En direct

Sei hilabeteko marka pasa duen greba luze eta gogorraren ostean, Gasteizko lorezainek lan hitzarmen propio berria dute, sindikatuek Enviser enpresarekin adostutako hitzarmen proposamena onartu ostean. Besteak beste, 108 orduko murrizketa eta hiru urtetan 5.000 euroko soldata igoera izango dute langileek. ç
Naiz Irratian eskainitako elkarrizketan, bertan landu eta adostutako hitzarmena lortu dela nabarmendu du LAB sindikatuko ordezkari den Bittor Gonzalezek eta bertako errealitateari egokitutakoa. «Edukietatik aparte azpimarratu nahiko genuke estatalizazioari aurre egin zaiola. Estatu mailako hitzarmen baten pean egotetik hitzarmen propio batera igaro dira langileak. Horrek esan nahi du orain arte ikusle moduan bizi izan duten egoera batetik protagonista izatera pasako direla», adierazi du.
Lan hitzarmen honek langileen aldarrikapenetako asko jaso ditu eta horietako batzuk aletu ditu Gonzalezek: «Soldata aldetik igoera nahiko nabarmenak, lanaldian ere murrizketa nahiko handia eta beste zerbait aipatzearren kontratu erreleborako aukera ematen dute, betiere adina eta kotizazio urteak betetzen diren bitartean. Baimenetan ere hobekuntzak jasotzen dira, adibidez, ogitartekoa hartzeko denbora luzatzen da».
Proposamena adostu eta bi egunetara hasiko dira lorezainak lanean berriz, ostegunean. LABeko Bittor Gonzalezek azaldu duenez, langileetako batzuk beldur ziren hasi bezain pronto beraiei ez zegozkien lanak egitera behartuta izateko aukera zegoelako. «Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina berez greba hasi aurretik egiten zituzten funtzio berberak bete beharko dituzte», erantsi du.
Enviser Udalarekin bilduko da datozen egunetan eta dagoeneko lan-kronograma bat prestatzen ari da, lorategiak eta gune berdeak indarberritzen diren heinean doituko dena. Akordioa lortu zen egunean Beatriz Artolazabal zinegotziak azaldu zuenez, «indarberritzea ez da berehalakoa izango, baina gogor eta modu planifikatuan lan egingo dute ahalik eta lasterren ohiko egoerara itzul daitezen».
Enviserren borondate aldaketa
Gonzalezek gogorarazi duenez, joan den osteguneko bilerara arte Enviser enpresaren jarrera oso desberdina izan da. «Orain arte enpresaren tonua garratza eta zakarra izan da eta ez dute borondaterik erakutsi aurrerapausoak emateko», azaldu du LABeko ordezkariak.
Azkenaldian, aldiz, akordiora iristeko lau orduko bilera ahalbidetu zuen jarrera erakutsi du enpresak, «borondate gehiagorekin». Aldaketa horretarako motibazioa «ez dugu inoiz jakingo», esan du Bittor Gonzalezek, «baina uste dugu Udalak agindua eman diola enpresari akordio batera heltzeko egoera ezin zuelako gehiago jasan».



