En direct
«Jauzi bat eman behar da euskarari nazio hizkuntza bezala estatus berri bat emateko»
Telesforo Monzon Laborategiak antolatutako Udako Eskola Irekiak martxan jarri dira Bilboko Bizkaia Aretoan, euskararen eraberritzea hizpide. Iñigo Urrutia bertan izan da, eta NAIZ Irratian elkarrizketatu dugu.
«Jauzi bat eman behar da euskarari nazio hizkuntza bezala estatus berri bat emateko»

Bizkaia Aretoan zaude, ‘Administrazio bat, bi hizkuntza. Berdintasuna eta aukera’ leloa duen mintzaldian parte hartzeko. Zer emango du ikastaro horrek?
Azken urteetan euskarak pairatu duen odolustearen ondoren, gaurko perspektibari eta eman ahal ditugun aurrera pausuei buruz hitz egiteko aukera emango du. Apur bat horren gaineko azterketa sakona egiteko. Horretarako ekarri ditugu bai Kataluniatik zein Galiziatik gai honetan benetan adituak diren bi lagun, eta haiekin batera Telesforo Monzon Laborategiaren arloan dagoen Txillardegi Gogounetik sortutako hausnarketak kontrastatuko ditugu. Partekatuko ditugu eta gero proposamen politikoak ere planteatuko dira. Hain zuzen, Josu Aztiriak planteatuko digu EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztu duen euskararen eraberritze aldera enplegu publikoan sartzeko proposamena.
Aipatu dituzun bi aditu horiek, Kataluniatik eta Galiziatik datozenak, Eva Pons eta Alba Nogeira...
Hori da, benetan pertsona adituak. Alba Administrazio Zuzenbideko katedraduna da Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta aspalditik dabil hizkuntza gaiarekin. Eta Eva Pons pertsona ezaguna da hizkuntza zuzenbidearen mundu honetan. Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da eta momentu honetan Consell de Garanties Estatutaries-eko kidea ere bada. Katalunian zein Galizian enplegu publikoan sartzeko baldintzak azaltzeko eskatu diegu, zelan funtzionatzen duen sistemak eta abar.
EAEn jauzi bat egitekotan nik uste dut ereduak hortik aurkitu ditzakegula. Ez orain bezala. Nolabait legeak esaten du zenbait lanpostutan euskara jakitea nahitaezkoa izango dela baina ez lanpostu guztietan. Eta, hain zuzen, gaur egun dauzkagun sententziak ikusita, sistema berak ez duela funtzionatzen ikusten da, lege babesa edo lege oinarriak erabat ahulduta daudela. Gure ustez erabat blokeatuta dago momentu honetan sistema. Beraz, hau da momentua, eta nolabait jauzi kualitatibo bat emateko gaitasuna eta aukera politikoak ere badaude.
«Nolabait legeak esaten du zenbait lanpostutan euskara jakitea nahitaezkoa izango dela baina ez lanpostu guztietan. Eta, hain zuzen, gaur egun dauzkagun sententziak ikusita, sistema berak ez duela funtzionatzen ikusten da»
Aipatzen dituzu ari ezberdinei helduta, hizkuntza gutxitua arlo publikotik babestu edo lehenetsi gabe posible da bi hizkuntza ofizialen arteko bizikidetza orekatu bat?
Nik oso zaila ikusten dut. Nire ustez aurrerapausu eta jauzi kualitatibo bat egin beharreko momentuan gaude, ez bakarrik oldarraldi judiziala gainean dugulako. Hori arrazoi nahikoa da, baina baita ere euskarak erronka handiak dituelako hurrengo urteei begira. 80. hamarkadan diseinatu zen sistema hizkuntza askatasuna bermatze aldera sortu zen. Eskolan hizkuntza batean edo bestean ikasteko eskubidea, Administrazio publikoan bakarrik postu batzuetarako euskara eskatzea… hori da hain zuzen Europan ezaguna den sistema bat, baina gutxiengoak babesteko.
Nik uste dut jauzi bat eman behar dela, gutxiengoaren ikuspegitik abiatuta euskararen erabateko biziberritzea ez dugulako lortuko. Jauzi kualitatibo baten alde egin nahi bada, horrek nolabait euskarari nazio hizkuntza bezala estatus berri bat ematea dakar, lehentasun bat ezarriz, euskararen erabilera normal edo naturala izan dadin. Eta horri segurtasun juridikoa eman beharko litzaioke.
Ikuspegi politikotik, euskararen estatus nagusian aldaketa kualitatiboa egin beharko litzatekeela uste dut, eta hizkuntza politikari begira ere gutxiengoentzat diseinatutako sistema hori gainditu behar dugula. Nolabait euskarari lehentasuna ematearen aldera naturaltasunez eta normaltasunez erabiliko den hizkuntza bihurtu dadin, eta juridikoki babestu. Hori da apur bat Monzon Laborategitik momentu honetan egiten den hausnarketa. Eta hausnarketa hori ere partekatua izan da Kontseiluarekin eta euskalgintzako eragileekin. Iruditzen zait badagoela adostasun handia horren alde egiteko.
Bizitzen ari garen oldarraldi horri erreferentzia eginez, ikusi dezakegu nola askotan arlo politikotik aldarrikapen juridikoak egiten diren. Azken hiruzpalau urteetan jada, ikusten ari garela nola sistematikoki ustezko lanbide publikorako eskubidea gaientzen ari zaion berez bermatuta egon beharko lukeen hizkuntza eskubideari.
Bai, hori hala da baina hori ere hemen planteatzen da, hemengo auzitegietan. Eta ez auzitegi guztietan, bakarrik Administrazio Auzigaietarako Salako Lehen Sekzioan. Ibili nahiz sententzia guztiak batzen eta konturatu naiz Lehen Sekzioak Sistematikoki atzera botatzen dituela hizkuntza eskakizunak deialdi publikoetatik. Bigarren Sekzioak, aldiz, ez. Eta sententzia horiek ahultasun juridiko ikaragarria dute. Demanda jartzaileak inoiz ez du frogatzen zergatik euskara jakitea ez den beharrezkoa funtzio horiek betetzeko. Berak errekurritu balu berak frogatu beharko luke zergatik den hori horrela, baina epaileak egiten ari direna, aldiz, Lehen Sekzioko epaile horiek egiten ari direna da Administrazioari eskatzea frogatu dezala zergatik den nahitaezkoa euskara jakitea beharrezkoa diren lanpostu horietarako.
Gainera auzitegia esaten ari dena da udaltzain guztiak euskaldunak izan beharrean, bat izatea nahikoa dela, patruilan joaten direlako. Horrek ez dauka ez hanka ez buru. Auzitegia ez da inor Administrazioari esateko nola antolatu behar dituen bere zerbitzuak. Eta gauza bera gertatu da pasa den astean argitaratu zuten azken sententzian, Gipuzkoako Foru Aldundiko zaintzailei buruzkoa. Dioena da erresidentzia antolatu dadila euskaldunen bat handik egoteko beti, eta beste guztiak ez direla zertaz euskaldunak izan behar. Halako argumentuekin egia esan benetako jauzi kualitatibo egin behar dugu. Bestela ez dugu izango erremediorik.
Hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak parez pare jartzea faltsua da. Funtzio publikora sarbidea, Konstituzioaren arabera, izan behar da meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioen arabera, baina 23.2 artikulua esaten duena da legeak ezartzen dituen hizkuntza eskakizunak bete behar direla, bi hizkuntz ofizial daudelako. Eta hori ez da betetzen ari. Bada joera bat sententzia guzti horietan euskara ez dakitenak gutxiengo zapaldua bezala aurkezteko, eta juridikoki nik ez diot ikusten inolako oinarririk. Hemen gutxiengo bat baldin badago, euskaldunen taldea da, eta hizkuntza ez normalizatu bat baldin badago, hau euskara da. Gaztelera erabili nahi duenak ez du inolako arazorik, inolako administrazioetan. Aldiz, euskaraz egin nahi duenak zenbait arazo izango ditu zenbait Administrazioetan jende prestaturik ez duelako aurkituko.
«Hemen gutxiengo bat baldin badago da euskaldunen taldea eta hizkuntza ez normalizatu bat baldin badago euskara da. Gaztelera erabili nahi duenak ez du inolako arazorik, inolako administrazioetan»
Iruditzen zait badagoela inpultso politiko bat sententzia horien atzean, eta latza da euskararen benetako egoera zein den ikusita. Errealitateari begira ez da sostengarria esatea nahikoa dela zerbitzuko funtzionario bat euskalduna izatea hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horrek ez dauka ez hanka ez buru. Eta hizkuntza politika ezin da auzitegien bitartez egin, ez dagokie auzitegiei. Auzitegiek egin behar dutena da ikustea araudia zuzenbidearen araberakoa den hala ez, baina ez erremedioa jartzea, beraiek ondorioztatu nahi dutena oinarritzeko.
Inpultso politiko hori ostiralean antolatuko duzuen beste mahai-inguruan presente izango duzue, ‘Euskararentzako hizkuntz politika berri baten beharraz’ deitu duzue, ze aurreratu ahal diguzu mahai-inguru horretaz?
Bigarren mahai-inguru hori benetan interesgarria izango da. Gaurkoan enplegu publikoan zentratu gara, eta ostiralekoan argi luzeak jarriko ditugu eta EAEn zein Nafarroan euskara duen estatus juridikoaren gainean hausnarketak egingo dira eta baita ere estatus politiko berri bati begira euskarari ze tratamendu eman beharko litzaioke aztertuko da. Gaur egungo sisteman euskara hizkuntza propioa da EAEn baita Nafarroan ere baina horri lotu zaizkion betebeharrak, eskubideak eta abar ikusten ari gara nahiko mugatuak direla.
Beharbada hau da momentua planteatzeko euskarak ez ote lukeen, hizkuntza nazional bezala, beste estatus bat izan beharko. Hori da hain zuzen planteatuko dena, eta planteatuko da ea 80. hamarkadan EAEn eta Nafarroan diseinatu ziren hizkuntza politikarako lege nagusiek, Euskararen Legeak eta Nafarroan Vascuencearen Legeak, barneratu dituzten irizpideak jauzi kualitatibo bat emateko baliagarriak diren edo beste oinarri batzuen gainean eraiki behar ote diren.
Hori aztertuko dugu puntako ikerlariekin, Iñaki Iurrebaso, Jon Sarasua, Olatz Altuna… soziolinguistikan gaur egun Euskal Herrian puntakoak diren ikerlariak etorriko dira eta ikuspegi juridikotik ere ekarpenak egingo dira.



