En direct

Peli Lekuona | Aritz Santamaria

«Atzetik hasi dugu bidea, egia eta justizia falta zaizkigu»

Mikel Zabalzaren memoria garraiatuko duen ekimen ibiltaria aurkeztu dute, Guarda Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuenetik 40 urte beteko direnean. Lohizune Amatriak, Mikel Zabalzaren ilobak, ekimena «baliagarria» izatea espero du «egia, justizia eta erreparazioan aurrerapausoak» emateko. 

Audio_placeholder

«Atzetik hasi dugu bidea, egia eta justizia falta zaizkigu»

Loading player...
Mikel Zabalzaren argazki bat, Iruñean egindako aurkezpenean
Mikel Zabalzaren argazki bat, Iruñean egindako aurkezpenean (Aitor Karasatorre | Foku)

Azaroaren 26an, berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. 40. urteurrenean, Mikel Zabalzaren memoria garraiatuko duen ekimen ibiltaria aurkeztu dute. Autobus batek lotuko ditu Orbaizeta eta Donostia, Zabalzaren sorterria eta bizi zen hiria atxilotu eta hil zuten unean. Lohizune Amatriak, Mikel Zabalzaren ilobak, «egia, justizia eta erreparazioan aurrerapausoak eman» ez ezik, «herri memoriaren aitortza» ere egin nahi dutela adierazi du, «memoriaren beharra belaunaldi berriei luzatzeko». 

Amatriak «memoria osoa eraikitzearen» beharra azpimarratu du. Izan ere, Mikel Zabalzaren kasuan «aitortza instituzional garrantzitsu bat» egin dena arren, oraindik «ezagutzen ez diren xehetasun asko» daudela deitoratu du. «Xehetasun horiek ezagutzea oso garrantzitsua da memoria osoa eraikitzeko», gehitu du. 

40 urte igaro diren honetan, senideen beharrak izan ditu hizpide Amatriak. Erreparaziorako bidea «atzetik» hasi dutela adierazi du: «Aitortza instituzionala urrats garrantzitsua izan bada ere, oraindik egia eta justizia falta zaizkigu». Amatriak zehaztu duenez, horiek dira senideen behar eta aldarrikapen nagusiak. Aspaldidanik datoz, ordea. Amatriaren amonak, Mikel Zabalzaren amak, 1985ean esaten zuen esaldi bat gogora ekarri du: «Horma baten kontra ari gara». Amatriak horma hori «inpunitatearen horma» dela nabarmendu du. Dena den, «pitzatuko» dutela espero du. 

Bide judizialari dagokionean, Amatriak kasua ez dela «inoiz» instrukzioko lehen fasetik pasa gogorarazi du, nahiz eta bi saiakera egin diren. Sailkatutako dokumentazioan kasua argitu dezakeen informaziorik ote dagoen zalantzak ditu; oso argi du, ordea, sailkatutako informazioak lagun dezakeela «herri honetan zer egin zuten argitzen».

Jaurlaritza Logoa