En direct

NAIZ Irratia
Donostia

‘Giza zarata’ bira bukatu aitzin, ‘Txikizio hau dena’ aurkeztu digu Anarik

NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan da Anari Alberdi Santesteban musikaria eta bira bukaeraren aitzakian, atera berri duen abestiaz, haren esanahiaz eta datorrenaz hitz egin du Iraia Cambra eta Iker Gurrutxagarekin azkoitiarrak.

Audio_placeholder

‘Giza zarata’ bira bukatu aitzin, ‘Txikizio hau dena’ aurkeztu digu Anarik

Loading player...

Bi kontzertu baino ez dira geratzen «puntu eta segida» emateko Anarirentzat. Soraluzen izango da Blues Hotsak ekimenaren baitan azaroaren 22an, larunbatarekin. Bluesetik baino ‘blue’-tik baduela esanda, «Jazzaldian ere jo genuen eta inprobisazioaren zera horregatik ez balitz ez dakit zer eduki dezakeen gureak jazzetik» gaineratu du Anarik.

‘Txikizio hau dena’ deituriko kantua da publikatu berri duena, Rüdiger lagun duela eta Iraia Cambrak eta biek abestiaren hitzei errepaso mardula eman die irratsaioan. «Zibilizazioa da mundu honen barbarie handiena» bezalako esaldi potoloak luzatu dizkigu azkoitiarrak abestiari buruz hitz egiterakoan. «Duela 30 urte nuklearren kontra, Leizarango autobidearen kontra edota, gerora, AHTaren kontra ibili gara eta kantu honek horri segida ematen dio nolabait ere. Energia berdearen aldekoa naiz, baina haren izenean egiten dena ez da ekologiaren mesedetan», aipatu digu Anarik.

‘Giza zarata’ diskoaren agurra denez, ‘Ez nengoen han’ abestiari ere eman die errepasoa Cambrak eta Alberdik, matxismoaren inguruan gogoeta egitera bideratuz entzuleak. Bukatzeko, Bilbon sarrera denak agortuta dauden kontzertua aipatu dugu: «Kafe Antzokia da gure katedrala eta bertan bukatzea ederra da. Baina ez dugu bigarren datarik gordeta izan, gu egiaren aldekoak gara, eta, gainera, ez dut uste bi aldiz beteko genukeenik ere’. 

«Hau ez da agur bat, 54 urteko artistaren ibilbideak oraindik ere oparotasuna izan dezakeela uste dut» esan digu Anarik eta «horizontalean idazteko gogoz, liburu bat idazteak engantxatzen duelako» dagoela gaineratu. «Urtarrilean eta otsailean, azken egunetakoa bezalako giroa egingo balu, elurra goian-behean dela, idaztea sekulakoa da», bukatu du Anarik. Ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren.

Jaurlaritza Logoa