En direct
Eguberri garaiak urtero dakarren albo-ondorioetako bat telebistan eta sare sozialetan ugaritzen diren iragarkiak dira, edota oraindik ere etxe askoren buzoietan jasotzen diren jostailu katalogoak. Gehienak, hori bai, enpresa eta marka handietako katalogoak dira. Jostailu eta joko gehienak kontsumo eredu jakin bati lotuta daudelako. Testuinguru honetan, ‘Opariak erosteko gida’ publikatu du Agoitzeko Aranea Haur Eskolak, bere hezkuntza komunitateko gurasoei, edo behar duten guztiei, oparitu dezaketenaren aholku sorta bat eskainiz, merkatuko interesetatik at. «Jostailua izaten ahal da edozein material esperientzia bat eskainiko diona txikiari», dio Garazi Labiano gidako sortzaile eta Aranea Haur Eskolako zuzendarietako batek.
Urteak daramatza Labianok bere eskolako gurasoei aholkuak ematen, baina eskolak izan duen hazkundearekin batera erabaki du gida pertsonalizatuak ziren horiek bilduma bakar batean publiko egitea. Edozein kasutan, ez du ezer asmatu Labianok, bere inspirazioa aurreko belaunaldiak izan direla azaldu baitu, «urteetan jaso ditugun balore eta ikasketa horiek eta gizarte eredu honetan galtzen ari direnak».



