En direct

Zaloa Badiola | Aritz Santamaria

Suteei ezin aurre egin: milaka hektarea kiskalita eta baliabide falta agerikoa

Espainiako eta Portugalgo suteek ez dute etenik. Larria da oso Iberiar penintsulan suteek eragindako egoera. Azken egunotan milaka hektarea erre dira baliabide eta aurreikuspen faltaren ondorioz. NAIZ irratian egoera aztertu dute Josu Idigoras eta Iñaki Lizarbe suhiltzaileek.

Audio_placeholder

Suteei ezin aurre egin: milaka hektarea kiskalita eta baliabide falta agerikoa

Loading player...
Zarrakazteluko zonaldea, abuztuko hasiearko suteen ondorioz.
Zarrakazteluko zonaldea, abuztuko hasiearko suteen ondorioz. (Jagoba Manterola | FOKU)

Suteek eragindako kalteak ugariak dira: milaka hektarea erre dira, beste hainbeste familiek beraien etxeak utzi behar izan dituzte eta zenbait hildako ere egon dira. Galizan eta Gaztela eta Leonen haserrea zein ezinegona piztu da, inguru horietako biztanleen etorkizuna kolokan baitago; halaber, agintarien erreakzioa eta jarrera jo mugan jarri dute azken egunotan ugaritu diren protestek.

Suteei aurre egiteko baliabide falta agerikoa izan da. Bizkaiko eta Gipuzkoako 70 suhiltzaile egon dira Gaztela eta Leongo suteak kontrolatzen eta itzaltzen; Nafarroako 24 suhiltzailek Asturiasen dihardute. Josu Idigoras, Gipuzkoako Foru Aldundiko Prebentzio, Su-itzalketa eta Salbamendu zuzendaria NAIZ irratian egoera aztertu du. Egoera «hobetu» dela aitortu du, «behin bero uholdea igarota». «Eguraldiak tregua txiki bat eman du, beraz, aprobetxatu behar da». Dena den, «haize aldakorrarekin erne» ibili behar dela onartu du.

Gaztela eta Leonen itzaltze lanetan ibili dira Gipuzkoa eta Bizkaiko suhiltzaileak. Giza laguntza ez ezik, ibilgailuak zein materiala ere bidali dute. Suteen aurkako lanetan «aletxoa» jarri behar zutela azaldu du zuzendariak, Valentziako tanta hotzean edo Nafarroako 2022ko suteetan egin zuten bezala. «Aldaketa klimatikoarekin gu izan gaitezke laguntza eskatzen dugun hurrengoak», gehitu du. Aldaketa klimatikoa hizpide, ukatzaile edo negazionisten aurka egin du: «Aldaketa klimatikoa ez da bakarrik existitzen, errealitate bat da». Prebentzioaren garrantziaz ere aritu da, «hasierako lana» dela azalduz.

Nafarroan, 2022tik hobekuntzarik ez

Nafarroan ere suteek triskantza eragin dute. Obanosen, Muruzabalen eta Zarrakaztelun izan dira suterik handienak, eta behin horiek itzalita suteei aurre egin ahal izateko eskaera garbia egin die LABek Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiei: 2026ko aurrekontuak adosteko testuinguruan, baso-suhiltzaileen kopurua handitzea eta kanpaina luzatzea. Iñaki Lizarbek, baso-suhiltzailea eta LAB sindikatuko ordezkariak, suteek utzitako ondorioak eta sindikatuaren eskakizunak azaldu ditu.

«Oso sute ezberdinak izan dira aurtengoak», ohartarazi du baso-suhiltzaileak. Izan ere, Obanosen eta Muruzabalen hektarea gehiago erre badira ere -320 hektarea- «azkar» kontrolatu zituzten. Zarrakazteluko suteak 220 hektarea erre ditu, baina «inguruko pinudi berezia dela eta» astebete egon ziren sutea kontrolatzeko lanetan. Tenperatura altuek -termometroek 42 gradu markatzen zuten egun horietan- itzaltze lanetan eragina izan zutela gehitu du.

Sindikatuaren aldarrikapenei dagokionean, ez dutela soldata igoera eskatzen zehaztu du, «plantilla handitzea eta honen lana urte osora zabaltzea baizik». Aurtengo kontratazio-aldian kontratu guztiak ez direla bete nabarmendu du, eta hutsune horrek ondorio zuzena du: «Bi brigada nahiko ahul ditugu, 5 suhiltzaile egon ordez 3 daude».

Era berean, Lizarbek argi du lana urte osora zabaldu behar dela: «Betidanik esan dugu udako suteak neguan itzaltzen direla». LABeko kideak azaldu duenez, gaur gaurkoz, baso-suhiltzaileen lantaldean 42 pertsona daude 9 hilabetez lanean, eta beste 117k 4 hilabetez lan egiten dute. «Egoera honek kezkatzen gaitu, jendea nazkatzen baita horrelako kondizioekin», salatu du.

Azken 20 urtetan suteak «aldatu» direla azaldu du, ez ordea «langile kopurua» eta «kanpainaren iraupena». 2022ko suteek Nafarroako mapa eta paisaia aldatu bazuten ere, «gauzak hobetzeko eztabaida nahikorik» ez zela egon salatu du. Halaber, LAB sindikatutik «hausnarketa nahiz azterketa sakonak egin eta ahalik hobekien prestatzeko garaia iritsi» dela diote.

Lizarbek «aspaldidanik» adosturik dagoen Baso-suteen aurkako lana Indartzeko Taldea martxan jartzea aldarrikatu du. Lizarbek ez du ulertzen «adosturik dagoen zerbait» Kontseilariaren bulegoan gelditzea, eta «lehenbailehen» taldea abiatzeko eskaera luzatu du. Talde honek prebentzio lanetan lagunduko duela adierazi du: «Neguan ez ezik, udazkenean ere prebentzio lanak egiteko aukera izango dugu».

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa