En direct
«Gu gara euskara, euskarak gu egiten gaituelako»
Xabier Gartzia (AEK) eta Urtsa Errasti (Korrikaren sortzailea) NAIZ Irratian izan dira gaur, 2026ko Korrika aurkezteko eta 45 urteko ibilbidearen garrantziaz hitz egiteko.
«Gu gara euskara, euskarak gu egiten gaituelako»

2026. urteko Korrika hamar eguneko ibilbidearekin abiatuko da martxoaren 19an, «Euskara gara» lelopean. Aurten, gainera, ekimenak 45 urte bete ditu, 1980ko lehen ediziotik hona egindako bidea gogoratzeko aukera paregabea. NAIZ Irratian, Xabier Gartzia AEK-ko Artezkaritza Nazionaleko kideak eta Urtsa Errasti Korrikaren sortzaileetakoak ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Gartziak adierazi duenez, Oñatin egindako urteurreneko topaketa hunkigarria izan zen: «Batzuk aspaldi ez zuten elkar ikusi, eta behar zutena zen AEKren eta herriaren aitortza jasotzea». Bere esanetan, Korrikaren indarra herriak ematen dio: «Guk lehenengo harria jartzen dugu, baina herriak berea egiten du Korrika».
45 urteren ondoren oraindik ere helburu nagusiak bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu du: «Zoritxarrez gaur ere 1980an zeuden helburu berberak ditugu: helduen euskalduntzerako baliabideak behar dira eta euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela aldarrikatu behar dugu».
Errastik, bere aldetik, lehen Korrikaren sorreraren xehetasunak ekarri ditu gogora, tartean testiguaren sorrera: «Ez genuen hasieran mezurik sartzea pentsatu, baina proposatu zen eta sinbolikoki oso indartsua zela ikusi genuen». Remigio Mendibururen lanak ibilbide oso bat markatu zuela azaldu du: «Testiguak euskararen hutsunea adierazten zuen, eta horrek berehala hartu zuen zentzua».
Gorputz bisualari dagokionez, Gartziak argi du estetika eta mezua elkarren osagarri direla: «Jendarte bizi eta koloretsu bat erakustea garrantzitsua da, baina leloak daraman mezua da giltza». Aurten, lelo berriak berehala konbentzitu du jendea: «‘Euskara gara’ leloa jarri dugu mahai gainean, herri honen harrotasunetik eta etorkizunera begira».
Errastik ere oniritzia eman dio: «Euskara gara oso lelo polita da; gu gara euskara, euskarak gu egiten gaituelako. Gure nortasuna euskararik gabe ez litzateke bera izango».
Korrika hasteko 106 egun falta diren honetan, bi elkarrizketatuek nabarmendu dute hizkuntza eskubideak bermatuko dituen pizkunde baten premia: «Herritarrok eta eragileok prest gaude, eta Korrikak hori aldarrikatzen jarraituko du».


