En direct
«Beste gauza batzuetan lagundu beharko dut zelaitik kanpo, horretarako ere banago»
Gorka Nieto Marcosek (Etxebarri, 2002) CD Bidasoako lehen taldearekin 2019ko urriaren 16an debutatu zuen, baita Europako txapelketan ere. Kapitain izendatu zuten 2023an, 21 urte besterik ez zituela, eta orain taldeko funtsezko jokalaria da.
«Beste gauza batzuetan lagundu beharko dut zelaitik kanpo, horretarako ere banago»

Hiru denboralditan ondoan izan duen Asier anaiaren hutsunea faltan izango duen arren, Gorka Nietok uste du taldeak baduela mamia. Emaitzak hor daude: Asobal Ligan bi garaipen eta EHF European Leagueko multzo fase barruan dago talde irundarra.
Denboraldi hasierako zer balorazio egiten duzu?
Sentsazioak oso onak dira, bai lortu dugunagatik, bai jokoagatik. Oso ondo jokatzen ari gara, partida nahiko solidoak egiten ari gara, eta batez ere defentsan gogor. Horrela jarraitzen badugu, argi dago denboraldia ondo joango dela.
Zer moduz egokitu dira jokalari berriak?
Egia da jokalari onak joan direla. Nabaritzen da haien falta, baina, nire ustez, fitxaketak oso onak izan dira. Haien jokatzeko moduagatik, nahiko ondo egokitu dira, haien ikuspuntua nahiko freskoa izan da taldearentzat... Jokatzeko modu ezberdinak ematen digute fitxaketa horiek, eta oso garrantzitsua da guretzat. Iaz kostatu zitzaigun. Estilo bereko jokalariak genituen, eta aurten hori apur bat aldatu da eta lagungarria izaten ari da.
Zein dira denboraldi honetako helburuak?
Helburuak finkatzea nahiko erraza izaten da. Beti saiatzen gara ligan bigarren postua lortzen; ez da erraza Europa jokatzea, konplikatu egiten da. Azken finean, partida asko izaten ditugu, batez ere erdiko hilabete horietan. Baina hori da helburua, eta argi dago: Europan sartzea eta ahalik urrunena iristea. Hobetzea oso ondo egongo litzateke, baina zaila izango da. Egokitu zaigun multzoa oso zaila da. Flensburg talde izugarria da, Saint-Raphaelek ere jokalari oso onak ditu eta talde gogorra eta indartsua du. Saiatu behar dugu lehenengo bi postu horietan sartzen. Hurrengo fasera pasatzeko puntuak garrantzitsuak badira, haiei irabazi behar diegu.
Zenbateraino ezagutzen dituzue multzoko aurkariak?
Saint-Raphael eta Flensburg hobeto ezagutzen ditugu. Nire kasuan, nire anaia [Asier] Frantziara [Rennesera] joan dela, ikusi nuen Saint-Raphaelen kontrako partida eta harrituta geratu nintzen. Talde indartsua da, jokalari oso handiak eta pisutsuak... Eta Flensburg nork ez du ezagutzen? Egia da errumaniarrak [Potaissa Turda] apur bat ezezagunak direla, baina ezagutzeko aukera izango dugu.
Ostegun honetan Asobal Liga duzue: Ademar Leon jasoko duzue Artalekun (20.30ean). Nolako partida aurreikusten duzu?
Ademarren kontra, normalean, asko kostatzen zaigu. Iaz etxeko bi partidak galdu genituen. Kopakoa berdindu genuen, baina gero luzapenean galdu. Haiek ez dute taldea hainbeste aldatu. Partida nahiko antzekoa espero dugu. Defentsan oso gogorrak izaten dira, baloi asko berreskuratzen dituzte, haien hegalak onak eta azkarrak dira, kontraerasoa asko erabiltzen dute... Partida azkarra baina golak sartzeko arazoekin espero dugu.
Orain kapitaina zara, 2028ra arte berritu zenuen kontratua iaz... Gustura ikusten zaizu, eta esango nuke baloratuta sentitzen zarela.
Oso pozik nago, bai taldearekin, bai klubarekin, bai hiriarekin. Hemen etxean bezala sentitzen naiz, jendeak hori sentiarazi egiten dit eta. Batez ere taldekideekin oso pozik nago. Esan duzun moduan, baloratua sentitzen naiz. Nire helburua aurten, beti bezala, taldeari ahal dudan guztia ematea da. Beharbada beste gauza batzuetan lagundu beharko dut zelaitik kanpo, horretarako ere banago.
Kapitain rola izatea ohorea izango da, baina ardura ere.
Ikusten baduzu nor izan den kapitaina Bidasoan, zerrenda izugarria da, eta horren barruan egotea, hori bakarrik izugarria da, ohore bat. Kaletik joatea eta jendeak ni ezagutzeak eta agurtzeak poza ematen dit.
23 urterekin, nola gidatzen da Bidasoa?
[Barrez] Gidatzea ez da hitza. Nire ustez, garrantzitsuena da talderi lasaitasuna ematea, eta horretan saiatzen naiz, nire ikuspuntua ematen behar denean. Batez ere, gauzak ondo joatea eta barruan arazorik ez egotea da garrantzitsuena. Hori da nire helburua.
Eta ikusten da taldeak zuregan apustua egiten duela, urte luzerako kapitain baten bila dabilela.
Argi dago, hemen hiru urterako sinatu badut, nire apustua ere Bidasoaren aldetik doala. Bi aldeetatik dago apustua. Eta nire partetik, gutxienez, oso pozik nago alde horretatik. Seguru, Bidasoak handiagoa egiten jarraituko duela.
Anaia Frantziara joan zaizu. Faltan botatzen al duzu?
Beti gainean egoten da, baina bai, noski. Argi dago faltan botatzen dudala, bai jokalari izugarria delako, baita ere pertsona izugarria delako ere. Nire anaiarekin jokatzea oso berezia zen. Orain hori galdu dut, baina beste gauza batzuk irabazi ditut baita ere.
Etorkizunera begira, interesa izango al zenuke beste ligaren bat probatzeko?
Momentuz, hemen oso ondo nago. Argi dago beste ligak probatzea beti erakargarria dela, baina kostatzen zaigu hemen Asobal Ligak duen maila baloratzea. Argi dago Frantziako Liga edo Alemaniakoa, adibidez, izugarriak direla, diru pila bat dutenak. Horregatik pixka bat kostatzen zaigu baloratzea Asobal Liga. Beraz, momentuz uste dut egon behar dudan tokia Bidasoa dela. Etorkizunean ikusiko dugu.



