En direct

Bere inguruko herritar askoren antzeko jatorria du Ernesto Fernandez Pensadok. Galizako Porto do Son herrian jaioa, Pasaiatik Ternuara zihoazen bakailao-ontzi horietako baten arrantzalearen semea da eta lau urterekin heldu zen bere herria izango zen Trintxerpera. Gaur egun Donostiako Txomin Enean bizi da, edo berak deitu bezala, 'Txomineko errepublika independentean'. Hala ere, beti izan ditu gertuko Pasaiako Badia eta portua, Ondartxon zegoen ontziola zaharra martxan ezagutuko zuen eta inguru guzti horrek jasango zuen arrantza eta ontzigintzaren krisi sakonak biziko zituen. Hori dela-eta, nekez pentsatuko zuen Fernandezek duela pare bat hamarkada, ia galdutako eraikin horietako baten berpizkundean parte hartuko zuela, eta bere aitak bezala, hark ere harremana izango zuela Ternuara doan itsasontzi handi batekin. Aukera hori bermatu dio Albaola Itsas Kultur Faktoriako boluntario izateak. «Garrantzitsua da jakintza hori mantentzea», dio boluntarioak.
Fernandezek nabarmendu duenez, «ondare hori erakutsi behar diogu jendeari, jakin dezan nola erabiltzen zituzten beraien tresnak horrelako itsasontziak egiteko». Bere alabetako batek bertara egindako bisitaren ondorioz izan zuen lehen hartu-emana Albaolarekin, ofizioz delineatzailea den Fernandezek eta lehen bisita nahikoa izan zuen boluntario bezala bat egiteko. Gustura gelditu ziren bere lanarekin antza, kontratatu zuten-eta, 2023an erretiroa hartu zuen arte. Hortik aurrera, boluntario izatera bueltatu zen. Beraien lana ezinbestekoa izan delako, boluntarioaren bizipenei mikrofonoa jarri die Naiz Irratiak, 'San Juan' baleontzia uretaratuko duten egunean.



