En direct
«Anderatzeko eskola erosi zutenen atzean Kataluniako ultraeskuina zegoela topatu genuen»
Ahoztar Zelaietak Lizarraldean Anderatzeko eskola erosi duen talde ultraeskuindarra eta haren jatorria ikertu ditu. Herrien kezkak berretsi ditu. Fundación Maestro Ávila «armairutik atera» dela dio eta eskolaren bitartez haien «bunkerizazioan» urrats garrantzitsua eman dutela.
«Anderatzeko eskola erosi zutenen atzean Kataluniako ultraeskuina zegoela topatu genuen»
Talde ultraeskuindar batek erosi du Abartzuzako Anderatzeko eskola zaharra, Maestro Ávila Fundazioak, alegia. 2009an sortu zen eta Argiñanon dute egoitza. Bizilagunen ezinegonak ez du arreta handiegirik jaso orain arte, tartean, Ahoztar Zelaieta kazetariak egindako ikerketak argia ikusi duen arte. Anderatze eskolaren erosketatik tiraka, hari mataza potoloa topatu du Zelaietan. Kazetariak NAIZ irratiari azaldu dionez, hasieran ezaguna zen datu bakarra Errioxako talde batek eskola zaharra erosi zuela zen. Elkarte hori ikertuz topatu zituzten Kataluniako ultraeskuinarekin loturak.
Zelaietak dio ez dago argi zer egingo duen talde ultraeskuindarrak adkisizio berriarekin: «haien seme-alabentzako eskola zabaldu, adineko kideentzako erresidentzia bat edota bi proiektuak eraikin berean batuko ote dituzten ez dakigu».
Hastapenak
Sekta edo talde ultraeskuindar honen jatorria ezagutzeko 2009. urtera egin behar dugu atzera. Orduan sortu zen Fundación Maestro Ávila Jesus Alfaro apaiz ohiaren eskutik. Alfaro Beloradoko monjen gatazkan buru izan zen Pablo de Rojasen mentore izan zen. Apaiz ohia da, Elizatik kanporatua izan baitzen. Blas Piñarren familiak hari eman zion dirua fundazioa sortzeko. Aragoin hasi zuen bere bidea fundazioak eta 2009an iritsi zen Nafarroara. Argiñanoko inguruetan etxe batzuk erosi eta eskola bat martxan jarri zutela azaldu du kazetariak. Etxebizitzaren prezio merkeak eta zonaldearen ohiartzun mediatiko txikia dira Zelaietaren ustez Lizarraldea aukeratu izararen arrazoiak.
Hilabete batzuk geroago Zaragozan instalatzeko saiakera egiten dute, baina hedabideetara egiten du jauzi albisteak eta alderdi politikoek galarazi egiten dute proiektuak aurrera egitea.
Lehen berriak Nafarroan 2013an
Geurean, fundazioari buruzko lehen informazio publikoak beranduago datoz, 2013an, «beraz jaio eta lau urtera». «Ikusgarritasun eza hori galtzen hasi ziren Nafarroako Gobernuak eskolari buruzko txosten pare bat idaztera behartuta sentitu zenean, aztertzeko haur horiek zein eskolatan zeuden, nolako baldintzetan, homologatua zegoen hala ez ikusteko...». Txosten horiek, ordea, ez zuten hautsik harrotu. Hedabideen eta herritarren artean sinergiarik egon ez zela nabarmendu de kazetarika eta ondorioz, eskualdetik harago ez zen gertatzen ari zenaren berri.
Eskualdean fundazioko haurren adoktrinamenduarekin eta emakumearen rolarekin kezka bazen ere, sektak isilpean aurrera egitea lortu zuen 2025eko uda arte.
Identifikazio lanak
Aurtengo uztaileko gertakariek talde ultraeskuidarra «armairutik ateratzea» ekarri zuten. Gestoretako kide zen Fernando Rosen omenaldian fundazioko kideek urteroko egitasmoa oztopatzen saiatu ziren. Guardia Zibila bertaratu zen, baina «baimendutako omenaldi horretan zegoen jendearen aurkako jarrera bat izatea erabaki zuen Guardia Zibilak». Mediatikoki entzutetsua izan zen jazotakoa, eta orduan fundazioak arreta bereganatu duela azaldu du Zelaietak.
Gertakari horietako irudiei esker identifikazio lanak egin dituzte. «Hiru edo lau familia ultraeskuindar» identifikatu dituzte fundazioaren atzean. Bi dira bereziki aipagarriak eta «indartsuak»: Alde batetik, Blas Piñaresen familia eta, bestetik, Fuerza Nueva alderdiari lotutako Brustenga familia. Kataluniatik datozen familiak dira, baina kazetariak azaldu duenez, Piñaresenak badu Nafarroarekin lotura, herrialdeko errekete batzuen oinordeko baitira.
Identifikazio lanekin batera, familia horien lekualdatzearen ondorioak ikertu dituzte: etxebizitza erosketak, familien natalitate handia dela eta zonaldean eragindako salto demokrafikoa, zernolako «ideologia eta adoktrinamendua ematen duten». Fundazioaren atzean diren izen-abizenak identifikatuaz, «herrian zegoen eztabaida datuetara eraman» ahal izan dutela azaldu du.
Kidegoaren «bunkerizazioa»
Fundación Maestro Avila itzalpetik atera da, beraz. Edo kazetarien lanak atera du. Foko mediatikoa bereganatuta, politikagintzan eragiteko baliatuko duten galdetuta, Zelaietak dio ikusteko dagoela hori. Baina gertakari bat azpimarratu nahi izan du:«Gertatu dena nahiko esanguratsua da. 700.000 euroko diru sarrera egon da udaletxe bati. Behar bada udaletxean ez dute asko lan egin publikatzeko edo plazaratzeko, transparentzia egiteko eta esateko nor ari zen erosketa hori mugitzen».
Zelaietak ez du mugimendu handiegirik somatzen, momentuz. «Orain armairutik atera direla, ia salto politiko bat emango den ikusi beharko, haien indar demografikoa aprobetxatuz alderdi bat sortzeko edo». Anderatzeko eskolarekin zer gertatuko den jakin beharko da. Prezio onean egindako adkisizioa dela dio kazetariak eta fundazioko kideen esperientzia enpresariala handia dela gehitu du. «Ez dira jaioberriak enpresa munduan. Aukera hori aprobetxatu dute beraientzat zentro propio bat izateko eta beste herritarrekin nahasketarik ez emateko. Mugimendu inportanteena haien bunkerizatzea da. Hortik aurrera datorrena ikusteke dago».


