En direct

Ekainaren 17an gauzatuko du BSHk Ezkirotzeko fabrikaren itxiera, eta 650 langile baino gehiago kalean geratuko dira. Enpresatik «epe legalak bete» dituztela argudiatu dute. Mikel Irujok, Nafarroako Industria Kontseilariak, «epeak luzatzeko» eskaera egin du NAIZ irratian, itxiera atzeratzeko «garaiz» dela argudiatuz.
BSHk abenduaren 16an enpresa ixteko asmoa iragarri zuen. Legeak elkarrizketa prozesurako eskatzen dituen epeak betetzear daudenean, asmo hori berretsi dute. Industria Kontseilariak «etika» eta «gizatasun falta» egotzi dio enpresari, eskutitz baten bidez ixteko asmoa iragarri zuelako. Nafarroako Gobernuak itxiera ez duela onartzen adierazi du: «Inbertsore interesatuak daude, baina lau hilabetetan inbertsio prozesu bat ezin da burutu». Horrenbestez, «epeak luzatzeko» eskaera egin du; «zentzuzkoa» den eskaera dela argudiatuz.
Izan ere, «galerak izan ez dituen enpresa» dela gogorarazi du. BSHko langileek bizi izan duten prozesua errepika ez dadin, Foru Legearen zirriborroan artikulu bat gehitu dutela nabarmendu du Irujok: «Likidazio prozesuak ordenatu behar ditugu, ez da posible horrelako multinazional batek eskutitz baten bitartez 50 urteko lantegi bati amaiera ematea».
Industriako Kontseilariak interesa duten inbertsoreak daudela azaldu du: «Autogintzan, energia berriztagarrian eta defentsan diharduten inbertsoreak hain zuzen». Hori da, Irujoren esanetan, denbora gehiago eskatzeko argudioa. Nafarroako Industriaren «osasuna» goraipatu du ere bai. Kontseilariak eskaini dituen datuen arabera, gaur gaurkoz, 91.000 langile daude industrian lanean, duela 10 urte 65.000 zeudenean.
Nafarroako Gobernuaren «prestutasuna» eta «engainamendua» berretsi du. Halaber, BSHk jaso dituen dirulaguntza publikoak itzuli beharko dituela azaldu du, kopuru «handiak» izan ez arren. Likidazioa argudiatzeko «aitzakiak» erabili izana leporatu dio enpresari, «galerak izan ez dituen enpresa» delako. «Lehiakortasun faltarena aitzakia baino ez da».
Santos Cerdanen ustelkeria auziak baldintzatuko ote du Nafarroako Gobernua?
Ez du erantzun argirik eman. Santos Cerdanek eta PSOEk azalpen «irmo» eta «sendoak» eman behar dituztela adierazi du. «Ezinbestekotzat» jo du hori, eta «premiazkoa» dela gehitu du. «Geroa Baik ez ezik, herritarrek ere azalpen argiak merezi dutelako», aldarrikatu du. Bere alderdiaren baitan auzia «ongi baloratzeko» bilduko direla azpimarratu du azkenik.



