En direct

Zaloa Badiola | Peli Lekuona

«Adierazpen askatasuna bada abortistek eskatzen dutena, adierazi daitezela beste leku batean»

Abortatzera doazen emakumeen kontrako jazarpenaren ingurko epaiketa hasiko da astelehenean Gasteizen. Askabide klinikak berak jo du auzitara, «hertsatze» delitua egozten diete hogeita bat laguni. Naroa Iturri izan da NAIZ Irratian, Askabideko zuzendaria.

Audio_placeholder

«Adierazpen askatasuna bada abortistek eskatzen dutena, adierazi daitezela beste leku batean»

Loading player...
Mugimendu Feministak abortatzeko eskubidearen alde Gasteizen egindako elkarretaratzea
Mugimendu Feministak abortatzeko eskubidearen alde Gasteizen egindako elkarretaratzea (Endika Portillo | Foku)

2022an Gasteizko Askabideren klinikaren aurrean abortuaren aurkako elkarretaratzea egiteagatik hogeita bat pertsona epaituko dituzte astelehenean. Orduan, epaile batek agindu zuen ezin zirela kontzentratu 100 metro baino gutxiagora.

Fiskaltzaren ustez, «hertsapen delitua» eman zen eta 5 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuentzat. Hala ere, zigor alternatibo gisa, 100 egunez gizartearentzako lanak egitea proposatu du. Defentsak, ordea, absoluzioa eskatu du «adierazpen askatasunaren» argudiopean.

Donostiako Askabide klinikaren zuzendaria den Naroa Iturrik onartu du «zaila» izango dela prozesua, baina garrantzitsutzat jo du «lehen aldiz, 21 pertsona antiabortista epailearen aurrean esertzea».

Izan ere, 2022an Espainiako Zigor Kodean egindako aldaketa probestuta jo du auzitara klinikak. Honek, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzen dituzten eta emakumeen askatasuna murrizten duten ekintzak zigortzen ditu propio. Iturrik azaldu du ordura arte pazienteek bakarrik salatu zezaketela, eta «emakumeak tesitura horretan jartzea oso zaila» dela.

Legea aldatu zenean hasi ziren Askabiden neurriak hartzen. Elkarretaratzeak zeudenean Ertzaintza deitzen zuten, honek identifikatu egiten zituen antiabortistak, horren ondorioz salaketa jartzeko aukera izaten zuten eta neurri kautelarrak hartu zituzten epaileek urruntze aginduak emanaz. Dena dela, hori orain dela 3 urte gertatu zela nabarmendu du klinikako zuzendariak.

Orain, epaiketa eguna helduta, urruntze agindu horiek mantentzea da eskatzen dutena, «segurtasun perimentroa mantentzea eta horrek aurrekaria ezartzea».

Mugimendu antolatua

Inportantea iruditzen zaio Naroa Arrutiri antiabortista horiek mugimendu antolatu baten parte direla nabarmentzea. ‘40 días por la vida’ izeneko talde ultrakatoliko bateko kideak dira 21 auzipetuak. Azaldu du Ameriketako Estatu Batuetatik datorren taldea dela eta Espainiar Estatuan ere «indar handia» dutela, «aski ezagunak dira bertako zenbait buru: eliza, alderdi politiko, ultraeskuineko jendea».

Helburu «oso finko eta orkestatuak» dituztela uste du Iturrik. «Badakite ez dutela soilik errezatzen. Helburu batekin egiten dituzte elkarretaratzea: kartelak daramatzate, emakumeei gauzak esaten dizkiete, guri ere bai, errosarioak daramatzate, eskua gora altxatzen dute...». Legeak hori «koakzioa» dela omen dio, baina eztabaidatzeko «ertz asko» dituen terminoa dela dio Naroa Iturrik, eta hori izango dela epaiketan korapilatsuena izango dena.

«Adierazpen askatasunean» ezkutatu dira talde antiabortistako 21 kideak. Argi eta garbi dio Naroa Iturrik: «hori bada eskatzen dutena, adierazi daitezela, baina beste leku batean». «Emakumeak etenaldiak egiteko kliniketara bakarrik joan daitezke. Errezatu, edozein lekutan errezatu dezakete».

Jaurlaritza Logoa