugu. Kale egoeran ez luke inork egon behar, medio sozial gehiago jarri behar dira. boluntarioak dira pertsona hauei benetan laguntzen diete bakarrak». Montuschik egoera gaizki dagoela eta okerrera doala salatu du, eta erakundeei gauzak aldatzen hasteko deia egin die.
Etorkinekiko jazarpena
Ekintzaileen ustez egoera hau azken garaietan kanpotarren aurkako jazarpen egoeren beste isla bat da. Martuteneko ikastetxean bizi ziren pertsona gehienak Afrika iparraldetik etorritako pertsonak dira. Kolektibo desberdinek pertsona hauen egoera izatez zaurgarria dela esan dute eta neguan kale gorrian uzteak zaurgarritasun egoera hori larrituko duela salatu dute.
Montuschiren esanetan «jende honek hona etortzean ez dauka non egon eta oztopoz beteta dauka bere ibilbidea, nahiz eta hona etorri bizitza hobe baten bila. Gaurkoa beste jazarpen adierazpen bat da, beste behin egoera zaurgarrian dauden pertsonak daude espazioetatik kaleratu dituzte. Inork ez du nahi kale egoeran egon».


