En direct

Iraia Cambra | Oinatz Aizpuru

«Euskararen normalizazioak ezinbestean eskatzen du paradigma aldaketa bat»

Euskalgintzaren Kontseiluak 2021ean abiatutako 'Batuz aldatu' egitasmoa indartzen ari da. Ehun eragile sozial eta kolektibo baino gehiago batu dira ordutik hona, eta irailean, hizkuntza-politikan jauzi bat egiteko oinarri izango den itun soziala aurkeztuko dute.

Audio_placeholder

«Euskararen normalizazioak ezinbestean eskatzen du paradigma aldaketa bat»

Loading player...
Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia.
Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia. (Iñigo Uriz | FOKU)

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, «euskararen normalizazioak ezinbestean eskatzen du paradigma aldaketa bat». Bere ustez, ez da nahikoa egungo hizkuntza-politiken moldaketa teknikoekin: «Hau ez da euskalgintzarentzat soilik, gizarte osoarentzako prozesu bat da».

Egitasmoaren berezitasun nagusia da aniztasuna. Euskalgintzaz gain, sindikatuak, pentsiodunen mugimendua, feminismoa edota Athletic Kluba bera ere batu dira hausnarketara. «Bokazioa da gizarte adostasun zabal eta eraginkorra eraikitzea», dio Eskisabelek.

Etorkizunari begira, bi helburu nagusi dituzte: euskararen erabilera erosoa sustatzeko baldintzak sortzea eta ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatzea. «Euskaraz bizitzea ez da ariketa heroikoa izan behar, baizik eta aukera berdintasunean oinarritutako hautu normala», nabarmendu du Eskisabelek.

Itun sozialaren azken dokumentua irailean aurkeztuko dute, eta orduan zehaztuko dira proposamen politiko eta publiko zehatzak.

Jaurlaritza Logoa