En direct
«Esan zidaten: —Edo gurdira igotzen zara edo gurdiari bultza egin beharko diozu. Ez nintzen igo ezta bultza egin ere. Bide bazterrean jesarri nintzen eta nire inguruan, behar zuen garaian, mitxoletak sortu ziren». Gloria Fuertes poetaren hitz horietak etorri zaizkigu burura Amaia Mirandaren 'Cada vez que te veo lo entiendo' diskoa entzuterakoan. Binilo formatuan entzun dugu, A eta B aldeak nahastu gabe, hala behar duelako. «Disko osoan pentsatzea gustatzen zait, beti egon dira singleak, baina konposatzeko orduan bidaia luze batean pentsatzea oso polita iruditzen zait» esan digu musikariak.
«Dakidan moduan egiten ditut gauzak, dauzkadan erramintekin» aitortu digu Mirandak. Nacho Mur ekoizlearekin erraminta horiek hartu, eta disko intimo, samur eta ederra ondu dute. «Nik dena zuzenean grabatu nahi nuen, baina prozesuan ikusi genuen emoziora heltzeko beste modu batzuk daudela, eta orain arteko grabatzeko era desmontatu dugu». Hala ere, disko honetan ere «toma bakarrean grabatutako kanta asko daude».
'Lo que pasa es que te quiero' abestia mugikorrarekin grabatuta dago, eta agian diskoko bereziena da. Horregatik, bonus track moduan biniloan soilik dago entzungai. «Musikariari zuzenean diskoak erosteak eragin handia du guretzat, beraz, erosten duenari eskerra emateko modua izan da» kontatu digu.
Diskoko abesti guztiek dute hari bat: maitasunari buruzkoak dira. Maitasun mota desberdinak, noski. «Maitasuna emozio naif bat bezala ulertzen dugu batzutan, baina Gloria Fuertesek besarkatu egiten du».



