En direct

Gazteek aurkeztutako proiektuek ikusmin handia piztu dute Areatzan paseoan zebiltzan herritarren artean. «Harrituta geratzen dira ikusita zenbateko gogoarekin eta pasioarekin aurkezten dituzten gazteek beren proiektuak», Elhuyar Fundazioko STEM proiektuen arduradun Danel Solabarrietak. Gainera, nabarmendu du ez dela gauza bera lana irakasleari aurkeztea edo kaleko jendeari azaltzea, eta horrek «bereziki motibatzen» dituela gazteak.
Azokari buruzko xehetasunak
Azokaren izena "Zientzia Azoka" izan arren, ikuspegi zabalagoa dute antolatzaileek: zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikaren (STEM) uztarketa bilatzen dute. Proiektuen abiapuntua beti izaten da gizarteari lotutako erronka bat, eta ikasleek erronka horri erantzun bat ematen saiatzen dira, zientziaren eta teknologiaaren bidez.
Aurten, lehen aldiz, osasunarekin lotutako proiektuek hartu dute protagonismoa, ingurumenari lotutakoak baino gehiago aurkeztu baitira. Hain zuzen, aurkeztutako lanen %40k osasuna dute ardatz, eta horren barruan mikrobiologia, kutsadura eta osasun mentala bezalako gaiak aztertzen dira. «Covidaren ondorioz etor daitekeen joera bat izan daiteke», azaldu du Solabarrietak.
Azokako proiektuak
Proiektuei dagokienez, teoria hutsetik harago joateko eskatzen diete gazteei: datuak bildu, prototipoak garatu edo esperientzia praktikoak abiapuntu hartuta lan egitea. Solabarrietak adibide gisa aipatu du, ikasle talde batek beren eskolako inguruan bizi diren pertsonekin elkarlanean poztasuna eta depresioa neurtzeko ikerketa bat burutu zutela, komunitateari lotutako ikuspegia oinarritzat hartuta.
Gainera, proiektu batzuek arnas luzeko ibilbidea izaten dute. «Iaz aurkeztu zen prototipo bat aurten berriz aurkeztuko da hobekuntzekin», azaldu du Solabarrietak. «Horrek erakusten du ikasleek euren proiektuak propio sentitzen dituztela eta eskola orduz kanpo ere lanean jarraitzen dutela».
Maiatzaren 31n banatuko dira sariak, eta epaimahaiak hainbat irizpide izango ditu kontuan: hasierako ideiaren kalitatea, prozesuaren garapena, emaitzak, komunikazio gaitasuna eta baliabideen erabilera, besteak beste. Solabarrietak zehaztu du, «Ez dugu teknologia garestienaren alde egiten, baizik eta proiektua modu egokian azaltzeko baliabide egokiena erabiltzen duenaren alde».


