En direct

Alternatibak 2028. urtera arte alderdia zuzenduko duen Koordinadora Nazionala hautatu zuen pasa den irailaren 18an. Talde horren parte izaten jarraituko du Maria del Riok, EH Bilduren bozeramaile izatearekin batera Bilboko Udalean. Bizkaiko hiriburuak hartu zuen Ezohiko Batzarrean, ezkerretik hegemoniak lehian jartzeko alternatiben eraikuntza aldarrikatu zuten. Gako hauek ongi gorpuztu ditzakete Alternatibaren ardatz politikoak: hausnarketa oinarri duen mugimendu asanbleario bat eta herritarren burujabetasuna defendatzen duena, bere esanahirik zabalenean. «Alternatiba betidanik herri honetarako lanean dago», nabarmendu du Maria del Riok, «Euskal Herritik hitz egiten dugu eta hori da gure tokia», gaineratu du.
Izan ere, ezkerra eta aberria elkarri bizkarra emanda joan behar dutela diotenen aurrean, Alternatiban argi dute nazio auzia eta langile borroka, txanpon berdinaren bi aldeak baino ez direla. Hori dela-eta, zentzu osoa du Del Riorentzat Alternatiba izatea EH Bildu koalizioa osatzen duen ardatzetako bat: «betidanik esan dugu gure erabakitzeko eskubidea hasten dela gure gorputzetatik eta ez dela inon bukatzen. Ez dugu inolako kontraesanik ikusten (koalizioko gainontzeko alderdiak) hartzen ari diren erabakiekin».
Hainbat hilabetetako lanaren emaitza da 'Mundua mugitzeko laguntza-puntuak' dokumentua; Alternatibaren militantziak EH Bildutik proiektatu nahi dituen politiken bide orria. Bildu sortu zenetik 14 urte pasata, eroso daude Alternatiban, koalizio abertzaleak hartu duen dimentsioarekin, baita bere barneko alderdiek utzi duten espazioarekin ere. «EH Bilduren alderdiok garenok rola pixka bat murriztu egin dugu eta horrekin ados egon gara. Ikusiko dugu etorkizunean ere horrekin zer gertatzen den. Baina jarraitzen dugu pentsatzen alderdiok badugula zeregin garrantzitsu bat», azaldu du Del Riok, alderdien arteko integrazio handiago bati atea itxi gabe, «pentsatzen dugu etorkizunean etorriko direla urrats gehiago, zergatik ez».


