En direct
«Disonantzian zerbait atsegina topatzen dugu»
Lokomotorra martxan jarrita, “Kabakriba” diskoarekin badoa EZEZEZ banda. Dena oso azkar egin dute, eta sorpresa handi bat izan da disko berria ateratzea. NAIZ Irratiko Musikharia saioan izan da Unai Madariaga abeslaria eta gitarra jotzailea, diskoaren inguruan mintzatzen.
«Disonantzian zerbait atsegina topatzen dugu»

Disko hau sortzeko tartea noiz hartu duzue? Kontzertuekin ez zarete geratu!
Prozesu nahiko arraroa izan da. ‘Katuzaldia’ bira erdian grabatu dugu ia disko osoa. Zati bat udan egin genuen, eta bigaren zatia otsailean. ‘Katuzaldia’ bira amaitzean.
Oker ez banaiz, 2023 bukaeran atera zen «Katuzaldia», eta urte eta erdira disko berria duzue. Horrek esan nahi du sormen prozesu emankorra izan duzuela. Disko honetan ere 12 kantu izan dira.
Batu egiten gara lokalean, gure sormen prozesua hori da. Lokalean batu, jotzen hasi eta irteten dena grabatu. Misterio handirik ez du. Berrogei kontzertu eman dituzunean, udan, lokalean elkartzen ginenean ez genuen kantuak entseatzeko beharrik. Eta abesti berriak sortzea zen plana.
Bada nolabait ere jam batetik sortzen den diskoa? Nik itxura hori hartzen diot «Punto fina» kantuari.
Bai, izan daiteke. Modu oso naturalean sortu zen kantu hau. Uste dut grabaketaren lehenengo egunean sortu genuela. Ideia batzuk genituen baina, horiek grabatu ordez, Mikel hasi zen linea hori egiten, eta bi ordutan grabatu genuen kantua letra eta guzti. Gozatu bat izan zen!
Disko honek asko du fonetikatik, ezta? Asko jolastu zara hitzekin.
Uste dut garrantzia gehiago eman diodala batez ere letren aspektuari. Saiatu naiz letra bera instrumentu bat izaten. Denetarik egin dut disko honetan: apunteak erabili ditut, unean bertan atera zaizkit letrak, eta milaka buelta eman dizkioten letrak ere egon dira. Prozesu ezberdinak erabili ditut, baina, batez ere, gura izan dut ahotsa beste musika tresna bat bezala erabiltzea.
«Punto final». Maitasun kantu bat da?
Bai, maitasun kantu bat, zu zeu maitatzeko kantu bat. Esango nuke, beste batengatik jasotako maitasuna zu zeu maitatzeko aukera dela.
«Zoruzelai» kantuak funk kutsu bat du, eta gauza oso bitxia gertatzen da: disonantzia eta zikintasunetik badu, baina atsegina da. Hori ez da batere erraza. Nola mantentzen da freskotasuna, non dago sekretua?
Ba, ez dakit, baina disonantzian zerbait atsegina topatzen dugu. Esango nuke gitarra jotzeko moduan dagoela sekretua.
Fabula moduko bat iruditu zait «Zoruzelai». Hala da?
Ipuintxo bat da azkenean. Robinhood moduko zerbait, niretzat hori zen ideia. Imajinatzen nuen lapur bat, outsider bat, kalean barrena korrika eta pobreak horri esker gozatzen. Letrak badu sozialetik, klase borrokaren inguruko zerbait ere badu, eta aberatsen kontra... baina dena oso modu naif batean.
Aipatu duzu diskoa bi zatitan grabatu duzuela. Nolakoa izan da prozesua? Diskoan entzuten dien osagai guztiak grabatzea ez da erraza. Edo etxetik oso ondo pentsatuta eraman duzue edo gero erotu egin zarete nahasteko momentuan...
Gehiago izan da bigarren aukera, erotu egin gara. Beti aurrena abestiak grabatzen ditugu eta gero sartzen gara detaile eta txorakeriatan. Eta bai, prozesu nahiko arraroa da. Abesti bat utz dezakegu bi astez eta gero berriz hartu, eta gero entzuten dugu eta pentsatzen dugu, ba, hemen zintzarri bat sartuko dugu.
Baina hori ekoizlerik gabe egitea konplexua da, ezta?
Ez dakit. Lan egiteko gure modua da. Enekok eta Alvarok jakituri tekniko handia dute, eta horri esker ahal dugu.
Diskoan efektuak erabili dituzue. Akaso pedalekin lortuko zenuten hori. Baina gero hori guztia zuzenekora eraman behar da...
Efektuak baino, kapak dira. Gero, gustatzen zaigu oreka bat mantentzea. Estudioko lana gauza bat da eta zuzenekoa beste bat; baina oreka bat mantendu behar da, eta hor ibiltzen gara jolasean.
Oraindik ez dugu esan «Kabakriba» zer den. Zer da, indibidualismoari egindako kritika bat?
Ez, kritika bat baino gehiago, esango nuke indibidualismoa besarkatzen duen zerbait dela. ‘Katuzaldia’ aurreko diskoan gehiago sartzen ginen fantasian, eta disko honen mezua gehiago da zeienen harrigarria den mundu hau. Ia ez da fantasiarik behar, nahiko itzela da jada mundua. ‘Statik Txomin’ kantuaren mezua antzekoa da: zarena zarela, izan zaitez zu. Zu zeu zara mundu hau denontzat leku errazagoa egiteko aukera daukana.
108.00 FM abestian, irrati zapping-ak daude. Irudipena dut entzuten den dena zuek sortu duzuela.
Bai, bai, gurea da dena. Gure deskarteak, heldu ez diren abestiak... Collage bat egiteko intentzioa genuen,
«Kalekume» kantuan beste rollo batera goaz erabat. Kantua markatzen duena reefa da?
Bai, reefetik hasi zen kantua. Eneko gitarra jotzaileak jo nahi zuen Wii konsolaren introa, eta saiakera horretaik sortu zen kantua, txantxa moduan.
Kalekume, kukulumuxu, kuikuika, kalamatrika, kalamidade eta kalapitxi. Hitzekin joalsean asko ibili zara, eta kantu hau da horren adibide argia.
Aho korapilo antzeko bat da. Nik etxean badaukat hiztegi bat, euskalkien hiztegi bat, eta hor berba ezberdin pila bat daude, sinonimo pila bat. Hor ibili nintzen estudioan, liburuarekin aurrera eta atzera.
«Nohaypescau» kantuak aurreko diskoari erreferentzia egiten dio. Berandu erabiltzeari egiten diozue erreferentzia...
Ba, bai, disko oso autoerreferentziala da.
Gehiago ere badaude, eta ez ditut topatu?
Bai, bai, badaude!
Nahastu eta elkartu, hor izango zenuten diskoa egiterakoan buruhauste handiena, ezta?
Bai, batez ere, denak zentzua hartzea. Ez dago preprodukziorik. Lokalean sartu eta irten zena grabatu. Gauza ezberdinak atera dira, eta nik uste dut zenbat eta desberdinagoa izan euren artean lagundu egiten digula libreago izaten. Hain eklektikoa da, denak balio baitu modu batean edo bestean. Baina zentzua duen zerbait badago, antzekotasun bat...
Eta musika erreferentziarik izan duzue?
Bai, noski. Bakoitzak bere mundua du, eta horrek asko laguntzen digu. Denetarik entzuten dugu.
Eta ordena erabakitzea?
Hori zirku bat izan da. Amaierarako utzi dugu, gainera.
Estatu espainoleko zigilu batekin lanean ari zarete orain. Zer eman dizue horrek?
Asko lagundu digu horrek. Batez ere mugak apurtzeko aukera eman digu. Azken batean, guk Euskal Herrikoak gutxi gorabehera kudeatu ditzakegu. Gaztetxeetako tratua oso hurbila da. Baina Euskal Herritik irtetea euskaraz abesten oso zaila da, eta haiei esker lortu dugu.




