En direct
Zazpi abestiz osatutako diskoa da ‘Lur’. Pertsonen izaera ziklikoa aipatzen duen ‘Sugearen azala’ kantuarekin abiatzen da lana. Ahotsa protagonista den arren, lehen planora etortzen ez den abestian. Musika beltzaren unibertsora bidaiatuko dugula badakigu Lujuaren kantaera entzunda, eta sofistikazioa ere bilatzen duela bere abestietan Rhodes teklatua bezalako elementuak entzutean.
Gipsy-jazz estiloan dator ‘Erantzunak’ abestia. Nerabezaroko ereserki izan zuen ‘Eskutitza’ Hemendik At! taldearen kantuari jarraika etorri den abestia da, erantzunen bila dabilena. Koral interesgarri bat txertatu dio, gainera, Lujuak. ‘Euria’ kantua, berriz, aldarrikapen eta gogoeta kantu bat da. Azaroaren 25ari, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunari, egiten dio erreferentzia. Goruntz egiten du kantuak, eztanda soniko berezi batekin eta berriz ere ahotsek sekulako garrantzia hartuz.
Krisi esistentzial baten osteko gogoeta saioan dagoen unea irudikatzen digu ‘Txoriak’ abestian. Bossanova erritmoetatik abiatu eta poperaino pasatzen gara kantu honekin. Euskaldunberria da Lujua, eta horri ere erreferentzia egin nahi izan dio disko honetan, ‘Euskera’ abestia sortuta. Euskara ikastera animatzen du edonor, zailtasunak zailtasun gai garela esanaz, nahirik bada bederen. Swing batean egin du, gainera, euskaraz hain ohikoa ez den estilo batetan.
Gauari erreferentzia eta soinu iruditerian ere gaua da ‘Gaua heldu da’ abestian kontatzen diguna. Bilboko Alde Zaharrean gauez izandako bizipen eta burutazioekin osatutako abestia, piano kolpe eder eta baxu bero baten laguntzarekin. ‘Zer egin’ abestiarekin ixten da diskoa, funk ukitua duen kantua, elementu pila bat entzuten diren abestia.
Zuzenekoetan giro atsegin, gertuko eta sentikorra nahi duenak, badaki, Miriam Lujuaren emanaldietara hurbildu besterik ez du.



