En direct

Laukotean eta Oiartzungo Mecca estudioan grabatu du Esanezin taldeak bere hirugarren diskoa. Ianire Aranzabek bakarka abiatutako bidera Iñigo Asensio, Imanol Rubio eta Igor Telletxea batu ziren disko honen grabaketarako, gerora Aberin estudioan nahastu eta masterizatzeko.
Bederatzi kantu batzen ditu guztira Esanezinen berrienak. ‘Azken aldiek’ abestiarekin abiatzen da diskoa, pianoa eta Aranzaberen ahotsa baino ez dituen kantuarekin. Bakoitzari bere azken aldi bat etorriko zaio abesti hau entzutean, ‘azken’ hitz horrek duen karga sinboliko eta emozional guztiarekin.
‘Kanturik ez bada’, sormen krisi bat pasa izana iradokitzen duen piezarekin segitzen du aurrera diskoak. Gitarra akustikoa eta klasikoa dituen abestia, gerora elektrikoa ere gehituko bazaio ere. Auto-tunearen erabilera egiten du altzagaratetarrak eta perkusio elektronikoa ere sumatu daiteke halako esna kanta moduko honetan.
‘Lotsatira’ abestiak badu halako itsas bazterreko soinu bat edota bertara eramaten gaituen zera hori, gitarra elektriko sotil bat, baxua bere tokian eta ahotsekin jolas politak uzten dizkigun kantua. Distantziak laburtzeko nahia duen norbaiten istorioa kontatzen du, hortik lotsa eta sokatira terminoen arteko hibrido hori sortu izana Aranzabek, sentimendu hori adierazteko termino berri bat badugu.
Etorkizuna etsaitzat irudikatzen digu ‘Gure zauria’ abestian Esanezinek, baina enpatia ariketa moduan ere uler genezake abestian diona. Pianoaren eta sintetizadoreen soinu horrek kolaboratzailearen unibertsora ere eramaten gaituzte hein batean, izan ere Sara Zozaya donostiarrak abesten du Aranzaberekin batera. Belusezko ahotsak zauria goxatzeko bidean.
Diskoari titulua ematen dion ‘Hormetan idazten’ diskoaren ekuatorea pasa ostean dator, itxaropen faltari eginiko kantua. Horma fisikoetan idazteko nahiaz hitz egiten duen arren, egun horma digitaletan idazten dugu gehiago. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Energia berezi bat du kantuak, oihartzunak betetasun sentsazio izugarria ematen du eta tempo erdira egon eta hustu eta betetzearen arteko dinamikek perkusioaren xehetasunak errazago entzutera bideratzen gaituzte. Auto-tunea berriz agertzen da koroak egiterakoan, baina ahots nagusian Aranzabek abesteko modua zertxobait aldatu duela iradokitzen digu.
‘Nola zaintzen den irrifarra’ kantuan Palestinako genozidioari egiten dio erreferentzia argi eta garbi, «Nola zaintzen da dena gerra bada?» baitio esaldietako batean. Azken zatiko intimotasunak are indar gehiago ematen dio abestiaren mezuari. ‘Betiko martxa’ dator atzetik eta Altzagarateri erreferentzia egiten dio Esanezinek, proiektuak erroak non dituen ez ahazteko. Harreman bateko monotoniaz hitz egiten duen kantuan, hammonda eta gitarra landuak dira protagonista nagusienak.
‘Argia dugu gertu’ kantuan, berriz, mina, munstroak eta halakoak aipatzen dira, baina elkar zaintzeari buruz hitz egiten digu kantuak aurrera egiten duen heinean, elkar hartuta argia gertuago dagoela adieraziz. Idoia Asurmendik kolaboratzen du kantuan eta tonalitatea pare-parean jarri diote abeslari aramaioarrari. Biolontxeloa, perkusio elementuak, piano kolpetxoak eta sekulako koroa du abesti honek, baita ustekabean harrapatzen gaituen erritmo aldaketa bat ere.
Azken kantua berriz ere nahikoa katastrofista da, «Zirrara tristea Altzagaratetik» bete beharko balu bezala. Amiletzeaz, ez konformatzeaz edota helmugara ezin iritsi izateaz hitz egiten badigu ere, argia piztuta uzten du, itxaropenari beti atea zabalik uzten baitio Esanezinek. Izan ere, triste somatu badezakegu ere bere hitzetan, beti hartzen gaitu irribarre erraldoi batekin Aranzabek eta hala izan zen MusikHaria saiotik pasa zenean ere.
Maddi Pecharromanek egindako diskoa CD formatuan eskuratu daiteke, bai Bandcamp bidez eta baita kontzertuetan ere, eta, nola ez, Durangoko Azokan. Abenduaren 20an Urnietan izango du datorren emanaldia, eta, atzetik, urtarrilaren 23an, Zaldibian; eta, martxoaren 5ean, Gasteizko IAK Kulturgunean eskainiko ditu momentuz iragarri dituen gainerakoak. Bitartean, entzun diskoa eta baita abestiei buruz MusikHaria saioan esan zituenak ere.




