En direct

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia
Entrevue
Salwa Abu-Wardeh eta Awatef Cheikh Ajyal

«Helburua da bizikletan ibiltzeari eustea, Gazan bizikletan ibili arte»

Cycling4Gaza txirrindularitza martxa solidarioa Donostiatik Iruñerantz abiatu den egunean, NAIZ Irratiarekin hitz egin dute palestinar jatorriko Salwa Abu-Wardeh parte-hartzaileak eta Awatef Cheikh Ajyal Fundazioko arduradunak. 

Audio_placeholder

«Helburua da bizikletan ibiltzeari eustea, Gazan bizikletan ibili arte»

Loading player...
Salwa Abu-Wardehk Israelek egun okupatzen dituen lur palestinarretan du jatorria.
Salwa Abu-Wardehk Israelek egun okupatzen dituen lur palestinarretan du jatorria. (Naiz Irratia)

Cycling4Gaza ekimena, alegia, «Gazaren alde bizikletan» izeneko nazioarteko egitasmo solidarioa 2009tik ari da munduan zehar Gazak Israelen aldetik jasaten duen okupazioa salatzen, 2023ko urritik genozidioa bilakatu dena. Asmoa da Palestinarekiko elkartasunez bizikletan gora eta behera ibiltzea, bizikleta martxa horiek Gaza aske batean antolatu ahal izan arte. 

Euskal Herriaren zati bat zeharkatuko du egunotan Cycling4Gaza-k. Asteazken honetan (urriak 1) dute lehen etapa, Donostia eta Iruñea artean: Donostiako Alderdi Ederren finkatutako irteera puntuan hamarnaka euskal herritarrez gain, munduko txoko ezberdinetatik heldutako palestinar ekintzaileak ere izan dira. Horietako bat NAIZ Irratiarekin hitz egin duen Salwa Abu-Wardeh da, Londresen bizi baina gaur egun Israelgo Estatua deritzon palestinar lurralde okupatuetan jatorria duen emakumea. 

Elkarrizketa hau ingelesez egin da eta azpiko lerroetan itzuli da euskarara. 

Azaldu ahal diguzu zer den Cycling4Gaza eta zein den zuen helburua?

2009an jaio zen Cycling4Gaza, Israelek Gazaren aurka 2007an egin zuen erasoaren ostean, 2007an inposatu zen setioaren ostean. Palestinar talde bat zen, eraso militarrari buruz ohartarazi nahi zuena. Eta jakina, 2009az geroztik, eraso militarrak eta indarkeria areagotu egin dira, gaur egun genozidiora heldu arte. Genozidioa hainbat hamarkadatatik ematen ari diren zapalkuntza, indarkeria eta desplazamenduen ondorio naturala baino ez da. Hauxe da proiektu sionistaren azken helburua.

Eta horregatik gaude orain hemen, mundu osoaren aurrean gertatzen ari den genozidioaz ohartarazi eta jende askok Palestinaren askapena babesten duela argi uzteko. Cycling4Gaza-ren beste helburuetako bat dirua biltzea da. Aurten Ajyal hezkuntza fundazioarekin gabiltza elkarlanean. Erresuma Batuan dute egoitza eta lan kritikoa egiten ari dira une honetan Gazako familiei larrialdiko laguntza emateko. 

Helburua da bizikletan ibiltzeari eustea, Gazan bizikletan ibili arte. 

Zergatik aukeratu duzue Euskal Herri kasu honetan lasterketa solidario hau egiteko?

Euskal Herria da, nire ustez, herri palestinarrak babes gehien jasotzen duen lekuetako bat munduan. Borroka partekatua dugu askapenaren alde, autodeterminazioaren alde. Eta uste dut badagoela enpatia natural bat, kidetasun bat Euskal Herriaren eta herri palestinarraren artean. Gainera leku ederra da. Mendateek ikaratzen gaituzte apur bat, baina ondo da. Iruditzen zait palestinarrok hemen jasotzen dugun babes eta maitasun osoaz busti behar dugula, munduko beste leku batzuetan ez dagoelako halako elkartasunik. Guretzat oso garrantzitsua da hemen egotea.

Oker ez banago, datozen egunetan Euskal Herrian jarraituko duzue, ezta? 

Gaur Iruñera goaz, bihar Gasteizera joango gara eta Donostiara itzuliko gara. Larunbatean, urriaren 4an, Donostian zehar ibiliko gara bizikletan eta espero dugu 12:00etarako bukatzea Saguesen. Ongietorri ekitaldi bat egongo da eta musikari palestinarrak, hitzaldiak eta ekintza kulturalak antolatzea espero dugu. 

Mugimendu bezala, nola ikusten duzue Donald Trumpek aurkeztu eta Netanyahuk begi onez ikusi duen ustezko bake proposamena eta zein da herritar palestinarrei helarazten diezuen mezua?

Bakea hitza arinegi erabiltzen dugula iruditzen zait. Ez dago bakerik justiziarik gabe. Proposatutako planak ez du justiziarik bermatzen, palestinarrak ez baitaude ordezkatuta. Itxuraz, Estatu Batuen eta Israelen arteko bake plana da, berez bidegabea. Palestinarrek euren etorkizunaren jabe izan behar dute; ez inperioa, ezta proiektu sionista ere. Niretzat, bake akordio honek ez du balio idatzita dagoen papera bera ere. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen egun eta asteetan. Bake plan askok ez dute arrakastarik izan iraganean, hain zuzen, oinarrizko gaiei ez zaielako heldu: apartheida amaitzea, okupazioa amaitzea eta palestinarrei eskubide berdinak bermatzea. Hori gertatu arte, justizia lortu arte, ez da bakerik izango. 

 

Awatef Sheikh Ajyal Fundazioko arduraduna Donostian.

Abu Wardehk aipatu duen Ajyal Foundation erakundea ere Euskal Herrira heldu da txirrindulariekin batera, hemen jasotako ekarpen ekonomikoak Gazan ezinbesteko den laguntza eta zerbitzu humanitario bilakatzeko. Awatef Sheikh fundazioko CEOak ere NAIZ Irratiarekin hitz egin du Donostian bertan. 

Zertara bideratuko dituzue Cycling4Gaza ekimenaren bidez jasoko dituzuen ekarpen ekonomikoak? 

Lehenik eta behin, eskerrik asko herrialde honi, eskerrik asko bertako jendeari, hona iritsi ginenetik jaso dugun harrera ederrarengatik. Benetan sinbolikoa da bira hau hemen egitea. Ajyal Fundazioak Oxforden du egoitza, eta 2023tik gure lana Gazako haur desplazatuei laguntza ematea izan da bereziki, larrialdiko laguntza. Dakizuenez, Israelek eragozten du laguntza humanitarioa banatzea, nazioarteko zuzenbidea urratuz. Funtsean, Gazan uneotan desplazatuta dauden haurrei arropa beroa eta janaria ematen diegu, baita hezkuntza eta arreta psikologikoa eskaini ere. Gazako hezkuntza instalazio guztiak suntsitu ditu Israelek, beraz, ez dago hezkuntza bermatzerik 2023tik. Hezkuntza ez da bakarrik hezkuntzaren lorpen akademikoa, haurrak, osasuna eta ongizate mentala bermatzea ere bada.

Benetan espero dugu su-etena egotea, baina su-etena baldintza egokiekin, baldintza justuekin, kontuan hartuko dituena herri palestinarraren eta Gazako komunitateen beharrak eta nahiak. Eta jakina, genozidioaren osterako planak ditugu. Funtsean, genozidio izugarri honi bizirauten diotenen alde egin nahi dugu. 

Denok ikusi ditugu Gazako irudiak eta denok dugu beraien egoeraren berri eta badakigu zeinen zaila den laguntza humanitarioari bide ematea. Zailtasun handiak dituzue laguntza humanitarioa sartzeko Gazan? 

Hilabete honetan, bakarrik, 6.000 pertsonari lagundu diegu zuzenean 30.000 otordu banatuz. Hezkuntzaz gain, haien laguntza psikosoziala eta bestelako babesak ari gara eskaintzen Gazan. Izugarria eta beldurgarria da GKE batek zailtasunak edukitzea gosez hiltzen ari den populazioa elikatu ahal izateko. Hau ez da zuzena eta nazioarteko komunitatea huts egiten ari da, oinarrizko babes hori bermatzen duelako nazioarteko legediak.

Jendea altxatzen ari da, baina garrantzitsua da gobernuek ere euren partea egitea. Gazan dauden langile humanitarioak euren bizitzak arriskuan jartzen ari dira, herritarrei laguntza humanitario hori emateko. Ez da lan erraza, baina presente gauden komunitateetan presente jarraitzeko borrokatzen ari gara.

Jaurlaritza Logoa